HAMABOST EGUN URGAINEN
J.A. Loidi
(1955)
Euskaraz idatziriko polizia-nobelen historia 1955ean hasi zen J.A. Loidi Bizkarrondok Hamabost egun Urgainen (Zarautz, Kulixka) nobela argitaratu zuenean. Euskaltzaindiaren literatur lehiaketa batean aurkeztu zuen eta aipamen berezia jaso zuen. Harrezkero hainbat argitalpen izan ditu euskaraz idatziriko lehen polizia-nobela honek eta Euskadi Irratiaren Antzoki ilunean irratsaiorako bertsio bat ere egin zen 1992an. Kritikoen oniritzia jaso zuen, beraz, lehena izateaz gain, gerora ere, ongi taxuturiko argudioa duela iritzi baitiote.
Urgain izeneko herri txiki batean gertaturikoa kontatzen du. Martin Garaidi detektibea da protagonista eta gertakari harrigarri bat ikertzera deitu dute: Egurmendi aberatsa hil da eta lurperatzerakoan, haren hilobian buru-hezur batek kopetan tiro bat duela konturatu dira. Kontuak korapilotsua dirudi, baina detektibe argiak hamabost egun aski izango ditu kontu guztia argitzeko: II Mundu Gerran espetxean egon ondoren, Pagodi izeneko pertsonaia bere emaztearen bila joan zen Urgainera. Hura berriz, Pagodiren adiskide zen Egurmendirekin ezkonduta balego bezala bizi zen, ezkutaturik. (...)
Lourdes Otaegi
Lourdes Otaegiren jatorrizko testua irakurtzen jarraitu nahi izanez gero: