SUKKWAN IRLA
(Legend of a
Suicide, 2008)
David Vann
(Denonartean,
2012)
Roy ez zuen nahi, baina azkenean
aitarekin joango da Alaskako irla bakarti batera urtepasa. Aita zaintzea
du helburu, bere buruaz beste egin zezan beldurrez baitzegoen familia osoa. Natura
biluzian, zaila da aita-semearen arteko elkarbizitza eta negu
gogorrerako prestaketa lanetan murgildurik dauden bitartean eramangarria bada
ere, elurte betierekoaren eraginpean ezinezkoa da. Pertsonaia biak bere baitara
bilduko dira. Zoritxarrak bietako bat eramango du eta bestea ihesean abiatuko
da, kulpa-sentimenduetatik eta ezinatiko ezinezko ihesean.
Jim, aita, harreman egonkorretan
ez da seguru sentitzen eta zehazki zer den ez dakien zerbaiten bila dabil.
Gizon bakartia da, baina bakarrik egoteari beldur dio. Royk, hamahiru urteko semeak,
aita maite du, baina bere aitaren umezain izatea langintza astuna suertatuko
zaio: bere bizitzari uko behar izan dio aitarena gordetzearren.
Ez abenturarik, nahiz eta mugimendu
handiko hainbat pasarte izan. Ez natura-libururik paisaia deskribapen topekoak
baditu ere. Kontakizuna latza, itogarria, depresiboa. Hasieran geldoa, oroitzapen
eta hausnarketen gainean eraikita; bukaeran, isolamendua apurtutakoan, ihesa
ero baten kronika bihurtuko dena.
Oso indartsu eta ondo sentitzen
garenean irakurtzeko istorioa. Baxu samar bagaude, hobe paso egitea.