Showing posts with label OHITURAK. Show all posts
Showing posts with label OHITURAK. Show all posts

2016-11-19

33 EZKIL





33 ezkil(a)
Miren Gorrotxategi
(Elkar, 2016)


     Garizmendi baserrian bizitza ez da inoiz erraza izan. Fermin maiorazkoa eta Estanis anaia etxearen jabegoa eta emakume bera –Karmen– lortzearren ibili ziren lehian askotan. Eta borroka horren ondorioak pairatuko dituzte etxeko umeek: Aitor eta Nestor –Karmen eta Ferminen seme bikiak–. Urteak pasatakoan, Nestorri geratuko zaio familiaren kargua. Bera artista da eta ez du maite baserriko lana. Maite, Berta maite du, baina aspaldian utzi zuten –neskak utzi zuen Nestor–. Nahiz eta, berriro bueltatuko diren esperantza txikia eduki, bai mutilak, bai Karmen amak; honek izugarri maite du Berta, semeak behar duen taiuzko neskatzat baitu.

     Estanisen negozio zikinek eta diru-goseak ekarriko diote hondamendia familiari. Eta Ferminen apustuetako grinak ere izango du zerikusirik etxekoen zorigaitzarekin eta bere heriotza tristearekin. Ertzainek ikertuko dituzte gertakariak.

     33 Kapitulu motzetan aurkezten da istorioa. Egun gertatzen ari den historiaren zergatiak argitzeko atal bakoitzaren bukaeran  flash-back modukoa ematen da, aurrekariak azaltzeko. Kontatu nahi diren antzinako gertakariek ez dute beti oraingoetan isla. Eskema hau agian zurrunegia egiten da eta kontakizunari enbarazu egiten dio.

     Hasieran interesa pizten duen narrazioak indarra galtzen du aurrera egin ahala. Baina merezi du. Idazlearen estreinakoa da, etorriko dira borobilagoak.

Rafa L.





2016-03-06

KRESALA





KRESALA
Domingo Agirre
(1906)


                 Kontakizunetan agertzen diren harien artean, Anjel eta Mañasiren arteko amodio historia gorabeheratsuak hartuko du leku nagusia. Izan ere, Mañasi –neska txiroa– ontzi jabearen semearekin maitemindu da. Baina Anjelen familiak  bere mailako norbaitekin elkartu nahi du etxeko mutila. Mañasi kanpora joango da neskame, mutil galanta ahaztu nahirik. Eta aberastasuna maitasunaren gainetik dagoela erakutsi nahi duten hainbat herrikide gogor arituko dira gazte biak elkar ez daitezen.
                Duela mende pasatxoko gizartea marrazten zaigun nobelan. Beste gai batzuk ere azalduko zaizkigu: arrantzaleen bizimodu latz eta nekosoa; emakumeen status penagarria; euskal jendeen kristau-fede errotuegia; herri txikiko jaun txikien jauntxokeria galantak; abadeen pentsamendu nagusikeria; jai, festak eta dolu egunak; itsasoaren haserre betierekoa.
               
                XX. mendearen hasieran prentsan atalka argitara emandako eszena solteak osatzen dute kontakizuna, 1906. urtean liburu batean bildu zirenak, eta kontakizunaren lotura ahulak argi erakusten du jatorri hau. Pertsonaiak alde bakarrekoak dira, xinpleak. Kontakizuna kronologikoki emanda dago. Ez dago atzera-saltorik. Narratzailea orojakilea da, batzuetan irakurleei ere zuzentzen zaiguna. Bizkaieraz dago idatzita. Itsasoari buruzko hitz berri piloa ikasteko aukera.

                Gure ohitura-nobeletako bat. Klasikoa. Hizkera, lexikoa… horiek dira gaur eguneko irakurlearentzat eduki litzakeen interesguneak; bestela, egia esan, istorioa bera ez da oso erakargarria.

Rafa L.

 egilea

Arranondo, hau da, Ondarroa.

Beñat Sarasola Sautrelan:
 www.eitb.eus/eu/telebista/programak/sautrela/bideoak/osoa/1507006/bideoa-kresala-liburuaren-kritika-benat-sarasolaren-eskutik/

2013-01-23

YOLANDA




YOLANDA
Pierre Lhande

Euskaldunen lurralde garbi eta fededunetara Flandratik etorriko dira arrotzak bazterrak nahastera eta herriko alaba euskaldun ederra laidotzera. Horregatik euskaldunek behar dugu arrotzekin mesfidati izan eta gure lurraldetik bota. Izan ere, zertarako behar dugu kanpokorik gu baldin bagara hoberenak? Jakina da: olari hoberenak, itsasgizon hoberenak, kantari finenak, dantzari lerdenenak... euskaldunak gara.
Kanpoko guztia mehatxu gisa ikusten du nobelaren egileak, eta “euskaldun fededunei” ohartarazten die argi ibil daitezen ohitura arrotz eta pekatuzkoekin.

Kontatzen den istorioa oso da laburra, xinplea, tolesgabea. Neska ontziratuaren erromantzea ekarriko digu gogora; baina, oraingoan, euskaldun zainartek beren nesken ohorea babesten jakingo dute.
Bide batez, euskal folkaren erakusleihoa izango da kontakizuna eta egilearentzat euskaltasunaren muina bide diren aintzinako lan giroa, familia ohiturak, dantzak eta toberak erakutsiko zaizkigu; dena bertso askoz horniturik emaitza herrikoia izan dadin.

Bere garaiko fruitua dugu nobelatxo hau: kristautasun ofiziala, hizkuntza joera garbizalea, nekazal giroaren goraipamena eta abar puri-purian zeuden sasoiko emaitza.

Hara! Hemen ere Joanes agertu zaigu! Kasualitatea ote?


Hala ere, oso gustura irakurri dut istorioa eta ordubete zoragarria eman dut.

Eskerrik asko, armiarma!


Rafa L.

2012-12-09

JOSETXO


Josetxo
J.M. Etxeita
(Labayru)

Hona Literatura Zubitegian topatu dugun kritika:
Klasiko ezezagunen altxorretik
Ritxi Lizartza


"Josetxo"
Jose Manuel Etxeita
Labayru, 1995

Ez dute hedapen handia izaten Labayru Ikastegiaren literatur lanek. Kanpotik ikusita, arrazoi bi somatzen ditugu: batetik, behar bezain ezaguna ez izatea —arazo hau areagotu egiten da euren produkzioa literatura eta literatur kritika dela kontutan hartuz— eta bestetik euskalkian, bizkaiera batuan idatzirik egotea. Orohar Labayru taldeko ikertzaileek Bizkaiko egileen lanak aztertzen eta aurkezten jarduten dute, beren euskalkian landuz eta beraz, bizkaitarrentzat nonbait.
Baina planteamendu hau oso azalekoa da. Bizkaitarrentzat bakarrik dabiltzala pentsatzen dutenek maila handiko azterketak eta ikerketarako ikuspuntuak galdu egiten baitituzte. Badirudi betiko eztabaidan hasteko parada ematen digula gai honek, euskalkian idaztea atzerakoia den ala ez pentsatzea. Ez genuke dialektika horretan larregi sartu nahi, baina oso esanguratsua da beste kultur euskalkietan horrelako joerarik ez izatea eta batua bide bakarztat jotzea.
Lehen kontsumitzaileak irakurle bizkaitarrak dira, baina ez dago sobera urrun ditugun egileak geure egin eta bide batez bizkaiera bera ere geure egiten hastea.
Etxeitaren lehen lana aurkezten digu Adolfo Arejitak, 1909an idatzia. Hitzaurre mamitsu batean, idazle mundakarraren berri ematen digu: bizitza, idazlanak, hizkera... eta "Josetxo" elaberriaren azterketa sakona, irakurketa errazteko.
Ohitura-elaberria da eta XIX. mendearen amaierako giroa erakusten digu: abertzaletasunaren gorakada, euskal bizitza eta ohiturak... Lan gomendagarria da, nobela errealista ere baden hau. "Garoa" eta "Kresala"z gain beste batzuk badirela ere jakiteko.
Argia, 1996-01-14

www.susa-literatura.com

     Ijitoekin azaldu zen Josetxo Mundakara. Bertako baserritar batzuek jaso dute etxean eta bere odolekoa balitz bezala hazi eta hezi. XIX mendeko Bizkaiko kostaldeko bizitza ezagutu ahal izango dugu Josetxoren bizipenak jarraituta. (aspaldian irakurri nuen liburua da eta isotorioaz ez naiz oso ondo oroitzen; baina merezi du, zinez esatenn dizuet). Berrirakurtzen dudanean zabalduko dut komentario hau.
   Bizkaitarrarekin ohitura handirik ez baduzu, kostatuko zaizu hasieran, baina berehala hartuko diozu neurria.

Rafa L.

2009-12-12

GAROA


GAROA
Txomin Agirre
(Argitaletxe Frantziskotarra)

Joanes euskal superman moduko bat da, non bere “pasio” bakarra Jaungoikoa den. Edozein gazte baino indartsuagoa da, fededunagoa, bizkorragoa, iaioagoa eta bihotz onekoa. Ez du parekorik. Bere semeek ere ez, hiru baititu eta hirurak Herkules baino indartsuagoak; baina ez aita adina. Jakin nahi baduzu zer gertatzen den familia “perfekto” honetan, irakurri. Ez zara damutuko.
Garbi-garbi notatzen da liburu hau apaiz batek egina dela zeren ez da erreala. Liburuko protagonista “goapa” eta maitagarria moja bihurtzen du eta Jainkoa goraipatzen du momentuoro.
Ez zait batere gustatu eta gainera luzea da eta ortografian 0 (zero) bat dauka, eta honek arriskua du “memoria ortografikoa”-z hitzak gaizki gogora ditzakegu.
Baserritarra baldin bazara eta beste zereginik ez badaukazu irakurri Garoa: ez zara damutuko!


Iñigo L. 4.B 2005-06
Iñigorena bezain zorrotza izango al da zure kritika librua irakurri ondoren?
Oñatiko zabaletarren baserrian, Joanes izeneko baserritar langile, kristau paregabe eta euskaldun petoa bizi da. Bere bizitzan zehar Euskal Herriko mendiak ezagutzen, hizkuntza maitatzen eta familiaz kezkatzen aritu izango da. Liburuan Baserritarren eguneroko bizitza kontatzen digu apaiz batek.
Miren I. 4B 2008-09
Hainbat moentutan oso gustura irakurri dut liburua, baina orokorrean oso astuna egin zait. Asko gustatu zait Txomin Agirrek erabili duen lexikoa. Aspaldian irakurri dudan libururik itsusiena iruditu zait, bain anorbaitek gure aurrekoak nola bizi izan ziren jakiteko gogoa badu, irakurtzea gomendatzen diot.
Alexandra E. 4B 2008-09
Liburua, nire ustez, zoragarria da, baina denbora asko hartu behar da liburua irakurtzeko. Gainera kontuz ibili behar da irakurtzeko orduan, orain del ehun urteko hizkeran baitago idatzita eta baserritai hizkuntzan. Hori horrela izan arren, liburua irakurtzea gomendatzen diot irakurzaleari, baina -batez ere- euskalzaleari. Anima zaitezte!
Imanol I. 4B 2008-09