2015-05-18

TRISTEZIA, ZER BERRI












Bonjour tristesse (1954)
TRISTEZIA, ZER BERRI
Françoise Sagan

(Erein-Igela, 2014)



     Cécile. hemeretzi urteko gaztea, aitarekin joango da uda-pasa alokatutako txaletera, Kostalde Urdinera. Aita-alabak oso harreman aske eta begirunezkoa dute. Alaba ez da aita alargunaren amodiozko kontuetan sartzen eta Raymondek, bere aldetik, neska bere kautan utziko du uneoro. Hain erlazio perfektuan Anne azaldu eta desoreka sortuko. Anne aitaren aspaldiko laguna da, adinean aurrera dagoena, zentzuduna, emakume indartsua. Etorri eta familia antolatzen hasiko da andre paristarra: Elsa —Raymonden amorante gaztea— etxetik botako du, Cyril —Cécileren lagun mina— etxetik uxatuko, aitarekiko ezkontza prestatzen hasi eta Cécile batxilergoa osatzeko falta zaion filosofia ikastera behartuko du.

     Cécilek aurre egingo die Anneren planei, azpijoko eta amarru guztiak erabiliz, gauzak lehenera buelta daitezen gogor ekingo dio; nahiz eta batzuetan aitaren lagun zaharraren familia normaltzeko ahaleginak barren-barrenetik eskertu. Uda bukatuko da, gauzak errotik aldatuko dira.


     Narratzailea Cécile bera da eta bere pentsamenduaren berri zuzena ematen digu etengabe: amodioari buruzko bere burutapenak. Kapitulu motzetan emandako istorioa, era linealean aurkezten da. Aberaskumeak dira protagonistak, esne-mamitan ohituak, frustrazio txikienik jasango ez duten gazte eta gazte-nahiak.


     Duela hirurogei urte oso eskandalugarria izan omen zen liburua, egun istorio arruntatxoa irudituko zaigu. Ez du interes handirik eta irakurtzeko eskatuko digun nekea (hizkera ez da sinplea) jartzeko prest egonez gero, badaude gauza hobeak irakurketaz gozatzeko.


    (DBH goimailetako ikasleentzat bakarrik)

Rafa L.



Liburuan oinarritutako pelikula egin zen 1956. urtean. Zatia ikusgai:

https://www.youtube.com/watch?v=65jFlT1_SFM



2015-05-02

AITA GUREA









AITA GUREA
Iñaki Irasizabal

(Elkar, 2015)


                Familiak lehendik aurrera ateratako tailerra kudeatzen hasiko da Nagore bere aitak izandako istripuaren ondoren. Neskak ez dauka inolako eskarmenturik horrelako lanetan, baina tematu egingo da; izan ere, beti gauzak erdizka utzi izan dituenak negozioa txukun kudeatzeko erronkari ekingo dio buru-belarri. Bere buruari eta goinentzekoei erakutsiko die gauza dela, drogazaletasunaren mamuak aspaldian utzi zituela atzean.
                Baina dirua lortu ezean, planak pikutara joango dira. Orduan, Ibonek –garai zailetako lagunak— droga-lapurreta proposatuko dio. Azkenekoa izango dena, arazoak betiko uxatuko dituena. Gauzak, ordea, ez dira beti norberak pentsatu izan bezala ateratzen.

                Egileak ez du astirik “galtzen” pertsonaien edo ekintzen kokapenen deskripzioetan. Justu zertzelada batzuk: Mungia eta Bilboko auzo batzuen aipamena. Akzioa eta akzioa. Istorioa ez da oso sinesgarria batzuetan, baina beti entretenigarria eta gozatzeko modukoa;  azkarra, erritmo bizikoa. Garatutako hezurdura duen narrazioa, lastima gihar apur gehiago ez izatea.

                Irrakurri, primeran pasako duzue eta erraza egingo zaizue.

Rafa L.