2013-02-22

MOTOA


MOTOA
Juan Kruz Igerabide
(Alberdania, 2012)
 

            Irenek liluratuta, berari erabat ezezagun zaion mundu batean hasiko da mugitzen Igor. Ez du oso ondo ulertzen zer ikusi ote duen horrelako neska polit batek –bera baino zaharragoa, gainera- bera bezalako tipo arrunt batean, baina gehiegi pentsatu gabe ere, animatu da neskaren gau ibileren lagun izatera. Denek ohartarazi dute horrelako lagun batek ekar liezazkiokeen kalteez, baina Igor txundituta dago, maiteminduta ia.
Eta muturretan lehertu zaio puxika mutilari: Irene ez dauzka asmo zuzenak Igorrekiko eta bere morroi nahi du droga gamelu gisa, besterik ez. Kolpe latza izango da gaztearentzat eta honek mendekua prestatuko du.

            Istorioa ez da oso sinesgarria, pertsonaiak artifizialki daude banatuta bi ekipotan. Kaleko giroa ez dago ondo islatuta eta kontakizuna ekintzen segidara mugatzen da; ez da nabari hauek denak lotuko dituen sentimendu, pasio edo horrelakorik. Familia da gazte hauek (onen ekipokoek) duten altxorrik handiena, nahiz eta familia halamoduz egon. Egileak umea balitz bezala tratatu nahi du protagonista, eta mundua bere kasa deskubritzeko aukera gutxi emango dizkio. 

            Onberatasun didaktikoa dario kontakizun guztiari. Igande arratsaldeko telebistako filmarena-edo. Lehendik ere aipatu izan dugu, gure aburuz, Igerabideren hainbat liburu hondatzen duen Katekesi kutsua. Hala ere, ez fidatu gehiegi nire iritziarekin eta irakurri: azkar eta aisa egingo duzue. Gero pozik entzungo ditut zuen iritziak, ea tronpaturik nagoen!
 
Rafa L.

 Liburuaren hasiera irakurtzeko aukera baliatu:



2013-02-21

LARUNBATEAN BUKOWSKYN








LARUNBATEAN BUKOWSKIN
John Andueza
(Elkar, 2012)


            Donostiara aldatu dira bizi izatera Xato eta bere familia, Arrasate utzita. Gaztetxoak Bilintx institutuan jarraituko ditu DBHa. Eskolan oso irakasle eta ikasle xelebreak daude. Gertakari lotsagarria jazoko da: norbaitek nesken dutxetako irudiak grabatu eta ikasle guztien sakelekoetara helaraziko ditu. Ertzaintza arduratuko da ikerketaz eta Xatok animatuko du horren agresio gogorra jasan duen neska zoragarria: Nerea.

            Tokatu al zaizu inoiz whiskyak bero-bero eginda gelara etorri zaizun tutorerik? Edota pisuz pasatxo dauden ikasleei barre eta mesprezu egiten dien soinketako irakaslerik? Ikasle gehienak porreroak diren institutua ezagutu izan al duzu? Istorioan pertsonaiak oso era sinplean daude deskribatuta: zintzoak eta ankerrak. Gazteak katxondeo betierekoan bizi dira, kanutoei jo eta su eta buruan parranda besterik ez daukatela. Kontakizuna gutxitan suertatzen da sinesgarria eta batzuetan bai iraingarri samar.

            Justu ipuin baterako ematen zuen pasadizo ez oso orijinal bat puztu egin da txaplata rokero, politiko edota famoseozkoekin luzera minimoa harrapatu arte. Kapituluak oso motzak dira, ia flaxak. Hizkuntza erkintxoa da. Gaiak beste trataera merezi zuen. Non hobetu zabala dauka liburuak. Egilearen opera prima izanda emaitza landuagoa espero genezakeen.  
Rafa L.

           



e-liburutegian eskuragarri

2013-02-20

CODE LYOKO: LURPEKO GAZTELUA


LURPEKO GAZTELUA - CODE LYOKO
JEREMY BELPOIS - Pierdomenico Baccalario
(Mezulari, 2010)
           Jeremy ordenagailuekin oso ondo moldatzen da. Berak eta bere koadrilakoek Ikasten duten eskolaren ondoko orubean dagoen fabrika abandonatutako sotoan super ordenagailua topatuko du mutilak. Konputagailuan arakatzen aitak hango bideojokoan ezkutatuta eta babestuta gorde zuen Aelitarekin bat egingo du Jeremyk. Taldeko neska-mutil ausartak bideojokotik  sartu eta ateratzea lortuko dute errazki. XANA gaiztoa menperatzen saiatuko dira eta Aelitak bere aitarekin elkartzea lor dadin ahaleginduko dira Jeremy, Ulrich, Yumi eta gainontzekoak.
            Bideojoko bat munduko ezkutaleku hoberena izan daiteke eta bideojoko baten protagonista izateak zirraragarria behar du izan. Oraindik teknologia ez da horraino iritsi, baina agian etorkizunean…Fantasiaz betetako pasarteak planteatzen dira liburuan,akzio eta mugimendu handikoak, aspertzeko betarik ez. Adiskidetasuna eta abentura nonahi.
            Istorioaren barruan Aelitari kontatzen dioten bere historia txertatzean, une batzuetan nahasgarria suertatu zait ekintza denboran zehazki kokatzea.
                        Liburu hau eta atzetik datozen beste hirurak telebistako serie famatu baten jarraipena omen dira. Horregatik hainbatetan ezagututzat ematen ditu makinabat xehetasun, lehenagotik pertsonaiak ezagutzen ez genuenon kaltean. Seriea ezagutzen baduzu abantaila zuretzat. Lurpeko laborategiaren abentura honek, niri behintzat, hurrengoak irakurtzeko gogoak piztu dizkit… eta zuri ixiotuko al dizkizu?

Rafa L.



2013-02-18

MAITAGARRIA ETA DESIOA


MAITAGARRIA ETA DESIOA
Mariasun Landa
(Elkar, 2012)


Sorginzulo jatetxean egiten du lan Ezbaik, ama hildakoan bertakoek hartu baitzuten neskame. Bizitzari aurre bakarrik egin behar izango dio neska gazteak; hobeto esanda, mesedea zor zion maitagarriaren laguntza eskaintza etengabekoa izango du egunero (desio bat kunpliarazteko aukera). Baina neskak, gazteak, geroago emakume izango denak bere indarrez ekingo die beti zailtasunei.
Kazetari lanetan arituko da Ezbai; zoriona, amodioa eta amatasuna biziko ditu. Egoera okertutakoan, Desilusio lurraldean pasa behar izango dute denboraldiren bat Ezbai eta familiak gauzak bere onera etorri arte.
Ez dago oso argi nola gertatzen den, baina okerrenak ere azkenerako moldatu egiten dira. Nola, ordea? Gure barne indarrak? Denboraren pasa izanak? 

Gure desioak noizbait bete ahal izango ditugunaren itxaropenak eman beharko liguke aurrera jarraitzeko beharreko indarra; eta ezin badugu, iluntzero izango dugu maitagarriaren eskaintza zinezkoa.

Kapituluak motzak dira, irakurketa azkarreko tentaldian erori gabe ibiltzea zaila egingo zaizu, baina irakurketa lasai eta patxadatsua merezi du istorioak.
Rafa L.




2013-02-17

AMODIOAREN GAZI-GOZOAK


HAU IZAN DA 2012-13 IKASTURTEAN AZKEN KURTSOKO IKASLEEI GEHIEN GUSTATU IZAN ZAIEN LIBURUA!


AMODIOAREN GAZI-GOZOAK
Aitor Arana
(Ibaizabal)

2013-02-16

BIHOTZAREN MEKANIKA

 
BIHOTZAREN MEKANIKA
Mathias Malzieu
(Denonartean, 2012)
 


Eskoziako Edimburg hirian ekarri dute mundura Jack. Amak ezin izan du bere kargu hartu eta Madaleine doktorearen eskuetan geratuko da umea. Honek, hankagorriaren bihotza ez dela gauza handitarako ikusita, bihotz mekanikoa jarriko dio jaioberriari. Mekanikak bere mugak ditu eta kuku-bihotza nekez izango omen da gai amodioa eta pasioaren gorabeherak jasateko. Kalean ikusi bezain pronto geratuko da Jack liluratuta miss Acacia kantari txikiarekin eta haren atzetik abiatuko da Granadara eramango duen bidaia fantastikoan. Joek berarentzat nahi du neska: hura izango da Jacken kontrarioa.

 Zein da bidea maitasunak bihotzeko mina eragiten digunean?
Hasiera indartsua du kontakizunak, irudimena eta gizon-emakume bitxi eta maitagarri ugariak, eskenatoki fantastikoak. Zorionetik edo zorotik gertu dauden pertsonaiak, bazterkeriaren mugetan askotan. Bihotzak kudea ditzakeen emozio guztien gainean amodioa jartzen denean istorioaren ardatz bakar, nobelak bere freskotasuna galtzen hasten da eta rutina batean murgiltzen da. Bukaeran bi maitale-nahien arteko lehia kontatzen bukatzeko: ez oso orijinala.
Nobela larrosa dutxatu gabeko pertsonaiekin? Agian. Martxa handikoa hasieran, kosta egiten da bukatzea.
Rafa L.
 
ikusi ere besteren iritzia:
 
 



2013-02-15

NEURE BURUAREN ALDE

NEURE BURUAREN ALDE
Koldo Zuazo
(Alberdania, 2011)


            Gaztetxo irten da Martin Otxandio jaioterritik Bitorixara lanera eta harrezkero beti aurrera egingo du abenturaz betetako bizitzan. Beti langile, beti fin, beti egiazale; askotan amodiorengandik oso gertu, baina inoiz erabat lortu gabe. Azkenean, gertaerak bultzatuta, kolonizatu berri den Amerikako oihaneko indiarren artean hartuko du bizileku eta Basoko biztanleek askatasuna lor dezaten bere apurtxoa emango du.
             Kontakizuna oso era linealean emanda dago. Hasieran flash-aurrera batzuk egiten baditu ere gero alde batera uzten dira eta narratzailea bere historia kontatzera mugatuko da. Pertsonaiak oso muturrekoak dira, alde bakarrekoak: zintzoak ala gaiztoak. Soldaduei eta espainiarrei (holgasanes, brabucones, ahoberos) gaiztoen taldean tokatu zaie ezinbestean.
            Hainbat gai era anakronikoan daude emanda, XVI. mendeko gaiak egungo ikuspegi batez tratatuak izatean, oso gauza bitxiak azaltzen dira istorioan zehar: emakumearen liberazio mugimendua  Amazonian jaiotzen, herrien askatasun mugimendu ia iraultzaileak edota lanbide heziketako lehen urratsak oihanean.
            Garaitsu hartan hantxe zebilen Bernat Etxepare euskara beste hizkuntzen mailara eraman nahirik, baina Martin Garaigordobil bezalako euskaldun sutsu hauek denek zeukaten hizkuntz irakaskuntzaren sekretu ezkutua eta bere inguruak ixtant batean euskalduntzen zituzten aise.
             Kontakizunaren hasierako zatietan digresio filologikoak etengabekoak dira eta, nahiz eta gutako batzuen gustukoak izan, istorioari enbazu egiten diote nabarmen. Ohar etnografiko ugari.
             Liburu oso berdea. Pertsonaiak gehiago landu behar. Gai gehiegi: aukeratu behar.

Rafa L.