2014-12-30


HARRIAN MEZUA
Alberto Ladron
(Elkar, 2014)


            Negu gorrian, gorpuak biluzik azalduko dira Nafarroako mendi tontorretako zutarrietan lotuta, jipoituta, desitxuratuta, putreak janda. Foruzainetako Leire Asiain arduratuko da ikerketaz, eta hilketa horiek prostituzio-sareekin izan zezaketen loturak azaleratzen hasten direnean, kasutik kanpo utziko dute Leire Asiain eta Foruzaingo osoa, dokumentazioetan izandako filtrazioak aitzaki hartuta.
            Ander preso-ohiak paketeak partitzen ateratzen du bizibidea. Ainhoa, bere alaba, desagertu da. Asianek kasu hau ere hartu berria zuen ikerketetatik at utzi dutenean. Baina grinatsu jarraituko du Leirek bere kasa gertatutakoak argitu arte.
           Hasiera indartsua eta erritmo handikoa du kontakizunak, sorpresaz betetakoa, deskribapen ederrak, pertsonaien pentsamendua ageri.
Anderren istorioarekin bat egitean; estandarragoa, lehendik ere irakurritakoa, ez hain landua begitandu egiten zaigu dena.
             Besteetan ere nabaritu izan diogu egileari “bukatzeko presa” moduko hau.
Gertakizunak argitzeko moduak —hiltzaileak egiak botatzea inongo beharrik gabe— hasieran adimen zorrotz ibili izan den irakurlea zapuztu egiten du (eta gutxiesten?).
            Hala ere merezi duen liburua da, entretenigarria. Irakurri.

Rafa L.