2006-12-30

1280 ARIMA

1280 ARIMA
Jim Thompson
(Igela, 2006)






Hau da liburuaren kontrazalean topatuko duzuena:


Nick Corey, Pottsvilleko sheriffa, kezkaturik dabil. Ez daki zer arraio egin. Ez du argi ikusten orain dagoen kargurako berriro hautatuko duten ala ez. Ken Lacey aldameneko herri bateko sheriffari joango zaio aholku eske. Bi putazain aspaldian adarra jotzen ari zaizkiola-eta, zer egin behar duen erakusten dionean, berehala beteko du haren esana: jo'ta bertan garbituko ditu biak. Hori hasiera besterik ez da... Ez da erraza aurkitzen eleberri beltzaren mundu osoan Nick Corey bezalako pertsonaia bitxi eta barne-bihurririk, berezko makiabelismoz hain hornitutakorik, oharkabean ere beti azioren bat hain erraz egin dezakeenik. Baina, aldi berean, erdi ergela dirudien sheriff hau, itxurakeriak alde batera utzirik, gauza da boterearen izaera egiazkoa agerian uzteko: giza harremanen katramila askaezinak gain hartzen dionean, parean jartzen zaiona aurretik kentzeko joera nabarmena.

NOSEY PARKER




Liburua irakurri ondoreneko gure iruzkina:


XX. mendearen hasiera da AEBetako hegoaldeko estatu batean. Nick Corey Pottsville herrixkako sheriffa da. Sheriferako hauteskundeak badatozela-eta, arduratuta dabil Nick, bere postua gal dezakeelako. Bere herrikideen konfidantza irabazteko lanari ekin beharrean; bere nagikeriak, harrokeria, tripazalekeria eta sexu-apetak momentuan eskatutakoa asetzeari ematen dio lehentasunak sheriffak. Eta tonto samarra ematen duen Nick anker honek bere ingurukoak erabiliko ditu bere nahiak –askotan burugabeak- bete ditzaten. Pertsonak erabiliko ditu etengabe bere joko baten piezak balira, inongo gizatasunik erakutsi gabe.

Ez da teknika handiko nobela, kontakizuna era linealean ematen zaigu inongo apainketa teknikorik gabe. Izan ere, nobela honetan harritu et asaldatu egingo gaituztenak ekintzak baitira: gordinak, basatiak, sinestezinak. Behintzat, sinesgaitzak izan zitezen nahi genituzkeen ekintzak; baina, tamalez, litekeenak direla onartu behar ditugun ekintzak. Pasadizo lazgarriak, bukaeran ez-gizontzat joko dugun pertsonaia baten gorroto ilun eta basatiak eragindakoak.

Oso gaude ohituta horrelako istorio (historia?) gordinak zineman ikusten; baina, liburuan emanda oraindik gogorragoak egiten zaizkigu; agian gure burua horrelako gauzak irudikatzeko eta idazlearekin batera gure barnean sortzeko gai garelako konturatzen garelako.

Liburu gogorra da. Oso baikor eta indartsu sentitzen bazarete, irakurri dezakezue; bestela, beste baterako utzi.


Rafa L.



2006-11-15

EZTIA ETA OZPINA












EZTIA ETA OZPINA
Patxi Zubizarreta
(Alberdania, 1995)




Selim izeneko gazte arabiar baten pasarteak kontatzen ditu liburuak. Berak txiki-txikitatik amets bat zuen: Frantziara joan eta berasturik bueltatzea bere herrira, bertako haurrei goxokiak “purra-purra” eginez botatzeko. Baina horretarako hainbat frontera pasa beharko ditu eta bidaia horretan bere biziko maitasuna topatu eta hainbat momentu txar eta on igaroko ditu. Beteko al da azkenean bere betidaniko ametsa?

Oso liburu ederra iruditu zait, polita, interesgarria... zer pentsatua ematen dizuna! Hasierakoa nahiko korapilotsua egin zait: izen asko eta zaila ulertzeko. Baina erdialdera gauzak ondo ulertzen dituzu eta oso polita da.

Edozeini aholkatzen diot liburu hau letzeko. Nire ustez, zer pentsatua jartzen du eta beste jendea, arabiarrak... nola bizi diren... ikus dezakezu! Beraz, animatu ipuin hau letzera; pasarte oso polit eta oso ezberdinez osatuta dago-eta!

Leire L. 4B 2005-06



Argian eta Euskaldunon Egunkarian agertu izan ziren kritikak topa ditzakezu hemen:

http://www.armiarma.com/kritikak.htm




2006-10-19

BIZITZAREN GESALA



BIZITZAREN GESALA
Marin Estrada, Pablo Anton
(Elkar, 2000)


Hau da Elkar argitaletxeko webgunean libru honi buruz dagoen iruzkintxoa:

Iniziazio-eleberri eder honetako narratzailea eta protagonista mutiko gazte bat da, bere osaba marinelaren irudi bohemio eta abenturazaleak guztiz liluratuta daukana. Osabaren irudiak eragiten dion mirespena dela eta, marinel izatea erabakitzen du berak ere. Aurki ezagutuko ditu zeruertzeko lerro irestezina zeharkatzeko irrika dutenei itsasoak gordetzen dizkien edertasuna eta gogortasuna.

Animatuko al zara irakurtzen?

2006-06-29

ZER IRAKURRI UDAN?

ZER IRAKURRI UDAN?

Uda zoriontsurik nahi ?
Zoriontsuagoak izateko irakurri !

Blog honetan hainbat libururi buruzko artikulutxoak dauzkazue. Baduzue beraz non aukeratu! Noski, liburutegi edo liburu-dendatik bueltatxo bat egin dezakezue azken boladan merkatura atera diren beste batzuk ezagutzeko. Nik udan hauek izango ditut mesanotxean eta, agian, datorren ikasturteko irakurgaien artean egongo dira:

Inork ikusi ezin duena

Sinclair Smith
Elkar

Kale gorrian
Robert Swindells
Elkar

Erregearen mezularia
Toti Mtz. De Lezea
Zubia

Dantzaldia
Irene Nemirovsky
Txalaparta


Kontatuko dizuet irailean!
Ondo pasa eta tope irakurri (bidaiatzeko era merkeen, azkarren, erosoen eta kitzikagarriena)


Rafa L.

2006-02-15

GLORIA MUNDI


GLORIA MUNDI
Fernando Morillo
(Elkar, 2004)


Energia nuklearrari gizakiek emandako erabilera ikusita, Munduko zientzilari ospetsuenek energia berri iraultzailearen sekretua gordetzea –aktiboki gorde ere- erabakiko dute, aurkikuntza, berriro, gerrarako erabilia izan ez dadin.
Donostiako zientzilari gazte batek –Mireiak- bere kasa topatuko du Sekretu Handia eta honek ekarriko dio heriotza. Josebak, Mireiaren nobio ohiak, mezu bat jasoko du eta jasotzearekin arazoan sartuko da buru-belarri. Bere kazetari lana utzita ikerlari izango da Amaiaren laguntzaz.

Nobelan bi kontakizun nahasten dira. Bata, XX. mendearen erdialdean kokatuta, zientzilari ospetsu batzuen gorabeherak eta ardurak kontatzen dizkiguna, interesgarria, baina gure arreta eta fisikarako zaletasun apur bat eskatzen dizkiguna. Bestea; euskal zientzilari pobre superjakintsuak, detektibe afizionatu superheroiak eta neska madlemanak, CIAko agente parearekin –kubatar ankerra eta kankailu lerdoa- duten istorio naif eta sinesgaitz samarra. Morillo gaztetxoentzako kontaketa eran lotuta geratzen da eta liburuak aurrera egin ahala, indarra galtzen doa istorioa. Azkeneko ezusteari ez dio behar adinako etekinik ateratzen.

Morillok helduen literaturara salto egin nahi izan du, baina erdibidean geratu da. Helduei istorioa oso xinplea egingo zaizue eta gaztetxoei irakurtzea zail eta luze egingo zaizue agian. Zientzia zale edo Morillo zale porrokatuentzat bakarrik!

Rafa L.

2006-02-01

ZERTARAKO HAU GUZTIA?

Irakurzaletasuna bultzatzea obsesio moduko zerbait bihurtu zaigu azken bolada eskoletan. Zergatik ez dute gazteek irakurtzen?
Zer agintzen diegu irakurtzeko?

Irakasleok, gure xalotasunean, besteez fidatzeko joera handiegia dugu. Hau dela eta, askotan jotzen dugu egunkarian, Argian, Kalegatsen edo beste edonon gomendatutako liburuak zuzenean agintzera irakurketa gisa.
Horra hor hanka-sartzea! Zaborra gehiegi dago gazte literaturan, eta kritika beharrean ia dena da promozio hutsa.
Ni behintzat ondo eskarmentatuta nago eta, dagoeneko, ez dut inoiz gelan gomendatzen nik irakurri ez dudan libururik!.

Iritzi horiek bildu nahi genituzke blog honetan: alde batetik, irakasleen iruzkintxoak; bestetik, ikasleenak.
Liburutegian jarri ohi dugun iritzi-koadernoa izan nahiko luke honek.
Asmatuko ote dugu?