2015-03-10

DUMITRU


DUMITRU
Koldo Izagirre
(Erein, 2014)


           Dumitru gaztea eta Cosmin bere aita –kale-musikaria– Euskal Herrira etorri dira, bizibidea ateratzeko asmoz. Olatz Dumitruren ikaskidea da institutuan eta bien arteko maitasuna-edo sortuko da apurka-apurka. Felisak, Olatzen amatxiak, kale-musikariaren doinuak gozatu izan ditu behin edo behin. Sorpresa handi hartu izan du Felisak Cosmin musikaria Olatzen lagunaren, Dumitruren, aita dela jakin duenean.
            Garai gogorrak dira denontzat: Dumitruk-eta etengabe jasaten dute autoritatearen jazarpen itogarria. I-phone baten asmatutako lapurretaren aitzakian auziperatu nahi izango dute mutil errumaniarra. Olatzen amak Teknobask enpresan zeukan lanpostua galduko du, erregulazio baten aitzakian, bere borroka sindikalari emango dioten zigorra eta  mendekua.

            Oso hurbileko pertsonaiak marraztu dizkigu idazleak. Nahiz eta ezikusiarena egin, Kale kantoietan topatzen ditugu egunero Cosmin bezalakoak, gurekin gelan daude Dumitru bezalakoak, gehiegitxoetan jasaten dituzte langileek Martak jasandako bezalakoak, denok gogoratzen dugu gure Felisa bezalako amona zoragarria.

            Baina bizitzak herrestan eramango ditu pertsonaiak, ez beti leku atseginetara. Ibai boteretsuak arrain txikiak sakatzen dituen moduan. Izan ere, Danubioa ez da gehiago ibai urdin eta alaia, trumiltsu datorren ibai zikin-beltza baizik.

            Zoragarria. Irakurri beharrekoa.  

Rafa L.        




2015-03-01

HUTSAREN ITZALAK








HUTSAREN ITZALAK
Jon Arretxe
(Erein, 2014)



            Toure detektibe-aztiari buruzko hirugarrengo kontakizun hau aurrekoetan —bereziki 612 euro nobelan— agerikoa zen umore puntuarekin hasiko da Bilboko Liburu Azokan. Toure mozorrotuta ikusiko dugu berriz ere bizibidea ateratzearren. Irria utzita, berehala bideratuko da istorioa alde ilun eta gordinagoetatik.
            Sirak, Parisen bizi den Toureren alabak, bisitan etorriko zaiola abisua eman dio aitari. Detektibeak paperik ez eta mugan arazorik ez izateko, Sa Kene —Kristina— joango da Hendaiaraino neskari harrera egin eta aitarenganaino laguntzeko. Baina Sira ez da iritsi geltokira. Trenbideetako langileei galdetzen hasita, Sa Kenek jakin du Toureren alaba haur txiki batekin zetorrela aita ikustera. Eta neskaren sakelakoaren arrastoari jarraituz, Siraren paraderoaren peskizan hasiko da Toureren lagun farmazialaria.
            Toure bilduko zaio Kristinari eta, ustekabean, Bidasoako mugaz alde bietan aritzen den mafia boteretsuaren aurkako borrokan murgilduta aurkituko dute beren buruak. Une latzak pasa beharko dituzte ataza horretan.


            Oraingo honetan, 612 eurorekin alderatura, Toure oso bestelako gaietan murgilduta ikusiko duzue. Kontakizuna behartuagoa-edo doa, zalantzati, Toure bera bezala. Toure lekuz kanpo ikusiko dugu eta irribarrea ezabatuta. Istorioa, nire iritziz, ez da aurrekoa bezain borobila. Hala ere, gustura irakurtzen den liburua da. Anima zaitezte!

Rafa L.