2017-06-19

KONTXAKO HAUR GALDUAK




KONTXAKO HAUR GALDUAK
Seve Calleja
(Erein, 2017)

     Sorosleen etxolan bilduta daude hondartzan galdu diren umeak. Gabarroiraino joan dira hamabi umeak, Kontxako badian ospatzen ari den Piraten Abordaia bertatik bertara ikusteko. Baina gabarroia askatu eta nabigatzen hasi da bere kasa; “eskifaiakoak” lo geratu dira eta kobazulo batean esnatu.
Neska-mutilak salbatu eta babestu dituena Soinu da, oso zarpail jantzita eta zeharo itxura bitxia duen gizon basatia. Biharamunean, Soinuk etxera bidali ditu lagunak, eta zaharrenei bisitan bueltatzeko eskatu die, beti ere gogoan ipuin bat eta aldean mokadutxoa dakartelarik. Eta sekretua gordetzeko.
Bueltatuko dira lau nagusienak: Malen, Ainhoa, Denis eta Urko. Eta Felix ere elkartuko zaie. Felixek eskolan bullying jasaten du ikaskideengandik. Santa Klara uharteko ezkutuko kobazuloan Soinurekin geratzeko asmoa du Felixek, eguneroko gogorrari ihes egitearren.
Soinuk istorio piloa daki eta gehiago jakitearen irrikitan dago. Zergatik?

     Kontakizunean dozenaka kondaira, istorio eta historia daude txertatuta. Batzuk oso ondo azalduta daude, besteak ozta-ozta aipatu egiten ditu idazleak uhartearen zaintzailearen ahotan, gure jakin-nahia eta istorio-gosea piztuz.

     Koadrillako neska-mutilak hamabi urte ingurukoak izanagatik ere, liburua ez da soilik adin horretako jendearentzat. Irakurri eta gozatu liburuan azaltzen diren eta gehienetan kresala usaina duten istorio hauekin. Izugarri gustatu zait (eta tokitan daude nire hamabi urteak!)

Rafa L.




Idazlea