Showing posts with label HAUSNARKETA. Show all posts
Showing posts with label HAUSNARKETA. Show all posts

2016-09-12

NEMESIS






NEMESIS
Philip Roth
(Mettok, 2011)


Gerra garaia da. New Jerseyko Newark hirian polio izurritea gogor jotzen ari da. Bucky Cantor ez dute armadan onartu (ikusmen urritasuna) eta monitore gisa arituko da hirian udako garaian antolatu ohi diren jolaslekuetako batean. Gero Indian Hill mendi-kanpamentura joango da eritasunak herrian eragindako sufrikarioari iheska eta Marcia bere gustuko neskaren atzetik.
            Mutil juduak erru-sentimenduaren zama gainetik kendu ezinik ibiliko da. Europako gudan hil diren bere lagunen hutsune latza eta begien aurrean hil zaizkion gaztetxoen zama. Ez du kontsolamendurik nahi; beti bezain indartsua izaten jarraitu nahi du. Jainkoa da zorigaitz horien guztien erruduna; ondo daki berak.

            Zorigaitzaren aurrean gure buruari maiz egin ohi dizkiogun galderak erabiliko ditu Buckyk. Gaia sakona izanda ere, kontakizuna ez da astuna edo etsigarria. Hirugarrengo zatian, bizitza bati atzera-begirada den horretan, ordea, apur bat sendoago eta larriago egingo zaigu testua.

            Merezi duen liburua.  Umetxoei azukre-koxkorraren txertoa ematen ez zitzaien garaiko kontuak, baina gaurkoak ere badirenak.

Rafa L.



The novel's chief protagonist, 23-year-old Bucky Cantor, an athletic young man declared unfit for military service due to his poor eyesight, agonises about the appalling fates that await the victims: he's a playground director, God-like in the eyes of his young charges, a source of unimpeachable rectitude and kindness. But he can do nothing to prevent the spread of the disease. And as someone supremely active and fit, he can think of no worse existence than that of being trapped inside an iron lung.

(beheko estekan ikus dezakezun The Guardian-eko iruzkinetik hartuta)


https://www.theguardian.com/books/2011/sep/27/nemesis-philip-roth-review






2016-04-03

BARTLEBY ESKRIBATZAILEA


BARTLEBY ESKRIBATZAILEA –1856–
Herman Melville
(Erein, 2016)

            Legegizonak bere hiru laguntzaileekin moldatu izan da orain artean hala-nola, baina iragarkia jarri du eskribatzaile berria hartzeko. Bartleby iritsi da. Hasieran langile fin eta maratza, isil samarra aukeran. Egunak pasa ahala Bartleby bere kasa hasiko da, egin nahi ez dituen lanei paso egiten, baina beti otzan, beti umil. Nagusiak ez du adorerik biltzen eskribatzailea kaleratzeko eta arazoa handiago bihurtzen ari da. Bartlebyren egoera okertzen doa, itsu geratzen ari dela ematen du. Bulegoa hartu du bizitoki eta egoskor mantentzen da horretan. Besterik ezin burutu eta nagusiak bulegoa utzi eta alde egingo du beste norabait, baina beti eskribatzailearen ardura barnean daramalarik.

                Bartleby itzalez betetako pertsonaia egingo zaigu guri ere. Ez dugu lortuko bere joera ulertzea. Legegizonak sentitzen duen samin bera sentituko dugu eskribatzaile etsitu eta misteriotsuaren gorabeherak ikusitakoan.

                Maisulana. Maila jasoko hizkera erabiltzen da kontakizunean. Baina erraz menderatuko duzue. Ez dago trama handirik, baina etengabe protagonistaren ezkutukoak argitzen saiatuko zarete zuek ere kontakizuna irakurtzean. Ez dut Bartleby ulertzea lortu. Ez dakit erruki nakiokeen, eskubiderik ote dudan horretarako. 

Rafa L.



EREIN argitaletxearen aurkezpenean, Kafkaren Metamorfosia eta Bartleby honetaz hitz egin zuten. Hona bideoahttps://vimeo.com/158900023



2015-10-20

ORDAINA





ORDAINA

Philip K. Dick

(Mettok, 2015)









            Liburuari izena ematen dion ipuinean –Ordaina–; poliziak dena kontrolatzen duen munduan, Jennings bere lanaldia bukatu ondoren, memoria gabe utzi dute; ikertu duen geroa ikuskatzeko makinari buruzko informazioarik zabal ez dezan. Berak jakin izan zuen noizbait zein izango zen bere etorkizun latza eta kontratuaren diruaren ordez jasotzeko hobetsiko duen lansariko objektu ezdeusek –berak aurretik aukeratutakoak– emango diote bizia salbatzeko erakusbidea.
            Beste hamar ipuinetan antzeko istorioak proposatuko zaizkigu. Gizakien pertsonalitate eta memoria aldaketa usu erabiltzen ditu botereak, gizakiek ez dute beraien nortasun ziurtasunik ere. Gerra hotzeko garaiko ipuinak dira, errusiarrak eta estralurtarrak dira etsairik handienak.
            Berrogeita hamar-hirurogei hamarkadako ipuinak dira eta zahar kutsukoa egiten zaigu eskenategia: ez ordenadorerik, komunikazio akastunak, ez sakelakorik, espaziontziak kutre samarrak irudikatzen ditugu… Baina gizakiak itota bizi (?) dira, automatikoki, erroboten menpe askotan, duintasuna galduta, etsirik… mixeria oso modernoak.
            Gustura hasi nintzen ipuin hauek irakurtzen, baina bukaerako astuntxo egin zaizkit. Agian denak jarraian irakurri izan ez banitu! Hasi, behintzat, eta esango didazue.


Iradokiko zaizuen irakurketan lehenengo sei ipuinak irakurtzea proposatuko zaizue.

Rafa L.


2015-07-25

GIZON GOGORRAREN SEKRETUA








GIZON GOGORRAREN SEKRETUA
Xabier / Martin Etxeberria
(Elkar 2015)





            Reynald Harreguy –Erre, denentzat– poligono industrialeko lliburu-biltegi batean bizi da ia klandestinoki. Zailtasunetan dabilen Laminados lantegiko lapurretaren biharamunean Gorria –sindikalista borrokalaria– arbolan zintzilik azalduko da. Errek, justu gau hartan sekulako aitzurra harrapatuta, ez ditu bezperakoak gogoratzen eta beldur da  bera ote den hiltzailea. Joseba –Jota– lagun hartuta, kasua argitzeko lanetan hasi da Erre, bere burua lasaitzeko gehienbat. Bidean izua, zoriona, benetako adiskidetasuna, M sexu-langilearen maitasuna eta beste hainbat biziko ditu.

            Pertsonaiak eta akzioa ez dira oso sinesgarriak, baina horrek ez du axola handirik eta oso dinamikoa egiten zaigu saltorik gabe kontatutako istorioa. Elkarrekin ondo lotutako pasarte motzetan ematen zaigu kontakizuna. Hizkera batzuetan gordintxoa da eta politikoki ez zuzena, baina bizi-bizia beti .Pertsonaia-klase asko azalduta, azaletik bada ere, gai ugari ukituko dira: enpresari dirugoseak, mafiak, sindikalgintza ustela, polizia barneko gorabeherak, erdipurdiko editorialak, marginalitatea…


            Mozorro garaian burutzen da ekintza eta hasieran umoretsu eta irri giroan hasten bada ere, bukaerako ihauteri parranda basatiek uzten ohi diguten gorputzaldi txarra eta sentipen nahasiak eragingo dizkigu kontakizunak.

Rafa L.




Elkarrizketa Euskadi Irratian: 

2015-07-12

VIOLET PARK-EN BIDETIK





VIOLET PARK-EN BIDETIK
Jenny Valentine
(Alberdania, 2008)


            Bere lehenengo nobela honetan Jenny Valentinek Lucas gazte Londrestarraren berri emango digu. Lucas gazteak kasualitatez egingo du topo Violet Parken errautsekin. Zergatik oso ondo ez dakielarik, sentimendu bitxi batek lotuko ditu protagonista eta Violeta izandakoa. Gaztea pianistaren nondik norako guztiak argitzeko abenturan murgilduko da.
            Etxetik alde egin duen aitarenak ere argituko ditu. Prozesuan hasi, eta heldu egingo da Lucas. Ume sinesbera izateari utzi eta nagusien munduko etsipen eta ezintasuna egingo dira Lucasen jabe.
            “Horixe da, itxura denez, hazten garenean egiten duguna: nahiko ez genukeen gauzei aurre egin eta onartu inor ez dela izaten uste dugun modukoa, askotan ezta antzekoa ere”.
            Lucasen barne bidaia honen kontakizunean eta akzio pasarte urrien artean, egileak protagonistaren gizarteari, amodioari eta-betez ere- familiakoari buruzko ideia fresko, ezohizko eta zirikatzaileak eskainiko dizkigu. Ikuspegi umoretsua, baina aldi berean zorrotz eta mingotsa ere.

            Oso irakurketa entretenigarria. Guztiz gomendagarria heldu nahi duten gaztetxoentzat (zer jandilaje klasearekin bizi behar izango duten erakutsiko diena), eta askotan gazteak beti ume gisa tratatzeko tentazioa dugun helduontzat ere gomendagarri.

Rafa L.


2015-03-10

DUMITRU


DUMITRU
Koldo Izagirre
(Erein, 2014)


           Dumitru gaztea eta Cosmin bere aita –kale-musikaria– Euskal Herrira etorri dira, bizibidea ateratzeko asmoz. Olatz Dumitruren ikaskidea da institutuan eta bien arteko maitasuna-edo sortuko da apurka-apurka. Felisak, Olatzen amatxiak, kale-musikariaren doinuak gozatu izan ditu behin edo behin. Sorpresa handi hartu izan du Felisak Cosmin musikaria Olatzen lagunaren, Dumitruren, aita dela jakin duenean.
            Garai gogorrak dira denontzat: Dumitruk-eta etengabe jasaten dute autoritatearen jazarpen itogarria. I-phone baten asmatutako lapurretaren aitzakian auziperatu nahi izango dute mutil errumaniarra. Olatzen amak Teknobask enpresan zeukan lanpostua galduko du, erregulazio baten aitzakian, bere borroka sindikalari emango dioten zigorra eta  mendekua.

            Oso hurbileko pertsonaiak marraztu dizkigu idazleak. Nahiz eta ezikusiarena egin, Kale kantoietan topatzen ditugu egunero Cosmin bezalakoak, gurekin gelan daude Dumitru bezalakoak, gehiegitxoetan jasaten dituzte langileek Martak jasandako bezalakoak, denok gogoratzen dugu gure Felisa bezalako amona zoragarria.

            Baina bizitzak herrestan eramango ditu pertsonaiak, ez beti leku atseginetara. Ibai boteretsuak arrain txikiak sakatzen dituen moduan. Izan ere, Danubioa ez da gehiago ibai urdin eta alaia, trumiltsu datorren ibai zikin-beltza baizik.

            Zoragarria. Irakurri beharrekoa.  

Rafa L.        




2013-07-21

SUKKWAN IRLA

 
 
SUKKWAN IRLA
(Legend of a Suicide, 2008)
David Vann
(Denonartean, 2012)
 
                Roy ez zuen nahi, baina azkenean aitarekin joango da Alaskako irla bakarti batera urtepasa. Aita zaintzea du helburu, bere buruaz beste egin zezan beldurrez baitzegoen familia osoa. Natura biluzian, zaila da aita-semearen arteko elkarbizitza eta negu gogorrerako prestaketa lanetan murgildurik dauden bitartean eramangarria bada ere, elurte betierekoaren eraginpean ezinezkoa da. Pertsonaia biak bere baitara bilduko dira. Zoritxarrak bietako bat eramango du eta bestea ihesean abiatuko da, kulpa-sentimenduetatik eta ezinatiko ezinezko ihesean.
                Jim, aita, harreman egonkorretan ez da seguru sentitzen eta zehazki zer den ez dakien zerbaiten bila dabil. Gizon bakartia da, baina bakarrik egoteari beldur dio. Royk, hamahiru urteko semeak, aita maite du, baina bere aitaren umezain izatea langintza astuna suertatuko zaio: bere bizitzari uko behar izan dio aitarena gordetzearren.
                Ez abenturarik, nahiz eta mugimendu handiko hainbat pasarte izan. Ez natura-libururik paisaia deskribapen topekoak baditu ere. Kontakizuna latza, itogarria, depresiboa. Hasieran geldoa, oroitzapen eta hausnarketen gainean eraikita; bukaeran, isolamendua apurtutakoan, ihesa ero baten kronika bihurtuko dena.  
                Oso indartsu eta ondo sentitzen garenean irakurtzeko istorioa. Baxu samar bagaude, hobe paso egitea.
 
Rafa L.