Showing posts with label FAMILIA HARREMANAK. Show all posts
Showing posts with label FAMILIA HARREMANAK. Show all posts

2016-02-11

URPEKARIAK

















URPEKARIAK
Fermin Irigoien
(Erein, 2015)


              Jonanen aitari –Joxemiri– ez doazkio gauzak oso ondo Martarekin, emaztearekin, eta elkarri atsedenalditxoa ematea erabaki dute bikotekideek. Lagun batek apartamentua utzi dio Joxemiri eta bertara joan dira aita-semeak egun batzuk lasai pasatzeko asmotan, independentzia lortu berri duen Catalunyako kostaldera, L’Estartit-era . Urperatze-bataioa egingo dute ia iritsi bezain azkar. Eta ontzian beraiekin urperatze saioan egondako Luus eta Dael, ama-alabak, izango dira oporraldiko lagun. Egun zoragarriak izango dira  Jonanentzat, inoiz amestutako bizipenak gozatuko ditu. Baina zorionak ezin iraun betiko.

                Kontaketa arina eta erritmo onekoa da gehienetan. Idazleak beste digresioei (politika, lexikoa…) eutsi egiten die maiz eta haria eten egiten da horrelakoetan. Narratzaile orojakile batek ematen digu askotan pertsonaien pentsamenduen berri, nahiago genuke istorioak berak erakutsiko baligu. Irakurleari ere zuzentzen zaio idazlea, testuaren asmo pedagogikoa aitortuz, naxkante samar gertatzearen beldurrez (ironiaz?). Badauka horrelako kutsu bat.

                Baina, oro har, oso gustura eta erraz irakurtzen den istorioa da. Arina, freskoa, baikorra bere tristean. Irakur ezazue, gustatuko zaizue. Ez egin dudarik!

Rafa L.


Berrian:

Liburuaren aurkezpena:
http://www.erein.eus/noticia/urpekariak-fermin-etxegoien



2015-06-05

WATSONDARRAK


WATSONDARRAK
The Watsons -1817-
Jane Austen

(Denonartean, 2014)

          Watson jauna eskasian bizi da, ez ditu bere alabentzako ezkontza “on” bana adosteak eskatzen dituen diru eta posizioa. Horregatik Elizabeth, alaba zaharrena, etxean, aita zaintzen geratu den bitartean; aitak beste hiru alabak ahaideen  etxeetara bidali ditu, ea urrutiko herrietan fortuna egiterik duten eta senargai egoki bat harrapatzen.
            Emma alaba gazteena hala egon da izebaren etxean, eta etxera bueltan denean Surrey bailarako “neska berria” izanda, inguruko galai guztien jomuga bilakatuko da. Bere manera gozo eta abegitsuekin arrakasta itzela lortuko du eta denak hasiko zaizkio gorteiatzen etengabe.
            Eta ez dugu gehiago jakingo. Bukatu gabeko nobela baita hau.

            Duela berrehun urteko kontuak. Handinahiez bizi den gizarte bat marratzen du kontakizunak. Alabak “ondo ezkontzeaz” aparte beste helbururik ez duten familiak. Ez da besterik espero andrazkoengandik: dantzak, jantzi dotoreak, hutsalkeria eta senarra diruduna atzematea. Sendia pobre samarra izanda trageria are handiagoa izango da neskentzat, eta bere bertuteak nabarmentzera behartuta egongo dira uneoro.


            Hasieran irakurketa zaila egin dakiguke perpaus luze eta korapilotsuekin. Baina azkar ohituko gara eta istorioan erraz murgilduko. Oso arrotz egingo zaigu gizarte giroa, oso urrutiko eta aspaldiko kontuak begitanduko zaizkigu. Duela pare bat mende emakumeei buruz pentsatzen eta idazten zena (baita emakume idazleek ere) ezagutu ahal izango dugu. Eskerrak atzera geratu diren kontuak direla! Ala ez?

Rafa L.





2015-05-18

TRISTEZIA, ZER BERRI












Bonjour tristesse (1954)
TRISTEZIA, ZER BERRI
Françoise Sagan

(Erein-Igela, 2014)



     Cécile. hemeretzi urteko gaztea, aitarekin joango da uda-pasa alokatutako txaletera, Kostalde Urdinera. Aita-alabak oso harreman aske eta begirunezkoa dute. Alaba ez da aita alargunaren amodiozko kontuetan sartzen eta Raymondek, bere aldetik, neska bere kautan utziko du uneoro. Hain erlazio perfektuan Anne azaldu eta desoreka sortuko. Anne aitaren aspaldiko laguna da, adinean aurrera dagoena, zentzuduna, emakume indartsua. Etorri eta familia antolatzen hasiko da andre paristarra: Elsa —Raymonden amorante gaztea— etxetik botako du, Cyril —Cécileren lagun mina— etxetik uxatuko, aitarekiko ezkontza prestatzen hasi eta Cécile batxilergoa osatzeko falta zaion filosofia ikastera behartuko du.

     Cécilek aurre egingo die Anneren planei, azpijoko eta amarru guztiak erabiliz, gauzak lehenera buelta daitezen gogor ekingo dio; nahiz eta batzuetan aitaren lagun zaharraren familia normaltzeko ahaleginak barren-barrenetik eskertu. Uda bukatuko da, gauzak errotik aldatuko dira.


     Narratzailea Cécile bera da eta bere pentsamenduaren berri zuzena ematen digu etengabe: amodioari buruzko bere burutapenak. Kapitulu motzetan emandako istorioa, era linealean aurkezten da. Aberaskumeak dira protagonistak, esne-mamitan ohituak, frustrazio txikienik jasango ez duten gazte eta gazte-nahiak.


     Duela hirurogei urte oso eskandalugarria izan omen zen liburua, egun istorio arruntatxoa irudituko zaigu. Ez du interes handirik eta irakurtzeko eskatuko digun nekea (hizkera ez da sinplea) jartzeko prest egonez gero, badaude gauza hobeak irakurketaz gozatzeko.


    (DBH goimailetako ikasleentzat bakarrik)

Rafa L.



Liburuan oinarritutako pelikula egin zen 1956. urtean. Zatia ikusgai:

https://www.youtube.com/watch?v=65jFlT1_SFM



2015-05-02

AITA GUREA









AITA GUREA
Iñaki Irasizabal

(Elkar, 2015)


                Familiak lehendik aurrera ateratako tailerra kudeatzen hasiko da Nagore bere aitak izandako istripuaren ondoren. Neskak ez dauka inolako eskarmenturik horrelako lanetan, baina tematu egingo da; izan ere, beti gauzak erdizka utzi izan dituenak negozioa txukun kudeatzeko erronkari ekingo dio buru-belarri. Bere buruari eta goinentzekoei erakutsiko die gauza dela, drogazaletasunaren mamuak aspaldian utzi zituela atzean.
                Baina dirua lortu ezean, planak pikutara joango dira. Orduan, Ibonek –garai zailetako lagunak— droga-lapurreta proposatuko dio. Azkenekoa izango dena, arazoak betiko uxatuko dituena. Gauzak, ordea, ez dira beti norberak pentsatu izan bezala ateratzen.

                Egileak ez du astirik “galtzen” pertsonaien edo ekintzen kokapenen deskripzioetan. Justu zertzelada batzuk: Mungia eta Bilboko auzo batzuen aipamena. Akzioa eta akzioa. Istorioa ez da oso sinesgarria batzuetan, baina beti entretenigarria eta gozatzeko modukoa;  azkarra, erritmo bizikoa. Garatutako hezurdura duen narrazioa, lastima gihar apur gehiago ez izatea.

                Irrakurri, primeran pasako duzue eta erraza egingo zaizue.

Rafa L.


2014-04-05

SKATERRAK - ERTZEAN





SKATERRAK – ERTZEAN
Mikel Valverde
(Giltza, 2013)


     Eba oso arduratuta dago Adrian seme gazteenak egun osoa etxe-zokoan irakurtzen ematen duelako. Bestetik, Imanolek, zaharrenak, ez dio Adriani kasu zipitzik egiten eta beti dago parkean bere lagun skaterrekin jauzi berriak entsaiatzen bowlean. Anaia biak elkarrekin ateratzera behartuko ditu amak. Koadrillaren skate pista berriak topatu nahiak katedrale ingurura eramango ditu eta han Adrianen jakin-minak topo egingo dugu argitu beharreko ezkutuko batekin: elizako bitxi batzuen desagerketa. Gazteek ikerketari ekingo diote gogotsu.

       Gasteizen oso antzeko hirian kokatu da istorioa. Oso kontaera klasikoa egiten da: hirugarren pertsonan eta denbora jauzirik gabe. Ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak, nahiz eta  azaletik ikusiko ditugun. Istorioaren korapiloa ahultxoa da, agian eta ez sinistekoa hainbat pasartetan. Ebaren familia “normal” bat izateko obsesioa izango da hasi eta buka.
       Irakurterraza da eta hiztegi arazorik ez duzu izango. Kapitulu motzak dira irukurketaldi laburtxoei oso ondo egokitzen zazikio.

       Ebak uste izan du Adrian gaixotasunak jota dagoela hainbeste irakurtzeagatik. Horretan oker dago skaterren ama. Liburua jauzi sinistezinak eginaraziko dizkizun skaterra da. Egizu lehenengo honekin. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L. 


e-liburutegian eskuragarri





2014-02-11

MAITE-MAITE ILE-APAINDEGIA

Maite-maite ile-apaindegia
Marie-Audie Murail
(Elkar, 2012)
 
                Louis Feyrieres ez dabil oso txukun eskolan. Mutilaren aitak, zirujau ospetsuak, etengabean jartzen dio eredu gisa Ludovike, ospitaleko lankide baten semea eta Louisen ikaskidea. Apur bat mokoraino dago Louis Ludovike Jasonekin.
                Eskolako praktikak egiteko ordua iritsita, amona joaten den ile-apaindegian egingo diote txoko bat Louis gazteari. Han giro atsegin eta lasaia topatu eta ofizioarekin –eta bertako jendearekin- zaletzen hasiko da mutila eta eskola betiko utzi nahirik ile-apainketa hartu nahi izango du bizibide. Mutil bizkorra da, iaioa eta gauzak aidean ikasten dituena.
                Maite-maite ile-apaindegian ia semetzat hartuko duen Madame Maiterekin egingo du topo. Eta etengabe bera xaxatzen diharduen Priscille, langintzako sekretuak erakutsiko dizkion Lucky eta jipoitzen duen bikotea jasan behar duen Clara  erakargarria ezagutuko ditu.
                Bricek, aitak, betidanik gutxietsi izan du eskulana eta gogor joko du semeak egindako aukeraren kontra. Mutilak, estreinakoz bizitzan, aitarekin talka egingo du eta bien arteko enfrentamenduak goia joko du.
 
                Pasarte solte eta laburrez osatutako kontakizuna. Pertsonaia asko pasatzen da istorioan zehar eta horrek mugimendu eta bizitasuna ematen dio; baina ez digu astirik emango pertsonaien bizipenak sakonetik ezagutzeko. Gai asko (eskola-porrota, bakardadea, aukeratu beharraren estresa, amodioa, emakumeen aurkako bortizkeria…) ukitu izan dira, oso gainetik ukitu. Giro burgestxoko protagonista batzuk (eskola pribatu garestiak, tenis kluba…) eta jende xeheagoa egingo dute bat istorioan, baina aparteko kontrasterik gabe.
 
                Bukaerako istorioa pastelegi bilakatu, tentsio-puntua galdu eta sakabanatu egiten da. Hala ere gustura irakurri egiten den liburua da. Denbora-pasa balekoa.
 
Rafa L.
 

 

2013-08-16

ZUBI HAUTSIA

 











ZUBI HAUTSIA
Philip Pullman
(Erein, 2005)

               Ginny Galeseko herrixka batean aitarekin, Tonyrekin, bizi den 16 urteko neska da. Bat-batean ezagutzen ez zuen anaia, Robert, zeukala jakin du gazteak eta Tony mamam ez zen Janetekin ezkonduta egon dela oraintsu arte. Janet hil berria da eta  Llangynogera etorriko zaie Robert beraiekin bizi izatera.  Etorkizuna eraikitzen hasteko ereduen bila dabil Ginny. Aitari, gizarte-laguntzaileari, aitona-amonari galdezka, bere erroen bila hasiko da Ginny eta itaunak eta zalantzak pilatzen zaizkio. Bera jaio eta berehala hildako ama artista –Anielle- izan zitekeen, agian,  bide zuzenaren erakusle-aintzindaria. Rhianon lagunak esanda badaki aukeratu behar izango duela besteekiko atsegina ala sexya (indartsua) izan nahi duen, baina hautatu ezinik dabil neska. Bere bizitzan garrantzi apartekoa izan behar al du azal ilunekoa izateak?

                Pertsonaia gehiago azalduko zaizkigu, bakoitzak bere neura apurtxoa gehituz nahastean: aitona jipoitzen duen amona, Ginnyk ligatu nahi izan duen Andy lagun homosexuala, Joe Chicago oso ondo ez dakigun zertan dabilen “txupaz” jantzitako mutil konfliktiboa… eta beste batzuk gehiago.

                Pertsonaia gehiegi, elkarrekin loturatik gabeko soberako gauza gehiegi kontatu nahi: maltratoa, vudua, zubi batean behinola gertatu izandako istripua, margolaritzari buruzko komentario trinkoegiak gehi ulergaitzak egiten zaizkigun galeserako hitz dexente… irensteko nahiko lehor egiten den ore pisua osatuko da. Baina iritzi honekin larregi fidatu gabe, irakasleok ez baikara gehiegi enteratzen nerabeen gauzekin, ondo legoke liburuarekin saiotxoren bat egitea.

 Rafa L.


 

Beste hizkuntzetako irakurleen iritziak jakin nahi izanez gero:






2013-05-19

 
 

BLOG
Jean-Philippe Rondel
(Alberdania, 2012)
 
          Aita “arduratsua” da Philippe, protagonistaren aita, eta semearen bizitzan –blogean- kuxkuxeatzeko aukera izan duenean, buru-belarri hasi da horretan. Zabarki egin du, ordea, eta semea azkar asko konturatu eta kargu hartu dio aitari. Ordainetan, aitak bere nerabezaroko sekretu guztietan arakatzeko bidea eman dio semeari. Behinola nerabe maitabera, arduratsua, ekintzailea, handiak pairatutakoa izan zena deskubrituko du semeak orain artean horren grisa iruditu izan zaion bere aitarengan.
          Eta denon bizitzan hain garrantzitsua den amodioa ere hor egongo da.
            Kapitulu oso motzetan, erritmo handiaz hasten da kontakizuna eta gogoeta sakonagoetan egin ahala patxadatsuagoa bihurtzen, eta irakurketa arretatsuagoa eskatuko dizu. Protagonistak bera kontatuko digu bere bizitzaren berri; eta, bide batez, bere aitarena. Urduri samar jartzen naute protagonistaren izena jakitera iristen ez garen istorioak.
Guraso eta seme-alaben arteko harreman mota ireki eta egiatiak aurkezten zaizkigu. Inbidia apur bat sentituko dugu denok: gurasoak garenok bai, behintzat; pentsatzekoa da seme-alabek ere harreman jatorragoa nahi izango duzuela aita-amarekin. Baina… litekeena da nerabe batekin horren “banda zabala” izatea?  Posible da aita edo ama dinosauru batek bere prehistoria edukitzea, eta... kontatu nahi izatea?
Pastel samarra, baina gustatuko zaizu.
 
 
Rafa L.
 
 

 



2012-11-12

ULTRAMOREA


ULTRAMOREA

Nancy Huston

(Alberdania, 2012)


Kanada aldeko Albertako herrixka batean bizi da Lucy. Aita eliza protestanteko artzaina da eta familian bizi den giroa nahiko itogarria egiten ari zaio neskari. Mundua ulertzeko premia larriak jota dago Lucy. Jainkoari buruzko zalantzak, nerabezaroko komunikatu beharrak ezin ditu ase guraso tradizional horiek eta umeak besterik ez baititu etxean. Libreta beltza izango da bere aukerako laguna eta berari kontatuko dizkio bere barneko guztiak.
Baina neskaren salbazioa izango da Bernard. Alderrai dabilen gizona da Beauchemin doktorea. Elizako artzainak bere etxean hartuko du lan egiteko baimena galdu duen medikua eta adiskidetasuna baino zerbait gehiago dena sortuko da Bernard eta Lucyren artean. Neskak Bernardekin esandako eta bizitako guztiak kontatuko dizkio bere egunerokoari eta, bide batez, guri.
Lucy bera da narratzailea, oso gertutik biziko ditugu bere ardura eta ezinegona.
Kapituluak motzak dira oso. Pentsarazten digun irakurketa da, baina ez zaigu batere astuna egingo (benetan esaten dizuet).
1936. urtean  pentsamoldeak eta kezkak aspaldiko kontuak irudi dakizkiguke, baina egun gaztetxoek bizi dituztenetik ez dabiltza oso urrun. Animatu eta irakurri.
Rafa L.


Zatitxo bat irakurgai duzue helbide honetan: