2017-06-19

KONTXAKO HAUR GALDUAK




KONTXAKO HAUR GALDUAK
Seve Calleja
(Erein, 2017)

     Sorosleen etxolan bilduta daude hondartzan galdu diren umeak. Gabarroiraino joan dira hamabi umeak, Kontxako badian ospatzen ari den Piraten Abordaia bertatik bertara ikusteko. Baina gabarroia askatu eta nabigatzen hasi da bere kasa; “eskifaiakoak” lo geratu dira eta kobazulo batean esnatu.
Neska-mutilak salbatu eta babestu dituena Soinu da, oso zarpail jantzita eta zeharo itxura bitxia duen gizon basatia. Biharamunean, Soinuk etxera bidali ditu lagunak, eta zaharrenei bisitan bueltatzeko eskatu die, beti ere gogoan ipuin bat eta aldean mokadutxoa dakartelarik. Eta sekretua gordetzeko.
Bueltatuko dira lau nagusienak: Malen, Ainhoa, Denis eta Urko. Eta Felix ere elkartuko zaie. Felixek eskolan bullying jasaten du ikaskideengandik. Santa Klara uharteko ezkutuko kobazuloan Soinurekin geratzeko asmoa du Felixek, eguneroko gogorrari ihes egitearren.
Soinuk istorio piloa daki eta gehiago jakitearen irrikitan dago. Zergatik?

     Kontakizunean dozenaka kondaira, istorio eta historia daude txertatuta. Batzuk oso ondo azalduta daude, besteak ozta-ozta aipatu egiten ditu idazleak uhartearen zaintzailearen ahotan, gure jakin-nahia eta istorio-gosea piztuz.

     Koadrillako neska-mutilak hamabi urte ingurukoak izanagatik ere, liburua ez da soilik adin horretako jendearentzat. Irakurri eta gozatu liburuan azaltzen diren eta gehienetan kresala usaina duten istorio hauekin. Izugarri gustatu zait (eta tokitan daude nire hamabi urteak!)

Rafa L.




Idazlea


2017-05-18

IRAGANIK GABE












IRAGANIK GABE
Felipe Juaristi
(Erein, 2017)

     Venezia neska gazteak gizona topatu du parkean, jipoituta, galduta eta aurpegia desitxuratuta. Etxera eraman du eta aitona Abelen laguntzaz sendatu egin du eta zaindu. Nikolas jarri dio gizonari berak ez baita gauza bere izenarekin gogoratzeko, ezta beste ezerekin ere. Aitonak polizia jakinaren gainean jarri beharko luketela pentsatzen du. Venezia, aldiz, liluratuta dago lagun berriarekin eta bere ondoan izateko egin ahalak egingo ditu. Istilu ederrean sartuko dira. Ez dugu gehiago kontatuko.

     Istorioa hunkibera izateko elementu tipikoak ditu: neska abandonatua, aitona amultsua, munstro onbera, polizia zintzoak. Istorioa nahasi samarra da eta saltoka dabil pertsonaia batetik bestera. Egiantz handirik ez, ezta beharrik ere.

     Bada gustorago irakurri dugun Juaristiren lanik, baina honek ere merezi du. Irakurri eta komentatu.

Rafa L.






Liburuaren hasiera irakurri nahi izanez gero:
http://www.erein.eus/media/primeros_capitulos/primer_capitulo1219.pdf

Eta egilea Arantxa Iturberekin solasean Euskadi Irratian:
http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/arratsean/osoa/4812491/felipe-juaristi-iraganik-gabe-arratsean-euskadi-irratian/

2017-05-14

POLITIKA ZIKINA






POLITIKA ZIKINA
IƱaki Irasizabal

(Elkar, 2017)



     Udal hauteskundeak izan dira hirian. PSE-EEk uste baino emaitzak kaskarragoa lortu ditu. Artean alkatetsa izan den Ainhoa dimisioa ematera behartu dute orain. Martak hor ikusi du bere aukera eta, langabezian geratu berri den Joseba bere mutil-lagunaren lankidetzaz, alkatetzarako asaltoa prestatzen hasiko da. Ainhoa partidu barneko azpi jokoetan zakur zaharra izatez aparte,laguntzaile azkarra eta aparta du: Pipermin. Buruz buru arituko dira talde biak zein hobeto kokatu barne borrokarako.
     Artean kazetari interesatuak, partidukideei traizio egiteko beti prest dauden militante inbiriaz gainezkakoak, beste alderdietako jende fin eta atsegina; mota guztietako giza-espezimenak azalduko dira.
     Zeharka bada ere gai asko ikutuko dira: euskara, jenero indarkeria, pobrezia... apuntetxoak dira.

     Hasieran, desagertu den Idoia, legebiltzarreko aholkularia, protagonista dela ematen du; gero Marta izango da istorioaren zentroa eta, azkenean, Joseba egingo da kontakizunaren jabe. Nahasgarri samarra. Pertsonaiak ez dira oso sinesgarriak. Askotan era bitxi eta barregarrian jokatzen dute.

     Istorioa oso pusketa labur eta arinetan ematen da: irakurerraza. Oso ondo ulertzen ez den denbora saltoa (eta txertatutako istorioa) du hasieran. Sare-sozialetan dago nobela honetan ere istorioaren gakoa. Gazte literaturan deus ex machina erabiliegia jada.
    Ez dugu politikagintzari buruzko sekretu handiak ikasiko, baina ordu parea entretenituak pasa ditzakegu.

Rafa L.




Egilearen hitzak:https://www.youtube.com/watch?v=mswIyI0AyTk

2017-04-04

LIBURUAREN EGUNA 2017


LIBURUAREN EGUNA 2017

Apirilaren 23an liburuaren eguna ospatuko dugu.
Gu oporetan egongo gara.
4.DBH ko ikasleak bidaian egongo dira geroago.
Horregatik aurten on-line egingo dugu urtero Aralar BHIko ikasleen artean egin ohi dugun zozketa.


Hiru komiki zozketan 







Egizue iruzkina (post a comment) eta erantzun galdera honi:

Zertarako irakurri?


Ezer okurritzen ez bazaizu hauetako bat kopia dezakezu.

Irakurri neke handirik gabe urrutira bidaiatzeko.
Irakurri jende eta lagun berriak ezagutzeko.
Irakurri maitatzeko edo maitatzen ikasteko.
Irakurri tristurak uxatzeko.
Irakurri zorionari deitzeko.
Irakurri bizi izandakoak oroitzeko.
Irakurri denbora aisago pasatzeko.
...

Ea erantzun-bilduma polita osatzen dugun denon artean.

Ondo bizi eta asko irakurri!

Zozketa egin dugu aplinet.org erabilita:
Beraz hauek dira saridunak:

Alex A. - 2A
Igor Y. - 2A
Xiker Seoane - 4B

Ostegunean, maiatzaren 18, jolasorduan, sariak jasotzea.
Hurrenkera hori jarraituz aukeratuko duzue zuen komikia.
Irakasle gelan izango dituzue komikiak, ikusi ahal izateko.
Saria jasotzen ez baduzue, berriro zozketatuko da.

Mila esker parte hartu duzuen guztiei !


2017-02-25

NOMADA




NOMADA
Aitziber Etxeberria
(Erein, 2016)



    Nikolay Zaitsev direla urte batzuk utzi zuen Hanoi hiriko Sobiet Batasuneko enbaxadan zuen lanpostua; 1972an antzinako enbaxadorea –Vladimir Morozov– amerikarren bonbaketa batean hil ondoren. Nikolay egun Vietnameko Ur-Txontxongiloen konpainiako partaidea da eta pasaportea berritu behar du, bere taldekideekin Europara –Tolosako jaialdira– bidaiatu ahal izateko.
     Oraingo enbaxadoreak –Ivan Kozlov– susmoak ditu Nikolayrekin, traidoretzat dauka eta artelanen lapurretan nahasturik egon daitekeela pentsatzen du. Nikolay enbaxadara deituko dute eta itaunketa larria pasa beharko du.
     Nikolay Zaitsevek bere bizitza-oroitzapenak aletuko dizkio Kozlovi. Eta guk jakingo dugu nola 1937. urtean Nikolas Manterola mutiko oriotarrak, denak utzita, Habana  ontzian sartu eta alde behar izan zuen Euzkadin eragiten ari ziren sarraskitik ihesi. Atsekabeen katea luzea izango da: Leningradoko setioa, babestu eta izena eman zion familiaren galtzea (Josef eta Valentina), bakardadea…

     Historiako pertsonaia eta gertakizunetan oinarrituta bada ere, istorioa berehala galtzen da oso sinesgarriak ez diren bidetatik. Falltan sumatzen dira erreferentzia historikoak (2. Mundu Gerra, Vietnamekoa…), pertsonaia batzuei buruzkoa (Stalin, Ho Chi Minh…) fikzionatutakoa hobeto kokatzeko.

     Nobela erritmo biziz hasten da, eta thriller itxura hartuta dabil aurreneko kapituluetan, baina Nikolayren kontakizun esklusiboak moteldu egiten du narrazioa. Agian Nikolasek plasta-plasta kontatzen diguna “ikusteko” eran eman izan balitzaigu, istorioak hobeto mantenduko zukeen interesa.

     Sorpresaz eta atseginez hasi nintzen liburua irakurtzen, baina kosta egin zait bukatzea. Ea zuei ez zaizuen gauza bera gertatzen! Ez nuen Aitziberren lanik ezagutzen, ea aurreko lanak irakurtzeko paradarik dudan.

Rafa L.

Aitziber Etxeberria


Hermitage museoa


La Danse - Henri Matisse
Josefek salbatutako koadroa

Liburuaren hasiera irakurtzeko:
http://www.erein.eus/media/primeros_capitulos/primer_capitulo1199.pdf

2017-02-09

EZ LEMAIO



EZ LEMAIO
J.K. Igerabide
(edicionesbeta.com, 2016)

XV. mendearen hasieran gaude, Deba Garaia bailaran. Oinaztar eta ganboarren arteko borrokak etengabeak dira. Oinaztarrak fuerte dira Aramaion, Martina Butroe eta gero bere semea Joanikote buru dutelarik. Ganboarrek OƱatiko jauna –Eneko Gebara–  dute buru. Bando bietakoak egunero ari dira  sestran eta txikizioak elkarri eragiten.

Bi herri horien artean Arrasate dago, joera bietako biztanleak bizi dira bertan. Soluziobide bitxia hartu dute: bi alkate dituzte arrasatearrek, bat oinaztarra  –Juan Ortiz Guraiako–, bestea ganboarra –Pedro BaƱez erremintaria–, nekez, baina nola-hala bi gizataldeen arteko oreka baketsua mantentzea lortzen dutenak. Gero Garxot BaƱezek hartuko du bere osabaren lekua.

Garxot errementari fina da (eta borrokalari baldarra, baina eraginkorra).  Ingalaterrara ere joango da ere bere ofizioa erakustera. Han Sir Gwain –Mahai Borobileko zaldunetatik bizirik geratzen den bakarra– ezagutuko du eta betiko lagun bilakatuko dira.

Deba Garaian, bi leinuen arteko pakea oinordeko gazteen ezkontza-tratuen bidez lortu nahi izan dute, baina ahalegina hutsean geratuko da. Arrasate herrian lortutako ongizate eta aberastasunak inguruko jauntxoen inbiria eta gorrotoa piztuko dituzte eta, ondorioz, herribilduaren suntsiketa, erreketa  eta sarraskia ekarriko 1448. urtean.

Kapitulu motzetan ematen da historia. Pertsonaiak oso azaletik marraztuak daude. Istorioa gehiegi galtzen da maitasun kontuetan eta eguneko gertakizun xehetan. Kontakizun historikoa izan nahi du testuak, baina ez du leinuen arteko gatazka zertan zen argi agertzen. Aukeran, eliza-urrin handiegia dario testuari: santuak, abadeak, mojak…

Oso aldatuta ikusi dugu Helena eta arrastiria oparitu zigun idazlea.
Irakurri ea zer iruditzen zaizuen. Niri kosta egin zait bukatzea.

Rafa L.



Juan Kruz Igerabide




OƱatiko Gebaratarren dorretxea

2017-01-30

SATOR LOKATZAK





















SATOR LOKATZAK
Jon Arretxe
(Erein, 2016)


      Bilbon gaude, Bilbo Zaharra auzoan, orain Afrika Txikia deitzen duten horretan. Toure eta bere lagunak harrapatuta daude Mamorroa –ertzain ustela– egiten ari zaien xantaian. Izan ere, polizia horrek badaki duela hilabete batzuk Tourek-eta nigeriar mafiosoak akabatu eta ibaira bota zituztela. Eta etekina aterako dio isilpeko informazio horri: Kristinaren fabore sexualak lortuko ditu, eta Xihab eta Toure bera erabiliko ditu bere auzo-garbiketa plana burutzeko.
     Afrikarrek eta Sa Kenek ezin dute egoera luzaroago jasan eta Mamorroa garbitzeko prest daude.
     Bitartean San Frantzisko eta inguruko kaleetan bizitza puri-purian da. Istiluak, musika, yonkiak, polizia-konfidenteak, kantu eta mozkorraldiak. Denak ikusiko ditugu Toureren begietatikak edota  Mamorroaren kameratako monitoreetan. Asko aldatu da auzoa azken urteotan, Isidro irakasleak, Berebar tabernako tertuliakideak argituko duenez, gentrifikazioa (?) gero eta nabariagoa da: Bilbao Zuriaren inbasioa jasaten ari da Afrika Txikia.

     Toure ez da gehiago auzoan kamerarik ez zegoen garaiko gazte bromazale eta zirikatzaile hura, gorriak ikusitako gizona baizik. Gero eta gorragoak, ilunagoak, latzagoak dira bizirik ateratzeko gainditu beharreko atakak. Ez du aurrerabiderik ikusten. Gorom-Goromera bueltatzeko tentatuta dago askotan.

     Kontakizuna azkar doa. Historia gogorra da eta ez dago gozatuko duen umore puntu handirik. Pertsonaiak aurretik ezagutzen ditugu. Agian ez dira oso sinesgarriak, baina ederki sartzen gaituzte istorioan.

    Tourezalea bazara, ez duzu nobela hau galdu behar. Gozatu Toureren azkeneko abentura izan omen litekeen honekin. Non entzun dut nik horrelakorik?

Rafa L.


Mesedeetako zubia eta inguruak. Nobelaren eskenatokia..



egilearen webgunea: http://www.jonarretxe.net/

liburuaren aurkezpena: https://vimeo.com/195275547


2017-01-04

GEZURREN BASOA



















GEZURREN BASOA
Alberto Ladron

(Elkar, 2016)


     Leire Asiain foruzaingoaren inspektoreak beste kasu ilun bati egin beharko dio aurre. Harkaitz Artundo umea desagertu egin da IruƱeko bere etxetik, norbaitek eraman du. Ordu gutxi batzuk pasa baino lehen mutikoaren gorpua eta bere aitonarena azalduko dira mendiko baso-parajean, errito krudelak jasan izandako zantzuekin.

     Alvaro Artundoren –aitonaren– aurrekariei begira, negozio lohitsuetan ibili izandakoa dela konturatuko da Asiain inspektorea, eta Edurne Iriarte Artundo jaunaren emaztearen kasua ere, duela bost urte bahitu eta betiko desagertutakoa, azalduko da polizien ikerketa-ildoan. Norbaitek Alvaro Artundo hildakoaren etxea suntsitu nahi izango dute erregai-kamioia etxearen kontra bideratuz. Dena korapilatzen da. Leire Asiainek eta bere ekipoak erlojupean egin behar dute lan kasua itxiko ez badiete. Eskerrak protagonistetako batek bere aitorpena egin diola Leireri. Baina dena argituta ematen duenean, Asiain inspektorea zerbait arraroa sumatzen ari da, baita asmatu ere!

     Nafarroa eta bereziki IruƱea da kontakizunaren eskenategia. Pertsonaiak ondo taxututa daude eta sinesgarriak egiten zaizkigu, nahiz eta kontatutakoa gordintxoegia (pederastia, intzestua, indarkeria…) izan batzuetan.


     Irakurketa arina eta entretenigarria egingo zaigu, istorioak harrapatu egingo zaitu eta bukaerak zeharo harrituko. Ez izan dudarik eta hasi irakurtzen. 

Rafa L.


liburuaren aurkezpenaren bideoa

https://www.youtube.com/watch?v=I1whTlUOMqg



Javier Rojoren iritzia DVn (armiarma)

http://kritikak.armiarma.eus/?p=7027