KONTXAKO HAUR GALDUAK
Seve Calleja
(Erein, 2017)
Sorosleen etxolan bilduta daude hondartzan
galdu diren umeak. Gabarroiraino joan dira hamabi umeak, Kontxako badian ospatzen
ari den Piraten Abordaia bertatik bertara ikusteko. Baina gabarroia askatu eta
nabigatzen hasi da bere kasa; “eskifaiakoak” lo geratu dira eta kobazulo batean
esnatu.
Neska-mutilak salbatu eta babestu dituena Soinu
da, oso zarpail jantzita eta zeharo itxura bitxia duen gizon basatia.
Biharamunean, Soinuk etxera bidali ditu lagunak, eta zaharrenei bisitan
bueltatzeko eskatu die, beti ere gogoan ipuin bat eta aldean mokadutxoa
dakartelarik. Eta sekretua gordetzeko.
Bueltatuko dira lau nagusienak: Malen,
Ainhoa, Denis eta Urko. Eta Felix ere elkartuko
zaie. Felixek eskolan bullying jasaten du ikaskideengandik. Santa Klara
uharteko ezkutuko kobazuloan Soinurekin geratzeko asmoa du Felixek,
eguneroko gogorrari ihes egitearren.
Soinuk istorio piloa daki eta gehiago
jakitearen irrikitan dago. Zergatik?
Kontakizunean
dozenaka kondaira, istorio eta historia daude txertatuta. Batzuk oso ondo
azalduta daude, besteak ozta-ozta aipatu egiten ditu idazleak uhartearen
zaintzailearen ahotan, gure jakin-nahia eta istorio-gosea piztuz.
Koadrillako
neska-mutilak hamabi urte ingurukoak izanagatik ere, liburua ez da soilik adin
horretako jendearentzat. Irakurri eta gozatu liburuan azaltzen diren eta gehienetan
kresala usaina duten istorio hauekin. Izugarri gustatu zait (eta tokitan daude
nire hamabi urteak!)
Rafa L.
Idazlea
No comments:
Post a Comment