Showing posts with label MISTERIOA. Show all posts
Showing posts with label MISTERIOA. Show all posts

2016-11-19

33 EZKIL





33 ezkil(a)
Miren Gorrotxategi
(Elkar, 2016)


     Garizmendi baserrian bizitza ez da inoiz erraza izan. Fermin maiorazkoa eta Estanis anaia etxearen jabegoa eta emakume bera –Karmen– lortzearren ibili ziren lehian askotan. Eta borroka horren ondorioak pairatuko dituzte etxeko umeek: Aitor eta Nestor –Karmen eta Ferminen seme bikiak–. Urteak pasatakoan, Nestorri geratuko zaio familiaren kargua. Bera artista da eta ez du maite baserriko lana. Maite, Berta maite du, baina aspaldian utzi zuten –neskak utzi zuen Nestor–. Nahiz eta, berriro bueltatuko diren esperantza txikia eduki, bai mutilak, bai Karmen amak; honek izugarri maite du Berta, semeak behar duen taiuzko neskatzat baitu.

     Estanisen negozio zikinek eta diru-goseak ekarriko diote hondamendia familiari. Eta Ferminen apustuetako grinak ere izango du zerikusirik etxekoen zorigaitzarekin eta bere heriotza tristearekin. Ertzainek ikertuko dituzte gertakariak.

     33 Kapitulu motzetan aurkezten da istorioa. Egun gertatzen ari den historiaren zergatiak argitzeko atal bakoitzaren bukaeran  flash-back modukoa ematen da, aurrekariak azaltzeko. Kontatu nahi diren antzinako gertakariek ez dute beti oraingoetan isla. Eskema hau agian zurrunegia egiten da eta kontakizunari enbarazu egiten dio.

     Hasieran interesa pizten duen narrazioak indarra galtzen du aurrera egin ahala. Baina merezi du. Idazlearen estreinakoa da, etorriko dira borobilagoak.

Rafa L.





2015-06-10

ARRISKUPEAN

 ARRISKUPEAN
Fernando Morillo
(Ibaizabal, 2003)


            Gure inguruan dagoen edonork, pertsonaia arruntena izanda ere, gorde lezake sekreturik handiena. Ustekabean egingo du Isuskok tupust honelako kasu batekin. Institutuko pertsonarik atsegin eta amultsuenak ezkutuan gordetzen zuen iragan iluna arakatzen arituko da Isusko, Ibairen laguntzaz. Hau dela eta, abentura arriskutsuan ibiliko dira murgilduta kuadrillako gazteak.

            Aurreko kapituluetan martxa handiz hasi eta interesgarria oso egiten zaigun istorioa moteltzen joango da aurrera egin ahala eta bukaerako sinesgaitza eta nahikoa topikoa bihurtuko da. Zergatik? Agian; idazleak ez ditu pertsonaiak behar bezala lanean jartzen bere ekintza, gorabehera eta bizipenen bitartez misterioa argitu dezaten, eta ordenagailu “orojakilearen” truko errazean erortzen da behar baino gehiagotan.
            Bestela esanda, badirudi oraingo honetan idazleak oso ondo ezagutzen ez dituen nazioarteko espioitza eremutan ibili dela eta, noski, galdu samar dabilela; bestetan maisuki erabili izan duen (Izar Malkoak) sinesgarritasunetik  urrun.

            Hala ere, entretenigarria, erraza eta di-da batean irakurtzen den liburua da eta egilearen punta-puntenekoa ez bada ere, merezi du.

Rafa L.







2014-04-30

AVIS ETA ALBA - HILDAKOEN EREMUAN


AVIS ETA ALBA
Hildakoen eremuan
Aitor Arana
(Ibaizabal, 2013)



                 Ez daukagu oso argi zergatik ote, baina Avis, Karlos,  kale gorrian dago, memoria galduta eta bizirik irauteko ahaleginetan. Eskolan Alba hurbilduko zaio eta lagun minak bilakatuko dira. Avisek hilerriekiko zaletasun bitxia erakusten du eta, joera honi eta gazte misteriotsu baten laguntzari esker, Niko katatonikoa, bizirik hilobiratu dutena, salbatzea lortuko du. Gazte misteriotsu honek oso gertutik jarraitzen ditu Avisen urratsak, baina ez dugu berari buruz ezer asko jakitea lortuko.

                Oso datu gutxirekin montatu behar dugu gure pelikula liburu hau irakurtzean. Ez dago argibiderik, ez deskripziorik, ez logika handirik automatikoki mugitzen diren pertsonaien ekintzetan. Istorio osoa hotzak jota dago. Ilustrazioak ere bide bera darama eta ez dio gure irudimenari asko lagunduko. 

                Trilogia bateko lehenengo liburua izanda, hurrengoetan gauzak apur gehiago argituko direla espero dut. Baina berandu izango da, niretzat behintzat. Avisek eta Albak izan dute bere aukera eta lau orduko irakurketan ez dute ni harrapatzea lortu.
 
Rafa L.

 


2014-04-05

SKATERRAK - ERTZEAN





SKATERRAK – ERTZEAN
Mikel Valverde
(Giltza, 2013)


     Eba oso arduratuta dago Adrian seme gazteenak egun osoa etxe-zokoan irakurtzen ematen duelako. Bestetik, Imanolek, zaharrenak, ez dio Adriani kasu zipitzik egiten eta beti dago parkean bere lagun skaterrekin jauzi berriak entsaiatzen bowlean. Anaia biak elkarrekin ateratzera behartuko ditu amak. Koadrillaren skate pista berriak topatu nahiak katedrale ingurura eramango ditu eta han Adrianen jakin-minak topo egingo dugu argitu beharreko ezkutuko batekin: elizako bitxi batzuen desagerketa. Gazteek ikerketari ekingo diote gogotsu.

       Gasteizen oso antzeko hirian kokatu da istorioa. Oso kontaera klasikoa egiten da: hirugarren pertsonan eta denbora jauzirik gabe. Ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak, nahiz eta  azaletik ikusiko ditugun. Istorioaren korapiloa ahultxoa da, agian eta ez sinistekoa hainbat pasartetan. Ebaren familia “normal” bat izateko obsesioa izango da hasi eta buka.
       Irakurterraza da eta hiztegi arazorik ez duzu izango. Kapitulu motzak dira irukurketaldi laburtxoei oso ondo egokitzen zazikio.

       Ebak uste izan du Adrian gaixotasunak jota dagoela hainbeste irakurtzeagatik. Horretan oker dago skaterren ama. Liburua jauzi sinistezinak eginaraziko dizkizun skaterra da. Egizu lehenengo honekin. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L. 


e-liburutegian eskuragarri





2012-12-20

ITSASLABARREKO ETXEA


     Galdu egin dut liburu honi buruzko fitxategia. Berriro irakurri behar izango dut. Bien bitartean egizue bilaketa bat Google-n informazioa topatzeko.

   Oraindik orain Miren Agur gure eskolan egon da bigarren mailako ikasleei "Urtebetea itsasargian" bere liburuari buruz hitz egiten. Galde iezaezue nolakoa den eta kontatuko dizuete

 
Rafa L.

2011-08-30

IZU-IZUA

 
IZU-IZUA
Jokin de Pedro
(Elkar, 2012)
 
Hiru kontazkizunek osatzen dute liburua, beraien artean lotura edo zerikusi handirik gabekoak. Lehenegoan istorioan kontatzen zaigun ipuinean, bi iheslarik elkarrengandik libratzeko moztu behar izandako besoaren gorabeherak datoz. Luzeena izanda liburuari izena ematen dion bigarrena Hitchcocken Psycoren errekreazio bat da. Hirugarrena bere sabela ondo artatuko duen sukaldaria zaintzeagatik hiltzaile bat etxean edukiko prest dagoen sibaritarena.
Konteketak era linealean egiten dira, arin eta atseginak egiten zaizkigularik. Izu-izua narrazioan lotuegi dago Alfred Hitchcocken pelikularekin. Filma berrikusi behar dudala gogorarazi dit; eta zuei ere, agian, komeni lekizueke filma gogoratzea liburuari ekin baino lehen.
Misterio eta suspentse handiko ipuin gisa publizitatu direnak, ordea, ez dira zirrara minimo bat eragitera iristen. Hizkuntza zoragarria erabiltzen du Jokin de Pedrok bere kontakizunetan; baina zorionez gure literaturarentzat joan zen euskara joriak istorio pattaltxo bat zuritzen zuen garaia.
 
Rafa L.