PRIME-TIME
John Andueza
(Elkar, 2014)
Bizkaian gaude, Bilbo inguruan.
Telbistako bi pertsonaia ospetsuk –Aginaga eta Sotillos– bere buruaz beste egin
dute oso tarte laburrean. Hanka-sartze mundiala egin ondoren Ertzaintzatik bota
zituzten Bala eta Klemente orain detektibe dabiltza, bizitza aterako badute.
Lukas Montxonek, auto-istripu batean elbarri geratutako telebistako aktoreak,
kontratatu ditu detektibe hasi berriak; ez baitirudi oso konforme Ertzaintzak
emandako bere bi lankide ohien suizidioaren aldeko iritziarekin. Denek kasua
itxitzat eman arren, Balak eta Klementek jarraituko dute ikerketarekin eta
halako batean hirugarren hildakoa –telebistako Zuzendaria– azalduko da bere
txaleteko igerilekuan. Hari bati eta besteari tiraka gure detektibe berexiek
hiltzaileak bere azioak aitor ditzan lortuko dute.
Telebistako pertsonajeen artean
suertatzen diren inbiriak, zeloak, ideia-lapurretak, mendekuak dira mintzagai
nagusia. Kutsu umoretsuaz ematen da istorioa. Elkarrizketan etengabe bermatzen
da kontatzekoa, beraz, irakurterraza egiten da narrazioa. Hizkera oso kalekoa
da. Pertsonaiek prestatu edota intrepretatuko dituzten telebistako gidoi-zatiak
tartekatu egiten dira narrazioan. Bukaeran, hiltzaileak egingo duen
aitorpenaren gidoia ematen da plasta-plasta; irakurleak ez du pentsatu behar
izango, dena eginda ematen baitzaio, gure garunek Bala eta Klementerenak baino motelago
ibiltzerik izango dute.
Aurretik irakurri genizkion
liburuetan baino emaitza borobilagoa lortu du Anduezak. Nabari da telebistako
ekosistema honen ezagutza. Mediaren sotoei buruzko zerbait gehiago ikas
genezake Anduezaren eskutik. Gure iritzian, azkeneko laurogei orrialdeak
soberan daude, beharrik gabe luzatzen dute liburua. Azkenekoa izan ezik,
istorioa zabalik utziko duen orrialde hori. Irakurri; gustuko izango duzue.
Rafa L.
DV-n azaldutako iruzkina:
No comments:
Post a Comment