2013-09-23

EZEREZAREN GUDAROSTEA (CODE LYOKO - 4)

 
EZEREZAREN GUDAROSTEA – CODE LYOKO 4
Jeremy Belpois
(Mezulari, 2011)


             Aurreko abenturaren hondarrean, Green Phoenixeko gizonek dena dute bere menpean: superordenagailua, eskolako egoitza. Gurasoak-eta Hermitagen babestea lortu dute eta handik Lyokora egingo dute ihes gaztetxoek. Hannibal Mago gaizkilearen eskuetan dago Jeremy, baina bere parte-hartzea ezinbestekoa izango da lagunen eginahalak bideratzeko; Lyokotik, hango superbotereak galdu gabe, bueltatuko diren Aelita, Odd, Yumi eta Ulrich borrokan gidatzeko. Taldeko neska berria, Eva, eta zintzotutako XANA ere onik aterako dira bukaeran.

                 Serie bereko aurreko liburuekin erkatuta ez dauka nobedade handirik; hori bai, honetan ere erritmo bizikoa da kontakizuna eta, bereziki, bukaera aldean dauden akzio handiko eskenetan hartuko du abailarik handiena istorioak. Bukaera irekia utzi diote liburuari, baina pertsonaiak agortuta daudela ematen du.

                Friki samar baldin bazara, agian serieko laugarren liburu honetara iritsiko zara eta irentsi egingo duzu aurrekoak bezala; izan ere, horrelako istorioak triskiak baino adiktiboagoak dira. Irakurtzeko bizioa? Okerragoak ez baleude!
 
Rafa L.

2013-09-04

PIZTIAREN BEGIAK

PIZTIAREN BEGIAK
Alberto Ladron
(Elkar, 2012)



           Jon Iriartek aspaldian Belaten gertatutako istripu batean galdu zituen Sandra emaztea eta Irati alaba jaio berria. Orain, hamaika urte geroago, alarguna Mirenen laguntzaz bere bizitza birrantolatzen ari denean, orduko hura ezbeharra baino hilketa gordina izan zela gaztigatzen dion gutun asaldagarria iritsiko zaio Iriarteri.
            Dasilva polizia ohiaren kontrako kartzelatik atera berria den Xabier Beteluren mendeku nahiak tartean harrapatuko du Jon Iriarte eta Sandrarekin eta alabaren benetan gertatutakoa ikertzera bultzatuko du lehendik ere langabezian nahiko etsita zebilen gizona. Dasilva tipo gogorra eta menderaezina dela ematen du, eta bere burua arriskuan ikusitakoan gogor babestuko du azpijoko urte luzeetan lortutakoa.

            Nafarroako hiriburuan kokatzen da istorioa. Lege mugetan dabiltzan giza taldeak: polizia ustelak, kartzelaldia betetako jendea. Gero eta landuago eta sinesgarriagoak dira egileak aurkezten dizkigun pertsonaia eta egoerak. Kontakizuna oso erritmo bizikoa  da. Maisuki ehundutako ekintzen sarea eskaini digu idazle nafarrak. Tamalez, idazlea liburua bukatzeko presaz ibili dela begitandu zaigu. Armentia inspektorearen liburuaren bukaeran emandako azalpenetan badago istorioa era naturalean askoz ere luzeago emateko kontagaia.

            Genero beltzaren zalea bazara, harrapatuko zaituen liburua da. Urtetan ikusten ari gara Alberto Ladron gero eta emaitza landuago eta borobilagoak lortzen. Eskertzekoa eta gozatzekoa.
 
Rafa L.