SATOR LOKATZAK
Jon Arretxe
(Erein, 2016)
Bilbon gaude, Bilbo Zaharra auzoan, orain
Afrika Txikia deitzen duten horretan. Toure eta bere lagunak harrapatuta daude Mamorroa –ertzain ustela– egiten ari
zaien xantaian. Izan ere, polizia horrek badaki duela hilabete batzuk
Tourek-eta nigeriar mafiosoak akabatu eta ibaira bota zituztela. Eta etekina
aterako dio isilpeko informazio horri: Kristinaren fabore sexualak lortuko
ditu, eta Xihab eta Toure bera erabiliko ditu bere auzo-garbiketa plana
burutzeko.
Afrikarrek eta Sa Kenek ezin dute egoera luzaroago
jasan eta Mamorroa garbitzeko prest daude.
Bitartean San Frantzisko eta inguruko
kaleetan bizitza puri-purian da. Istiluak, musika, yonkiak, polizia-konfidenteak,
kantu eta mozkorraldiak. Denak ikusiko ditugu Toureren begietatikak edota Mamorroaren kameratako monitoreetan.
Asko aldatu da auzoa azken urteotan, Isidro irakasleak, Berebar
tabernako tertuliakideak argituko duenez, gentrifikazioa (?) gero eta
nabariagoa da: Bilbao Zuriaren inbasioa jasaten ari da Afrika Txikia.
Toure ez da gehiago auzoan kamerarik ez
zegoen garaiko gazte bromazale eta zirikatzaile hura, gorriak ikusitako gizona
baizik. Gero eta gorragoak, ilunagoak, latzagoak dira bizirik ateratzeko
gainditu beharreko atakak. Ez du aurrerabiderik ikusten. Gorom-Goromera
bueltatzeko tentatuta dago askotan.
Kontakizuna azkar doa. Historia gogorra da
eta ez dago gozatuko duen umore puntu handirik. Pertsonaiak aurretik ezagutzen
ditugu. Agian ez dira oso sinesgarriak, baina ederki sartzen gaituzte
istorioan.
Tourezalea bazara, ez duzu nobela hau galdu
behar. Gozatu Toureren azkeneko abentura izan omen litekeen honekin. Non entzun
dut nik horrelakorik?
Rafa L.
Mesedeetako zubia eta inguruak. Nobelaren eskenatokia..
egilearen webgunea: http://www.jonarretxe.net/
liburuaren aurkezpena: https://vimeo.com/195275547