2015-08-18

DIRUA GALGARRI


















DIRUA GALGARRI
Mariano Izeta
(Auspoa, 1962 / Euskaltzaindia, 2015)



            Jatorri euskaldunekoak badira ere, Parisen egiten dute lan Jean Pierre Vivier-rek eta Franzis ilobak. Beraien zaintzapean zeukaten diru kopuru handia desagertu egin da bulegotik, baita Franzisen altzairuzko erloju dotorea, osabak oparitutakoa.
            Poliziek erdi hilik topatu duten gaizkileetako batek esandako azken hitzen hariari tiraka, iritsiko da Claudet komisarioa gaizkileak topatu eta atxilotzera. Baina lapurrek, presiopean egonda ere, ez dute lau milioien desagerpena bere gain hartuko. Friederick erlojugile azkar eta maratzari –egile beraren antzeko bat– esker argituko da kasua.

            Pertsonaiak ez dira oso sinesgarriak, bere paperean estu eta zurrunegi agertzen dira. Euskaldunak fededunak dira, dudarik gabe. Emakumea etxekoandrea da, ez besterik. Kontakizuna denboraren katean emanda dago, salto eta gauza “arrarorik” gabe. Bukaeran sorpresatxoa gordetzen du istorioak.

            Polizia kontakizun xalo eta sinplea, topikoz betetakoa, eratu zuen egileak. Pentsamolde arrazista samarrak eta bortxakeriaren aldekoak erdikusten dira zenbait eskenatan. Euskal polizia nobelaren hastapenak (aurretik Hamabost egun Urgainen geneukan) koka genezake narrazioa eta, egun, hori da bere baliorik handiena.

            Ez du lan handirik irakurtzeak eta gustagarria izan daiteke ordu parea emateko. Euskalkia gozatu nahi izanez gero, Auspoa-ren edizioaz hobeto.

Rafa L.



Sautrelan BeƱat Sarasolak esandakoak:



Euskal polizia nobelaren bilakaerari buruzko zerbait gehiago jakiteko:

2015-08-15

PRIME TIME






PRIME-TIME
John Andueza
(Elkar, 2014)







            Bizkaian gaude, Bilbo inguruan. Telbistako bi pertsonaia ospetsuk –Aginaga eta Sotillos– bere buruaz beste egin dute oso tarte laburrean. Hanka-sartze mundiala egin ondoren Ertzaintzatik bota zituzten Bala eta Klemente orain detektibe dabiltza, bizitza aterako badute. Lukas Montxonek, auto-istripu batean elbarri geratutako telebistako aktoreak, kontratatu ditu detektibe hasi berriak; ez baitirudi oso konforme Ertzaintzak emandako bere bi lankide ohien suizidioaren aldeko iritziarekin. Denek kasua itxitzat eman arren, Balak eta Klementek jarraituko dute ikerketarekin eta halako batean hirugarren hildakoa –telebistako Zuzendaria– azalduko da bere txaleteko igerilekuan. Hari bati eta besteari tiraka gure detektibe berexiek hiltzaileak bere azioak aitor ditzan lortuko dute.

            Telebistako pertsonajeen artean suertatzen diren inbiriak, zeloak, ideia-lapurretak, mendekuak dira mintzagai nagusia. Kutsu umoretsuaz ematen da istorioa. Elkarrizketan etengabe bermatzen da kontatzekoa, beraz, irakurterraza egiten da narrazioa. Hizkera oso kalekoa da. Pertsonaiek prestatu edota intrepretatuko dituzten telebistako gidoi-zatiak tartekatu egiten dira narrazioan. Bukaeran, hiltzaileak egingo duen aitorpenaren gidoia ematen da plasta-plasta; irakurleak ez du pentsatu behar izango, dena eginda ematen baitzaio, gure garunek  Bala eta Klementerenak baino motelago ibiltzerik izango dute.


            Aurretik irakurri genizkion liburuetan baino emaitza borobilagoa lortu du Anduezak. Nabari da telebistako ekosistema honen ezagutza. Mediaren sotoei buruzko zerbait gehiago ikas genezake Anduezaren eskutik. Gure iritzian, azkeneko laurogei orrialdeak soberan daude, beharrik gabe luzatzen dute liburua. Azkenekoa izan ezik, istorioa zabalik utziko duen orrialde hori. Irakurri; gustuko izango duzue.

Rafa L.






DV-n azaldutako iruzkina:

2015-08-01

TXINAKO KOADERNOAREN MISTERIOA















Voltaire kaleko abenturak – 6
TXINAKO KOADERNOAREN MISTERIOA
P. Baccalario
(Mezulari, 2013)


            Theophile Brocard liburu-saltzailea hil egin da. Bere emazteak salduko ditu dendako guztiak. Barduchon gazteak erosi ditu hango liburuak eta Annettek topatuko du koaderno berezia –liburu-saltzailearen egunerokoa dena– material haren guztiaren artean.

            Barduchon andreak azokan bilduko duen informazioarekin, Valentinek Leopold Bocardekin –hildakoaren anaiarekin– izandako elkarrizketan lortutakoarekin eta beste hainbatekin Theophile Brocardek nobleziaren partaidea izateko grinaren berri izango dute Voltaire kaleko ikerlariek. Kasua argitu eta poliziaren esku utziko dituzte gaizkileak

            Volataire kalekoen abentura guztietan azaldutako gako eta pasarteak izango ditu honek ere: Valentine kazetariaren laguntza “profesionala”, Victorren gaizkileen saltsen ezaguera ezinbestekoa, Barduchon andrearen informazio zorrotzak eta bileretako egindako gozoki apartak, eta Barduchon gaztearen “bi zaldikoan” egindako jazarpen eroak.


            Betiko osagaiekin abentura berri eta erakargarria osatu du oraingoan ere egileak, irakurketa arina, atsegina eta harrapatuko zaituena. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L.


2015-07-25

GIZON GOGORRAREN SEKRETUA








GIZON GOGORRAREN SEKRETUA
Xabier / Martin Etxeberria
(Elkar 2015)





            Reynald Harreguy –Erre, denentzat– poligono industrialeko lliburu-biltegi batean bizi da ia klandestinoki. Zailtasunetan dabilen Laminados lantegiko lapurretaren biharamunean Gorria –sindikalista borrokalaria– arbolan zintzilik azalduko da. Errek, justu gau hartan sekulako aitzurra harrapatuta, ez ditu bezperakoak gogoratzen eta beldur da  bera ote den hiltzailea. Joseba –Jota– lagun hartuta, kasua argitzeko lanetan hasi da Erre, bere burua lasaitzeko gehienbat. Bidean izua, zoriona, benetako adiskidetasuna, M sexu-langilearen maitasuna eta beste hainbat biziko ditu.

            Pertsonaiak eta akzioa ez dira oso sinesgarriak, baina horrek ez du axola handirik eta oso dinamikoa egiten zaigu saltorik gabe kontatutako istorioa. Elkarrekin ondo lotutako pasarte motzetan ematen zaigu kontakizuna. Hizkera batzuetan gordintxoa da eta politikoki ez zuzena, baina bizi-bizia beti .Pertsonaia-klase asko azalduta, azaletik bada ere, gai ugari ukituko dira: enpresari dirugoseak, mafiak, sindikalgintza ustela, polizia barneko gorabeherak, erdipurdiko editorialak, marginalitatea…


            Mozorro garaian burutzen da ekintza eta hasieran umoretsu eta irri giroan hasten bada ere, bukaerako ihauteri parranda basatiek uzten ohi diguten gorputzaldi txarra eta sentipen nahasiak eragingo dizkigu kontakizunak.

Rafa L.




Elkarrizketa Euskadi Irratian: 

2015-07-16

TANGERREKO AMETSAK



















TANGERKO AMETSAK
Jon Arretxe
(Erein, 2011)

Jon Arretxek azken liburuetan erabili izan duen formularen ildotik egin du Tangerko ametsak nobelan ere: trama beltza + bidaia. Hobe nahian Europara egin beharreko ibilbidean Maliko eta, oro har, Afrika beltzeko gazteak nahiko errazki iritsiko dira Maroco itsasertzera, baina Europarako saltoa lan nekezagoa izango da. Hau da Moussa gure protagonistaren kasua, Bamakotik iritsitako gaztea beste hainbatekin bilduko da Tangerren bere aukeraren zain. Norbaitek ez du hau begi onez ikusi eta zuzenean “garbiketa sakona” egitea erabaki du.
Nobela honetan, ordea, hildakoek ez dute inoren jakin-mina piztuko eta inor ez da hilketekin arduratuko.
Bukaeran istorioak salto egiten du patua, aztikeria eta misterioaren aldera. Eta zoritxarra saihestu ezinezkoa denaren zapore garratza utziko digu kontakizunak.

Arretxeren aurreko liburuetan zeukana baino pisu gutxiago du “gidarenak” azken liburu honetan. Apika bidaiarientzako aholkutzat har daitezkeenek garrantzia handiagoa dute Tangerko leku aurkezpenak baino. Aurreko beste liburuetan erabili izan duen umoretik ez dugu ikusi kontakizunean; izan ere, egoerak ere ez dira oso jai girokoak.
 Agian gai gehiegi ikutu nahi izanak intentsitatea kendu die guztiei eta, itxura, axaletik landuta geratu dira. Emakumeen sexu-esplotazioa, ume gaixoen egoera tamalgarria, pateren mafiak, poliziaren ustelkeria, turista “zintzoak” eta “gaiztoak”… ez dugu oso argi ikusten zein den idazleak gehien azpimarratu nahiko lukeen gaia.
Linealki kontatuta dagoen istorio batean, txertatu egiten dira hilabete batzuk geroago gertatuko denaren flash modukoak, oso azkenean bi azpistorioren arteko zerikusia argituz.
Pertsonaiak ondo taxututakoak dira eta sinesgarriak egiten zaizkigu. Beharbada, supituki Fatimari protagonista papera kentzen dion Laurari buruzko zerbait gehiago jakin nahiko genuke.


Erraz eta gustura irrakurtzen den nobela da. Oso aldatuta ikusi dut idazlea: serioago, tristeago. Irakurri, merezi du-eta.

(Liburu hau, Toure-ren trilogia baino lehenagokoa da)

Rafa L.




2015-07-12

VIOLET PARK-EN BIDETIK





VIOLET PARK-EN BIDETIK
Jenny Valentine
(Alberdania, 2008)


            Bere lehenengo nobela honetan Jenny Valentinek Lucas gazte Londrestarraren berri emango digu. Lucas gazteak kasualitatez egingo du topo Violet Parken errautsekin. Zergatik oso ondo ez dakielarik, sentimendu bitxi batek lotuko ditu protagonista eta Violeta izandakoa. Gaztea pianistaren nondik norako guztiak argitzeko abenturan murgilduko da.
            Etxetik alde egin duen aitarenak ere argituko ditu. Prozesuan hasi, eta heldu egingo da Lucas. Ume sinesbera izateari utzi eta nagusien munduko etsipen eta ezintasuna egingo dira Lucasen jabe.
            “Horixe da, itxura denez, hazten garenean egiten duguna: nahiko ez genukeen gauzei aurre egin eta onartu inor ez dela izaten uste dugun modukoa, askotan ezta antzekoa ere”.
            Lucasen barne bidaia honen kontakizunean eta akzio pasarte urrien artean, egileak protagonistaren gizarteari, amodioari eta-betez ere- familiakoari buruzko ideia fresko, ezohizko eta zirikatzaileak eskainiko dizkigu. Ikuspegi umoretsua, baina aldi berean zorrotz eta mingotsa ere.

            Oso irakurketa entretenigarria. Guztiz gomendagarria heldu nahi duten gaztetxoentzat (zer jandilaje klasearekin bizi behar izango duten erakutsiko diena), eta askotan gazteak beti ume gisa tratatzeko tentazioa dugun helduontzat ere gomendagarri.

Rafa L.


2015-07-09

KAMOREN IHESALDIA









KAMOREN IHESALDIA
D. Pennac
(Elkar-Branka, 1998)


            Mutiko ameslaria da Kamo. Bere amak lagun batzuen etxean utzi du, bere erroen bila abiatu baita bidaian. Kamo eta bere lagunak, abentura sinple eta sentiberatasunez betetakoak bizi izango dituzte, Kamok istripua izan arte. Koman egongo da Kamo, eta bere arimak bidaia handia egingo du egokiera hau aprobetxatuta; bere arbasoenganako bidaia, bere birraitonarekin bat egiteraino.

            Oso liburu eta kapitulu laburretan, sentimendu handien berri emango zaigu. Adiskidetasun sakonaren berri, gorrotorik gabeko saminaren berri, guraso eta seme-alaben arteko erlazio osatu eta libreen berri emango zaigu. Hau dena, Pennac-ek ohi duen tonu intimista, goxo, apalean.


            Azaletik liburu erraza irudituko bazaizu, pentsarazi egingo dizuna da. Emozionatzekoa. Merezi duen liburua.

Rafa L.

2015-07-08

KALIFORNIAKO NESKAK


KALIFORNIAKO NESKAK
Josemari Iturralde
(Ibaizabal, 2000)


            Anuxka, Ainhoa eta Risky Amerikara doaz oraingoan. Udan ingelesa ikasteko asmoz joango dira Kaliforniara eta hango bizimoduaren eta gazte jendearen bitxikeriak ezagutzeko parada izango dute. Une alaiak, festa girokoak, biziko ditu Anuxkak: latz eta larriago beste batzuk ere. Arraro egingo zaizkio gizarte aberats hartako giroa eta neska eta mutilen arteko harreman ohiturak. Azkenean onik bueltatuko dira denak etxera.

            Istorio bat beharrean, badirudi kapituluen bilduma dela liburua. Ez dago liburuan zehar kontakizuna gidatuko duen haririk eta osotasuna falta nabaria da. Pasadizoak nahikoa sinesgaitz –edo, gutxienez, arrotzak- egiten zaizkigu eta sorpresa handirik gabeko kapituluak metatuz osatzen da liburua.


            Risky eta lagunen liburuak irakurri izan duzuenok badakizue nolakoak diren. Honelako beste bat da hau. Ezin esan irrikitan irakurtzen den horietakoa denik!

Rafa L.  








2015-07-06

HLKETA LOKARTUA



HILKETA LOKARTUA
A. Christie
(Igela, 2008)


Gwenda eta Giles gazte ezkonberriak Inglaterrara datoz bizi izatera. Gwendak aukeratutako etxeak oroitzapenak esnaraziko dizkio eta gogora  ekarriko oso umetan izandako ikuspegi lazgarria, bere amaordearen hilketarena, alegia.
Hemen iragarki bat jarriz, han eta hor galdezka ibilita, eta Marple andereƱoaren laguntza paregabeaz; bikote gazteak lortuko du urtetan ezkutuan eta ahaztuta zegoen hiltzailea agerian gera dadin.

Agatha Christieren beste liburu bat. Ez literatura puntakoena, baina bai denbora-pasa atsegina. Aurretik proposatu izan ditugun egile honen liburuak atsegin suertatu bazaizkizu, hau ere gustura irakurriko duzu.

Rafa L.


2015-07-01

HAYDN-EN LOROA



HAYDN-EN LOROA
Felipe Juaristi
(Aizkorri, 2003)



            Inork espero ez zuena gertatu da Zarautzeko hondartzan: barku bat iritsi eta bertako hareetan geratu da trabatuta. Barkuak kolorez eta istorioz beteko du kostaldeko herri horretako bizitza egun batzuetan. Ontziaren aitzakian alkatea, musika irakaslea, dendaria eta beste hainbat herritar ezagutuko dugu eta beraiek izango dira istorio xinple, naif, kuttun eta erakargarri honen protagonistak.

            Irudi freskoak eta kolorea dira nagusi eta hauei lotutako sentsazioak sortaraztea izango zen seguru aski idazlearen asmoa. Liburu estetizista honetan kontatutakoak ez du pisu handirik.
            Hau dela eta, gaztetxoentzat erakargarri izango ote denaren zalantzak. Agian gaztetxoentzako eginda izan, baina bereziki helduei gustatu ohi zaien liburuen zerrendan sartu beharko dugu hau ere, Printze txikia, Krokodiloa edo egile beraren Animalien ihauteriarekin batera? Batek daki!


            Oso liburu irakurterraza da bestalde, musikari buruzko pasarte eruditoegi batzuk dira zailtasun bakarra. Gustura irakur daitekeen liburua iruditzen zaigu, baina lehen aipatutakoen antzeko liburuekin izandako esperientzia kontuan edukita, ez gara ausartzen irakurtzen bultzatzera. Beno, erabakia zuen eskuetan dago! Probatu eta gero esan!

Rafa L.