2014-12-30


HARRIAN MEZUA
Alberto Ladron
(Elkar, 2014)


            Negu gorrian, gorpuak biluzik azalduko dira Nafarroako mendi tontorretako zutarrietan lotuta, jipoituta, desitxuratuta, putreak janda. Foruzainetako Leire Asiain arduratuko da ikerketaz, eta hilketa horiek prostituzio-sareekin izan zezaketen loturak azaleratzen hasten direnean, kasutik kanpo utziko dute Leire Asiain eta Foruzaingo osoa, dokumentazioetan izandako filtrazioak aitzaki hartuta.
            Ander preso-ohiak paketeak partitzen ateratzen du bizibidea. Ainhoa, bere alaba, desagertu da. Asianek kasu hau ere hartu berria zuen ikerketetatik at utzi dutenean. Baina grinatsu jarraituko du Leirek bere kasa gertatutakoak argitu arte.
           Hasiera indartsua eta erritmo handikoa du kontakizunak, sorpresaz betetakoa, deskribapen ederrak, pertsonaien pentsamendua ageri.
Anderren istorioarekin bat egitean; estandarragoa, lehendik ere irakurritakoa, ez hain landua begitandu egiten zaigu dena.
             Besteetan ere nabaritu izan diogu egileari “bukatzeko presa” moduko hau.
Gertakizunak argitzeko moduak —hiltzaileak egiak botatzea inongo beharrik gabe— hasieran adimen zorrotz ibili izan den irakurlea zapuztu egiten du (eta gutxiesten?).
            Hala ere merezi duen liburua da, entretenigarria. Irakurri.

Rafa L.





2014-06-29

SAN FERMINETAN, LESAKAN

 
 
 
SAN FERMINETAN, LESAKAN
John Andueza
(Elkar, 2013)
 
           Gabonetako oporren atarian, Bilintx institutuko gazteak ikasturte amaierako bidaia prestatzen eta pentsatzen hasi dira. Danel, Ximon, Amaia eta gaionontzeko gelakideak, futbito partida bat gorabehera, nahiko arrakastaz hasi dira langintza honetan. Behintzat majo ari dira dirua biltzen. Tarte honetan ezin geratuzko zerbait sortuko da Amaia, Ximonen neska-lagun xarmanta, eta Danelen artean.
            Aurreko liburutik (“Larunbatean Bukowskin”) giroa apur bat baretu da ikastetxean; Ikasle lasaiagoak eta egunerokoaz arduratutakoak ezagutuko ditugu; irakasleak ez dira martzianoak: pertsonaiak sinesgarriagoak egin dira oraingo kontakizunean.
            Kapitulu laburretan ematen da istorioa. Gaztetxoen arteko elkarrizketak eta WhatsAppak zuzenean izango ditugu. Hikuntza erraza da. Aidean irakur daitekeen liburua osatu du Anduezak.
            “Bukowskin” baino gehiago gustatu zaigu honako hau. Egongo al da hirugarrengorik?... Litekeena da, baina orain, udararen atarian gaudela, Lesakako jaietako planak egiten, agian; hau ekarri dugu hona. Zuk irakurri, gozatu eta komentatu.
 
Rafa L.
 
 


2014-05-05

TXIMISTAK

 
 
TXIMISTAK
Jean Echenoz
(Mettok, 2012)




             Gregor zientzialari europarra iritsi da AEBetara eta elektrizitatearen ikerkuntzarekiko bere interesak bultzatuta, jaioberria den energia enpresen azpijokoz betetako negozioaren erdian bukatuko du, leporaino sartuta, asko konturatu gabe. Ez zaio dirua gehiegi interesatzen, bere proiektu ero samarretan lanean jarduteko adina daukan artean behintzat. Jendearen mirespena lortzea da erakartzen duena, eta komediante moduan ibiliko da bere ikuskizun magiko-zientifikoekin.
                Baina aberasteko aukerak pasatzen utzita, bere ingurukoek bilduko dituzte Gregorren ideiek lortutako mozkinak. Aberatsen artean geratzen zitzaion azkeneko laguna, J.P. Morgan bankaria, zendutakoan; Gregorren gainbehera azkartu eta bat-batean txiro eta baztertua ikusiko du bere burua.

                XIX. eta XX. mendeetan bizi izandako Nikola Tesla ingeniariaren biografian oinarrituta omen dago kontakizuna. Hasieran erritmo bizikoa bada ere, historiak aurrera egin ahala, interesa galtzen doa eta azkenerako, tamalez, errepikakorra bihurtzen da. Tarteka irakurketa zaila egin eta testua trinkoegia begitandu zaigu.

                Norbaitek dudarik egiten bazuen, Zientziaren destinu petrala agerian geratuko da berriz ere: diru-munduaren azpitik betierekoan ibiltzekoa. Teknologia gaietan zaletuentzako aproposa izan daitekeen irakurketa. Interesgarria. Egiak ote dira kontatutako guztiak? Banoa zuzenean Wikipedian begiratzera.

Rafa L.
 



2014-04-30

AVIS ETA ALBA - HILDAKOEN EREMUAN


AVIS ETA ALBA
Hildakoen eremuan
Aitor Arana
(Ibaizabal, 2013)



                 Ez daukagu oso argi zergatik ote, baina Avis, Karlos,  kale gorrian dago, memoria galduta eta bizirik irauteko ahaleginetan. Eskolan Alba hurbilduko zaio eta lagun minak bilakatuko dira. Avisek hilerriekiko zaletasun bitxia erakusten du eta, joera honi eta gazte misteriotsu baten laguntzari esker, Niko katatonikoa, bizirik hilobiratu dutena, salbatzea lortuko du. Gazte misteriotsu honek oso gertutik jarraitzen ditu Avisen urratsak, baina ez dugu berari buruz ezer asko jakitea lortuko.

                Oso datu gutxirekin montatu behar dugu gure pelikula liburu hau irakurtzean. Ez dago argibiderik, ez deskripziorik, ez logika handirik automatikoki mugitzen diren pertsonaien ekintzetan. Istorio osoa hotzak jota dago. Ilustrazioak ere bide bera darama eta ez dio gure irudimenari asko lagunduko. 

                Trilogia bateko lehenengo liburua izanda, hurrengoetan gauzak apur gehiago argituko direla espero dut. Baina berandu izango da, niretzat behintzat. Avisek eta Albak izan dute bere aukera eta lau orduko irakurketan ez dute ni harrapatzea lortu.
 
Rafa L.

 


2014-04-05

SKATERRAK - ERTZEAN





SKATERRAK – ERTZEAN
Mikel Valverde
(Giltza, 2013)


     Eba oso arduratuta dago Adrian seme gazteenak egun osoa etxe-zokoan irakurtzen ematen duelako. Bestetik, Imanolek, zaharrenak, ez dio Adriani kasu zipitzik egiten eta beti dago parkean bere lagun skaterrekin jauzi berriak entsaiatzen bowlean. Anaia biak elkarrekin ateratzera behartuko ditu amak. Koadrillaren skate pista berriak topatu nahiak katedrale ingurura eramango ditu eta han Adrianen jakin-minak topo egingo dugu argitu beharreko ezkutuko batekin: elizako bitxi batzuen desagerketa. Gazteek ikerketari ekingo diote gogotsu.

       Gasteizen oso antzeko hirian kokatu da istorioa. Oso kontaera klasikoa egiten da: hirugarren pertsonan eta denbora jauzirik gabe. Ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak, nahiz eta  azaletik ikusiko ditugun. Istorioaren korapiloa ahultxoa da, agian eta ez sinistekoa hainbat pasartetan. Ebaren familia “normal” bat izateko obsesioa izango da hasi eta buka.
       Irakurterraza da eta hiztegi arazorik ez duzu izango. Kapitulu motzak dira irukurketaldi laburtxoei oso ondo egokitzen zazikio.

       Ebak uste izan du Adrian gaixotasunak jota dagoela hainbeste irakurtzeagatik. Horretan oker dago skaterren ama. Liburua jauzi sinistezinak eginaraziko dizkizun skaterra da. Egizu lehenengo honekin. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L. 


e-liburutegian eskuragarri





2014-03-21

POZOIA KOPAN - VOLTAIRE KALEKO ABENTURAK






Voltaire kaleko  abenturak – Pozoia kopan
P.D. Baccalario
(Mezularia, 2012)



     Voltaire kalea, 11ko bizilagunek ikerketa eta King Ellerton-en misterioak dute gustuko. Auzokide hauek elkarte bat  eratzekotan daudenean, Annette eta Fabrice gaztetxoak “istripu” baten lekuko izan dira: norbaitek akabatu nahi izan du Deloffre jauna kalearen erdian. Neska-mutilen aitak, polizia denak, Deloffre jaunaren etxejabeak pozoituta azaldu direla kontatuko die etxean. Hari horiei tiraka, kasua argitzea lortuko dute gaztetxo biek, oso auzo bitxien laguntzarekin.

     Pertsonaiak gustukoak egiten zaizkigu eta maitagarri: pastel gozoak prestatzen dien andrea, abokatu jubilatu snob samarra, postari erretxina… Lehenengo kapituluetako despistea gaindituta, istorioak, bere batasuna erakusten duenean, sorpresaz betetako bideetatik eramango gaitu: hasi eta buka ezin izango diogu irakurketari utzi. Kapituluak motzak dira, irakurtaldi batera oso ondo egokitzen direnak.

      Nik behintzat errepikatzeko asmoa dut eta Voltaire kaleko ikertzaileen zale porrokatua bihurtu naiz liburu bakarraz.
 
Rafa L.


 

2014-02-15

GOGOA LEGE



GOGOA LEGE
Manu Lopez Gaseni
(Baporea, 2005)

 

                XXII. mendean gaude. Xarmanta doktorea Marte inguruan dabilen Delta espazio estaziora iritsi da lanera. Bertako meatzarien bizi baldintzak hobetu nahiean dihardularik, giza-klonen bizitza luzatu dezakeen material genetikoarekin egin du topo (Troyako zaldi genetikoa). Hilezkortasun-nahiak sutuko ditu gizakiak, estralurtarren trikimailuan eroriko direnak, eta Lurrak alienigenen menpean geratuko da. Delta estazioa libratuko da. Xarmanta eta Nikolai gaztearen gain geratuko da etorkizuna.

                Trama handirik gabe interesgarria egiten da istorioa eta bizi eta bitxi egiten da. Argibide zientifikoak korapiltsu samarrak egiten dira; baina, agian, beharrezkoak dira istorioa ulertuko bada. Irakurle heldutxoa eskatzen duen liburua da.

                Zientzia fikzioko kontakizun apaltxo, baina gustagarria.
 
Rafa L.
 


2014-02-11

MAITE-MAITE ILE-APAINDEGIA

Maite-maite ile-apaindegia
Marie-Audie Murail
(Elkar, 2012)
 
                Louis Feyrieres ez dabil oso txukun eskolan. Mutilaren aitak, zirujau ospetsuak, etengabean jartzen dio eredu gisa Ludovike, ospitaleko lankide baten semea eta Louisen ikaskidea. Apur bat mokoraino dago Louis Ludovike Jasonekin.
                Eskolako praktikak egiteko ordua iritsita, amona joaten den ile-apaindegian egingo diote txoko bat Louis gazteari. Han giro atsegin eta lasaia topatu eta ofizioarekin –eta bertako jendearekin- zaletzen hasiko da mutila eta eskola betiko utzi nahirik ile-apainketa hartu nahi izango du bizibide. Mutil bizkorra da, iaioa eta gauzak aidean ikasten dituena.
                Maite-maite ile-apaindegian ia semetzat hartuko duen Madame Maiterekin egingo du topo. Eta etengabe bera xaxatzen diharduen Priscille, langintzako sekretuak erakutsiko dizkion Lucky eta jipoitzen duen bikotea jasan behar duen Clara  erakargarria ezagutuko ditu.
                Bricek, aitak, betidanik gutxietsi izan du eskulana eta gogor joko du semeak egindako aukeraren kontra. Mutilak, estreinakoz bizitzan, aitarekin talka egingo du eta bien arteko enfrentamenduak goia joko du.
 
                Pasarte solte eta laburrez osatutako kontakizuna. Pertsonaia asko pasatzen da istorioan zehar eta horrek mugimendu eta bizitasuna ematen dio; baina ez digu astirik emango pertsonaien bizipenak sakonetik ezagutzeko. Gai asko (eskola-porrota, bakardadea, aukeratu beharraren estresa, amodioa, emakumeen aurkako bortizkeria…) ukitu izan dira, oso gainetik ukitu. Giro burgestxoko protagonista batzuk (eskola pribatu garestiak, tenis kluba…) eta jende xeheagoa egingo dute bat istorioan, baina aparteko kontrasterik gabe.
 
                Bukaerako istorioa pastelegi bilakatu, tentsio-puntua galdu eta sakabanatu egiten da. Hala ere gustura irakurri egiten den liburua da. Denbora-pasa balekoa.
 
Rafa L.
 

 

2014-02-06

1002. GAUA

1002. GAUA
Xabier Mendiguren
(Pamiela, 2010)
 

     Leonardok, Veneziako Dogoak, Chiara alaba ezkondu nahi izango du Simeon Dalmaziako erresumaren oinordekoarekin. Horretarako gazte biek gutunen bidez egingo dute elkar ezagutzea. Neska zoraturik dago Adriatikoren bestaldetik iristen zaizkion eskutitz fin eta sentiberekin eta pozik egiten ditu Simeonekin batzekoak. Baina harekin Splitera bueltan, senarra esposatu berria astakirten hutsa dela konturatzen da azkar asko neska. Hala ere, haurdun geratu da, eta aitari bisitan joan nahi izango zitzaiola-eta Veneziara bueltatzeko baimena lortzen du Kristoforo Simeonen aitarengandik.
     Ontziratu dira eta jaiotetxera bidean, itsasoan, pirata batzuen erasoa jasan eta Aljerreraino eramango dituzte Chiara eta Otto idazkaria; haien truke erreskate galanta eskuratzeko asmotan. Chiara ahaleginduko da bere bahitzaileengandik ihes egiten.
     Hogeita hamar kapitulu labur eta bizitan ematen zaigun istorioa, oso erritmo handikoa. Liburuaren tituluaz aparte badago  ekialdeko ipuinen girora eramatenn gaituen zerbait. Gozatu ederra hartu dut istorioa irakurtzen. Ia hogei urtean Mendiguren bazterrean (kastigatuta) utzita, merezi izan du berriz ere berreskuratzea.
 
Rafa L.






2014-01-20

ERREGEAREN MEZULARIA










ERREGEAREN MEZULARIA
Toti Mtz. De Lecea
(Alfaguara- Zubia, 2005)

(Erein, 2012)

Otxoa Izurra gaztea Iruneko gortea joango da ospearen bila eta hori izango abenturaz beteriko bere bizitza ibilaldiaren hasiera. Gazte ausartak monastegiko bizitza, gudua eta lurralde urrunetako bitxiak ezagutuko ditu. Nafarroako Erresumarentzat gertakari eta une garrantzitsuetan lekuko izango da gaztea.

Nobela historikoa da honako liburu hau. Egilea estuki lotu nahi izan zaie hainbat pasarte historikoei; era berean, tamalez, kontakizuneko pertsonaiak lotuta suertatu direlarik. Logika handirik gabeko ibilaldian ibiliko da Otxoa batera eta bestera, eta liburuaren fikzioko ardatz izan nahi duen izkribuak esanahi eskasa izango du eta pasarteak solte eta zerikusi handirik gabe geratuko dira. Gazteleratiko itzulpena da liburua.

Modan dago nobela historikoa. Bere helburua historia era dibertigarrian erakustea izango litzateke. Istorio honek ez du beti lortzen eta hainbat pasartetan astuntxoa egiten da; nahiz eta, oro har, entretenigarria izan. Gure Herriaren aitzinera hurbiltzeko modu bat izan liteke.


Rafa L.