Showing posts with label HISTORIKOA. Show all posts
Showing posts with label HISTORIKOA. Show all posts

2017-02-25

NOMADA




NOMADA
Aitziber Etxeberria
(Erein, 2016)



    Nikolay Zaitsev direla urte batzuk utzi zuen Hanoi hiriko Sobiet Batasuneko enbaxadan zuen lanpostua; 1972an antzinako enbaxadorea –Vladimir Morozov– amerikarren bonbaketa batean hil ondoren. Nikolay egun Vietnameko Ur-Txontxongiloen konpainiako partaidea da eta pasaportea berritu behar du, bere taldekideekin Europara –Tolosako jaialdira– bidaiatu ahal izateko.
     Oraingo enbaxadoreak –Ivan Kozlov– susmoak ditu Nikolayrekin, traidoretzat dauka eta artelanen lapurretan nahasturik egon daitekeela pentsatzen du. Nikolay enbaxadara deituko dute eta itaunketa larria pasa beharko du.
     Nikolay Zaitsevek bere bizitza-oroitzapenak aletuko dizkio Kozlovi. Eta guk jakingo dugu nola 1937. urtean Nikolas Manterola mutiko oriotarrak, denak utzita, Habana  ontzian sartu eta alde behar izan zuen Euzkadin eragiten ari ziren sarraskitik ihesi. Atsekabeen katea luzea izango da: Leningradoko setioa, babestu eta izena eman zion familiaren galtzea (Josef eta Valentina), bakardadea…

     Historiako pertsonaia eta gertakizunetan oinarrituta bada ere, istorioa berehala galtzen da oso sinesgarriak ez diren bidetatik. Falltan sumatzen dira erreferentzia historikoak (2. Mundu Gerra, Vietnamekoa…), pertsonaia batzuei buruzkoa (Stalin, Ho Chi Minh…) fikzionatutakoa hobeto kokatzeko.

     Nobela erritmo biziz hasten da, eta thriller itxura hartuta dabil aurreneko kapituluetan, baina Nikolayren kontakizun esklusiboak moteldu egiten du narrazioa. Agian Nikolasek plasta-plasta kontatzen diguna “ikusteko” eran eman izan balitzaigu, istorioak hobeto mantenduko zukeen interesa.

     Sorpresaz eta atseginez hasi nintzen liburua irakurtzen, baina kosta egin zait bukatzea. Ea zuei ez zaizuen gauza bera gertatzen! Ez nuen Aitziberren lanik ezagutzen, ea aurreko lanak irakurtzeko paradarik dudan.

Rafa L.

Aitziber Etxeberria


Hermitage museoa


La Danse - Henri Matisse
Josefek salbatutako koadroa

Liburuaren hasiera irakurtzeko:
http://www.erein.eus/media/primeros_capitulos/primer_capitulo1199.pdf

2017-02-09

EZ LEMAIO



EZ LEMAIO
J.K. Igerabide
(edicionesbeta.com, 2016)

XV. mendearen hasieran gaude, Deba Garaia bailaran. Oinaztar eta ganboarren arteko borrokak etengabeak dira. Oinaztarrak fuerte dira Aramaion, Martina Butroe eta gero bere semea Joanikote buru dutelarik. Ganboarrek Oñatiko jauna –Eneko Gebara–  dute buru. Bando bietakoak egunero ari dira  sestran eta txikizioak elkarri eragiten.

Bi herri horien artean Arrasate dago, joera bietako biztanleak bizi dira bertan. Soluziobide bitxia hartu dute: bi alkate dituzte arrasatearrek, bat oinaztarra  –Juan Ortiz Guraiako–, bestea ganboarra –Pedro Bañez erremintaria–, nekez, baina nola-hala bi gizataldeen arteko oreka baketsua mantentzea lortzen dutenak. Gero Garxot Bañezek hartuko du bere osabaren lekua.

Garxot errementari fina da (eta borrokalari baldarra, baina eraginkorra).  Ingalaterrara ere joango da ere bere ofizioa erakustera. Han Sir Gwain –Mahai Borobileko zaldunetatik bizirik geratzen den bakarra– ezagutuko du eta betiko lagun bilakatuko dira.

Deba Garaian, bi leinuen arteko pakea oinordeko gazteen ezkontza-tratuen bidez lortu nahi izan dute, baina ahalegina hutsean geratuko da. Arrasate herrian lortutako ongizate eta aberastasunak inguruko jauntxoen inbiria eta gorrotoa piztuko dituzte eta, ondorioz, herribilduaren suntsiketa, erreketa  eta sarraskia ekarriko 1448. urtean.

Kapitulu motzetan ematen da historia. Pertsonaiak oso azaletik marraztuak daude. Istorioa gehiegi galtzen da maitasun kontuetan eta eguneko gertakizun xehetan. Kontakizun historikoa izan nahi du testuak, baina ez du leinuen arteko gatazka zertan zen argi agertzen. Aukeran, eliza-urrin handiegia dario testuari: santuak, abadeak, mojak…

Oso aldatuta ikusi dugu Helena eta arrastiria oparitu zigun idazlea.
Irakurri ea zer iruditzen zaizuen. Niri kosta egin zait bukatzea.

Rafa L.



Juan Kruz Igerabide




Oñatiko Gebaratarren dorretxea

2016-02-03

KEAREN FIORDOA







KEAREN FIORDOA
Iñaki Petxaroman

(Elkar, 2015)


          Baleazale euskaldun batzuk Islandian pairatutako sarraskiaren laugarren mendeurrena ospatu zen 2015. urtean. Haien omenez, osatuko zuen egileak nobela historiko hau.

XVI. mendea hasi berria da. Balea-olioa ezinbestekoa da eguneroko bizitzan, eta diru-iturri handia da euskal arrantzaleentzat. Martin Villafranca eta gure kostaldeko hainbat arrantzale Iparraldeko itsaso hotzetara joango dira balearen bila. Badira hiru urte euskaldunek tratua egin zutela Ari Magnusson Islandia iparraldeko magistratuarekin, hark balea-harrapaketa baimendu eta ontzietakoek balea bat eta mila dukat emango dizkiote urtero ordainetan.
                Baina Danimarkako erregeak legedia aldatu du eta aurrerantzean atzerritarrei ez zaie zilegi izango Islandiako uretan arrantzan aritzea. Magnussonek  ez dio tratutik jasotzen dituen mozkinei uko egin nahi eta erregearen aginduari jaramonik egin gabe ezikusiarena egiteko asmoa du, sasoia bukatu artean, behintzat.
Iraila da eta arrantzaldia bukatzeko tenorea arrimatzen  ari da, baina ustekabean eguraldia gaiztotu eta ohi baino goizago izoztu du itsasoa. Ontzi donostiarrak izotzetan geratu dira harrapatuta eta euskaldunek negua Islandian geratu behar izango dute. Egoerak Ari Magnussonek hutsa egina izana agerian utz lezake. Erregearen eta gobernadorearen balizko erreakzioaren beldurrez, magistratuak baleazaleak gupidarik gabe jazartzen hasiko da.
                Gauzak gehiago korapilatzeko, "Trinitatea" ontziko kapitaina den Martin Villafranca, lurralde hartako neska gazte batekin, Hura-rekin hasiko da. Kasualitatea, Ari Magnussonen alaba da Hura.  

                Duela laurehun urte gertatutako gertaera latzetan oinarritu da kontakizuna. Amodio istorio bat gehitu zaio tramari, baina ezer gehiago ez. Liburuan zehar pertsonaiak batera eta bestera dabiltza, etengabeko prozesioan, irakurlea zorabiatzeko punturaino eramanez (lagungarria da edizioak gehitu duen planoa; izenak korapilatsuak dira eta horrek ez du asko laguntzen). Akzio handiko eszenak ez dira baliatzen bizitasuna ekartzeko istorioari eta oso era lauan kontatzen dira arrantzaleek jasandako erasoak, balea-harrapaketa eta mugimendu handikoak izan zitezkeen beste pasadizoak. Bestalde, pertsonaiak oso muturreko egoeran ikusiko ditugu, baina ez dugu bere bizipenetan sartzerik lortuko.

                Egia esan, errepikakorra egiten da eta tarteka oso motela, Islandiako neguko paisaia adina. baina historiak merezi du. Egilearen lehenengo nobela da. Irakurri, ea zer iruditzen zaizuen!

            Liburua Alegiako Liburutegi Publikoan maileguan hartuta irakurri nuen.


Rafa L.




Reykjarfjordur "kearen fiordoa"







2015-09-23

COLLINI AUZIA











COLLINI AUZIA

Ferdinand von Schirach

(Erein, 2015)


            Hans Meyer industriagizon errespetatua krudelki erahilda izango da. Collini jaunak, hiltzaileak, ez dio justiziari itzuri egin nahi izan, eta abokaturik ere nahi ez duela ematen du. Txandako abokatu defendatzailea Caspar Leinen da. Caspar eta Philippe Meyer –hildakoaren biloba– lagun minak ziren gaztetan; Caspar maiteminduta egon zen Johannarekin, Philipperen arrebarekin; agian, hala dago oraindik ere. Leinenek ezagutu eta maite egiten zuen Meyertarren aitona.
            Hala ere, Leinen legegizonak bere gain hartuko ditu Fabrizio Colliniren defentsa-lanak eta bazter guztiak sakon arakatuko ditu bere lana ongi betetzearren. Meyer jaunaren gerra garaiko aurrekari ilunak–orain mingarriak denontzat– agerian utzi behar izan arte.

            Hiru arotan burutzen da historia: Collini haurraren gerra garaia Italian; Leinenen haurtzaro eta gaztaroko uda zoriontsuak;eta gaur eguneko nahaste, gainbehera eta iraganeko itzal luzeen bueltatzea. Saltoka ibiliko da istorioaren haria denbora lerroan.Pertsonaiak sinesgarri eta bizi-biziak. Sufrikarioan amilduak. Bai lehengokoak, bai egungoak.


            Kapitulu motzetan ematen da nobela. Justiziaren funtzionamenduaren gorabehera korapilotsuak ulertzeko zailtxo egin dakizkiguke aldizka, baina erraz gaindituko dugu oztopo txiki hori. Historia hunkigarri honek merezi du. Denek sufritu, eta denek arrazoi, litekeena ote?

Rafa L.





Itzultzailea tolosarra da.
Ezagutzen al duzue?

 

2014-01-20

ERREGEAREN MEZULARIA










ERREGEAREN MEZULARIA
Toti Mtz. De Lecea
(Alfaguara- Zubia, 2005)

(Erein, 2012)

Otxoa Izurra gaztea Iruneko gortea joango da ospearen bila eta hori izango abenturaz beteriko bere bizitza ibilaldiaren hasiera. Gazte ausartak monastegiko bizitza, gudua eta lurralde urrunetako bitxiak ezagutuko ditu. Nafarroako Erresumarentzat gertakari eta une garrantzitsuetan lekuko izango da gaztea.

Nobela historikoa da honako liburu hau. Egilea estuki lotu nahi izan zaie hainbat pasarte historikoei; era berean, tamalez, kontakizuneko pertsonaiak lotuta suertatu direlarik. Logika handirik gabeko ibilaldian ibiliko da Otxoa batera eta bestera, eta liburuaren fikzioko ardatz izan nahi duen izkribuak esanahi eskasa izango du eta pasarteak solte eta zerikusi handirik gabe geratuko dira. Gazteleratiko itzulpena da liburua.

Modan dago nobela historikoa. Bere helburua historia era dibertigarrian erakustea izango litzateke. Istorio honek ez du beti lortzen eta hainbat pasartetan astuntxoa egiten da; nahiz eta, oro har, entretenigarria izan. Gure Herriaren aitzinera hurbiltzeko modu bat izan liteke.


Rafa L.

2013-02-15

NEURE BURUAREN ALDE

NEURE BURUAREN ALDE
Koldo Zuazo
(Alberdania, 2011)


            Gaztetxo irten da Martin Otxandio jaioterritik Bitorixara lanera eta harrezkero beti aurrera egingo du abenturaz betetako bizitzan. Beti langile, beti fin, beti egiazale; askotan amodiorengandik oso gertu, baina inoiz erabat lortu gabe. Azkenean, gertaerak bultzatuta, kolonizatu berri den Amerikako oihaneko indiarren artean hartuko du bizileku eta Basoko biztanleek askatasuna lor dezaten bere apurtxoa emango du.
             Kontakizuna oso era linealean emanda dago. Hasieran flash-aurrera batzuk egiten baditu ere gero alde batera uzten dira eta narratzailea bere historia kontatzera mugatuko da. Pertsonaiak oso muturrekoak dira, alde bakarrekoak: zintzoak ala gaiztoak. Soldaduei eta espainiarrei (holgasanes, brabucones, ahoberos) gaiztoen taldean tokatu zaie ezinbestean.
            Hainbat gai era anakronikoan daude emanda, XVI. mendeko gaiak egungo ikuspegi batez tratatuak izatean, oso gauza bitxiak azaltzen dira istorioan zehar: emakumearen liberazio mugimendua  Amazonian jaiotzen, herrien askatasun mugimendu ia iraultzaileak edota lanbide heziketako lehen urratsak oihanean.
            Garaitsu hartan hantxe zebilen Bernat Etxepare euskara beste hizkuntzen mailara eraman nahirik, baina Martin Garaigordobil bezalako euskaldun sutsu hauek denek zeukaten hizkuntz irakaskuntzaren sekretu ezkutua eta bere inguruak ixtant batean euskalduntzen zituzten aise.
             Kontakizunaren hasierako zatietan digresio filologikoak etengabekoak dira eta, nahiz eta gutako batzuen gustukoak izan, istorioari enbazu egiten diote nabarmen. Ohar etnografiko ugari.
             Liburu oso berdea. Pertsonaiak gehiago landu behar. Gai gehiegi: aukeratu behar.

Rafa L.




2012-03-20

BIDELAPURRAK, MATXINOAK ETA KUTUN ESTIMATUA


BIDELAPURRAK, MATXINOAK ETA KUTUN ESTIMATUA
M.A. Mintegi
(Ibaizabal, 2007)

Mintegiren libururik irakurri izan dugu orain baino lehen !. Idazleak bisita ere egin zigun maiemminduen egunean. Oraingoan proposatu nahi dizuegun liburu honetan, poliziakotik eta historiatik duen istorio bat ekarriko digu. Igartza kapitaina herrira dakarren diligentziari lapurreta egin eta bertan bidaiari zihoan neskatoa bahitu egingo dute ezezagun batzuek.
Igartza desagerarazitako neska askatzen eta gaizkileek ekintza hartan bertan berari kendutako kutuna berreskuratzen saiatuko da.

Kontakizuna erritmo handiz, zuzen eta indartsu, hasten bada ere; erdialdera bizitasuna galdu eta nahastu egiten da. Izan ere, irakurleari matxinada garaian bizi izandako kale giroa irakurleari erakusteko-edo, idazleak batera eta bestera erabiliko du protagonista helburu argirik gabe eta istorioa –inolako beharrik gabe- larregi korapilatuz.
Beste aldetik, pertsonaiak nahikoa muturrekoak dira, oso sinpleak, ez oso sinesgarriak. Bereziki pelikulako gaiztoak inozo eta tontoak dira oso.

Esanak esanda ere, istorioa gustagarria da eta martxa handikoa; erraz irakurtzen dena – Migel Angel Mintegik erabiltzen duen hizkera natural eta erakargarriak ere asko laguntzen du honetan.
Agian historiaren txatalak derrigorrez txertatu izanak gehigitxo behartu egin du istorioaren haria. Matxinadaren kontakizuna eta Igartza kapitainaren abentura ez dira hain ondo itsatsi… eta kutunarena?

Rafa L.

2008-10-16

URTEBETE ITSASARGIAN


URTEBETE ITSASARGIAN
Miren Agur Meabe
(elkar)

2008-03-05

PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA





PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA
Iñaki Mendizabal
(Ibaizabal, 2007)


Iñaki Mendizabalek Europako historiako aro gorabeheratsu batean kokatzen du liburu honetako istorioa. XIX. mendearen hasiera da eta Napoleon preso dagoen Elba uhartetik atera nahi izango dute bere aldeko batzuek. Konplotean daudenek Ichtebe Pellot, kortsario euskalduna, aukeratuko dute ekintza burutzeko. Pellot istorioaren protagonista nagusia bilakatuko da.

Ongi funtzionatu zezakeen istorioa da, ideia ona abenturazko kontakizun baterako; baina –gure iritziz- idazleak ez du borobiltzea lortu. Ofizio falta nabari zaio idazleari. Iñaki Mendizabalek itsasoari buruz eta kortsarioei buruz duen jakinduriak egoeren eta pertsonaien sinesgarritasunaren alde egiten badu ere; istorioa lineala, monotono, sinesgaitza eta aspergarri samarra suertatzen da.
Idazleak etengabe erabiliko ditu pertsonaien oroitzapenak betegarri gisa –erritmoa izugarri moteltzen delarik- baita gaizki erantsita dauden bi istorio paralelo: poliziarena eta Janinerena.

Hala ere, kontakizuna azkar irakurtzen da ez baita oso luzea eta Europarako hain garai garrantzitsu horretako historiaren jakinmina pizteko balio izango zaizue.