HIRU AHIZPA
Juan Kruz Igerabide
(Erein, 2003)
Liburuko istorioa, Juan Kruz Igarabide hain gustuko duen samurtasunaren bidetik abiatzen bada ere, bat-batean ikarako ipuin bihurtuko da gizonezkoen -oso ondo ulertzen ez den- grina gaiztoa dela medio.
Egileak gehiegi azpimarratu nahi izan ditu protagonista diren doktorearen maltzurkeria eta neskatoaren ezjakintasun inuzentea. Ondorioz, pertsonaiak lauak eta sinesgaitzak egiten zaizkigu. Bere alabarengatik edozer egiteko presto dagoen ama izango litzateke hezur-haragizko pertsonaia bakarra.
Umeentzako ipuinen itxura duen istorio gordin, lazgarri eta irreal baten aurrean gaude: funtzionatzen ez duen konbinazioa.
Irakasleak ez dizue liburu hau inoiz gomendatuko, baina ikusita, alde batetik, ikasle eta irakasleen gustuak oso gutxitan datozela bat eta, bestetik, ikasleen betebeharren artean irakasleak esandakoaren kontrakoa egitearena dagoela... proba dezakezue!
Rafa L.
Erein argitaletxeko webgunean dagoen informazioak hau dio:
Hiru ahizpa amarekin bizi dira, laurak jostunak. Aita istripu batean hila dute, eta lana gogor eginez ateratzen dute bizimodua. Ahizpa gazteenak osasun-arazoak ditu txikitandik, eta etxe-medikuarengana joaten da sarri. Ikaragarrikeria bat gertatuko zaio gaixoari... Nobela labur honek amandre-ipuin bat ematen du, baina ez da; ipuin beldurgarri bat ere ematen du, baina ez da; ipuin errealista gordina ematen du, eta hori bada, baina ez hori soilik. Arretaz irakurtzen baduzu, inuzentziari eginiko kantu bat entzungo duzu; bizitzaren indarra ikusiko duzu, ikaragarrikeriaren gainetik igarotzen. Azken batean, hiru ahizpak eta ama bat bera dira.