2013-10-31

EZ ZUTEN ERANTZUN

 
EZ ZUTEN EZER ERANTZUN
Oier Santos
(Erein, 2012)

 

                Koadrilako gehienak unibertsitatean hasi dira ikasturte honetan. Neska-mutilak maila ertainekoak dira (eskuinaldeko bailarakoak) eta bistan da kontsumorako joera itzelaren menpe bizi direla. Parrandarako ametsetan daude uneoro: alkohola eta sexua. Baina “paradisu” honetan bizi izandako zoriona hutsal eta iraungaitza zapuztera etorriko da hondartzan antolatu duten festa beroan gertatuko den zerbait. Danelek eta Elak osatutako bikotea izango da istorioaren gunea Jaitz tartean paratzen den artean.

                Istorioaren hariak daukan trataera da atentzioa gehien ematen duena. Historia hasieratik kontatzen dizkiguten kapituluak, “zera” hura gertatu ondorengoa kontatzen dizkigutenekin tartekatzen baitira. Baliteke antolaketa honek jakinmina apur bat areagotzea, baina dexente zailtzen du irakurketa patxadatsua. Pasarte batzuk sinesgaitzak dira erabat, Nikolek pistola nola lortzen duen esaterako. Pertsonaiak niri ez zaizkit oso sinesgarriak egin, baina azken boladan urrun samar nabil “parrandromoetatik” eta ez naiz oso ondo enteratzen. Kontatuko didazue irakurritakoan.

                Izan ere, ez dakit zergatik, baina irakasleari gehiegi atsegin ez zaizkion eta ikasleak zoratzen dituzten kontakizun horietako baten aurrean ote gauden zalantza daukat… eta zuetako askok irakurtzea aukeratuko duzuela susma nezake.

Rafa L.
 
 
 



2013-10-13

AMAIA LAPITZ ETA DIDOREN ERMANDADE SEKRETUA

 
 
AMAIA LAPITZ ETA DIDOREN ERMANDADE SEKRETUA
Katixa Agirre
(Elkar, 2013)
                 Amona Angelinesek txatean lagun berria egin duela eta hura bisitatzera Afrika Iparraldera, Tunisiara, egingo duen bidaian lagunduko diote amonari Amaia Lapitzek eta Susanak, amak.  Hara iritsitakoan,  Ahmet, amonaren ustezko laguna den bezala azalduko zaie: negozio gizon zikina eta arriskutsua. Eraiki nahi duen jolas-parkeko orubean antzinako Kartagoko aztarna arkeologikoa – idatzitako oholatxo bat- azaldu da eta UNESCOk lanak geldiaraziko dizkio. Ahmetek Amaia bahituko du, eraikitze debekua kentzearen aldeko iritzia eman dezan Susana Lapitzek, arkeologo ospetsuak.
                Leilak eta Tarekek, Ahmeten bilobek, Amaia lagunduko dute ihes egiten eta hiru gaztetxoak elkarrekin altxor baten sekretua ezkuta lezakeen oholatxoa topatu eta Amaiaren ama askatzen ahaleginduko dira.
                Herriak askatasunaren alde lurralde arabieretan egindako ahalegina  azaltzen da kontakizunean eta herri txiroaren erdian leporaino aberasteko batere lotsarik ez duen jendilajea salatzen .
                Amaia Lapitzek Mexikon bizi izandakoak gustuko izan bazenituen, hau ere atsegin izango zaizu. Irakurri eta gozatu.
Rafa L.


2013-10-05

ZERUA GAINBEHERA DATOR


ZERUA GAINBEHERA DATOR
Lorenza Mazzetti
(Igela, 2012)

 

 

                Baby eta Penny neska koskorrek gurasoak galdu dituzte istripu batean. Aurrerantzean osaba Wilhelmen landetxean biziko dira haren familiarekin. Hasierako une gogortxuak pasa ondoren ahizpa biak ohitu egingo dira osabaren zorroztasunarekin, Marie eta Annie lehengusuen bitxikeriekin eta izeba Katchenekin. Landa bizitzako alde zoriontsua gozatuko dute bete-betean.
                Italia gudan dago eta herrialdearen zati hura oraindik Mussolini eta nazien menpe. Umeak Ducearen eskolan diktadorea maitatzera ere iritsiko dira. Eta apaizaren irakaspen erlijioso itogarriaren eraginez ia agerpen mistikoak direnak hasi dira irudikatzen. Baina neskak, ia jakitun izan gabe,  guztia gaindituz libre eta zoriontsu biziko dira lehengusuekin eta herriko nekazarien seme-alabekin. Baina bada zerbait mehatxugarria airean.
                Izan ere, gerrak bere bidea egingo du eta piano hots atseginak kanoien burrunbak bihurtuko dira. Eta umeen alaitasunak samin mingotsari utzi beharko dio bidea. Isuriko den odola ez da soilik borreroek etxeko atarian akabatutako animaliena izango. Bukaera hain da bat-batekoa eta bortxazkoa non eta, nahiz eta aurretik zerbait susmatu, bihotza txingurrituko baitigu.

                Kontakizuna oso kapitulu motzetan banatuta dago. Penny bera da narratzailea eta horrek gertuagotik biziaraziko digu historia. Pertsonaiak oso ondo taxututa daude, ez dira izango bada!, Lorenza Mazzettik bere haurtzaroan bizi izandako une latzak kontatzen ditu nobela autobiografiko honetan.

                 Liburu zoragarria, alai eta tristea, ederra. Derrigorrean irakurri beharrekoa.  Itzulpena zoragarria da. (Zergatik funtzionatzen dute horren ondo umeak eta gerra batzen dituzten liburuak: Zerua gainbehera dator, Kolosala izango da, Koaderno handia…?)

 Rafa L.



                Liburu hau Xabier Olarrak itzultzaileak gomendatu zigun Tolosako Galtzaundi Irakurketa Taldean eta hari esker ezagutu dugu eta maitatzen hasi. Mila esker bihotz-bihotzez, Xabier.

 
 
 
 
 
Inork gazteleraz gusturago irakurriko badu: