2011-12-20
COCA-COLA ERDI AROAN
COCA-COLA ERDI AROAN
M.A. Mintegi
(Ibaizabal, 1999)
Espeleologia zaleak dira Aitor eta Mikel. Behinola bere afizioan zihardutela, “istripu” berezia izanda, amildu egin dira denboraren zurubian eta Erdi-Aroraino lerratu egin dira, elkarrengandik galdu eta abenturan hasi.
Ahaide Nagusien arteko liskarren garaia da, Ataun inguruak oso daude diferente. Jendea estuasun handietan bizi da: beldurrak eta pobrezian.
Aitor bere lagunaren bila hasiko da berehala eta Diegorekin elkartuko da. Bahitu egin dioten maiteƱoaren bila dabilen mutila da Diego. Gazte biek elkarri lagunduko diote bere adiskideekin atzera elkartzeko.
Asko argitzen ez den historia-saltoaren amarrua erabilita, antzinako euskaldunen bizimodua erakusten digu idazleak eta, bide batez, egungo gure bizimoduarekin konparaketa egiten.
Leku izenen hesiak mugatu egiten du apur bat kontakizunaren eremua, baina istorioa erakargarria suertatzen da goierritarrak ez garenontzat ere.
Pertsonaiak oso gainetik daude marraztuta. Etengabe daude mugimenduan eta, noski, ezin haien argazki txukunik egin. Akzioa da nagusi; azkar doa istorioa.
Inoiz irakurri ez baduzu Mintegiren libururik, hau izan liteke abiapuntu aproposa. Aldiz, ni bezala, liburu honetara iristen bazara Mintegiren ondorengo beste lan batzuk ezagutu ostean, “Coca-Cola Erdi-Aroan” honi berde kutsua aterako diozu; idazle ataundarraren ondorengo lanak askoz ere borobil eta landuagoak baitira. Baina, hala ere, sasoi hasierako fruituen grazia berezia hartuko diozu istorioari.
Rafa L.
Idazleari buruz gehiago jakiteko:
http://www.idazleak.org/euskara/idazleak/migel-anjel-mintegi-larraza?q1=
2011-12-18
MATTIN MOTTELA
MATTIN MOTTELA
Jose Mari Satrustegi
Ibaizabal
Herri kondairetan oinarria hartuta, Mattin Mottela pertsonaia sortu du Satrustegik. Munduan bakarrik geratu den gaztetxoa, herri heroia bihurtuta, gaizkiaren aurka eta ahulen mesedean borrokan arituko da. Beti ausart, beti burutsu eta argi; aurrera egingo du Mattinek.
Eskena soltetan ematen zaigu istorioa. Pasarte guztiak kitzikagarri eta sorpresaz beteta. Benetako literatura herrikoia.
Satrustegiri buruzko gehiago jakiteko:
Subscribe to:
Posts (Atom)