2016-09-21

ETA GALTZEN BAGARA, ZER?



ETA GALTZEN BAGARA, ZER?
Egoitz Zelaia
(Elkar-Iparluma, 2016)

Diotenez egilearen lehenbiziko lan luzea da hau. Hasieran nobela baten itxura sendoa badu ere; bukaera aldera, zati soltez –are elkarrekin lotura ahulak duten ipuin banakakoak– iruditu dakiguke kontakizuna.

Xune hazpandarra da protagonistetako bat, aita –errugabea izanda ere- espetxeratu zuten iheslari bati laguntza eman izanaren aukusazio faltsupean eta kartzelan hil zen. Robert poliziak drogaren trapitxeoan dabilen Xuneren anaia babestu nahi du, garaian egindako bidegabekeria konpentsatu nahirik-edo (honaino istorioa ondo jarraitzen da).  Iheslariaren ibilbideak Mexikoraino eramango du eta han berriki alargundu den neska lapurtarra ezagutuko du. Eta idazle bat badago tarteko Dana emakume misteriotsuaren laguna. Dana honek semea izango du, kantari famatua egingo dena eta mendekua hartu nahi izango duena. Eta idazlearen paper zaharrak azalduko dira…

Hasieran historia bakarra zirudienak eztanda egin eta mila pusketatan barreiatu da. Gure lana izango da puska horiek guztiak aztertu eta zer zerekin datorren bat erabakitzea edo, agian hobeto, irudikatzea. Desafio konplexua, baina erakargarri eta entretenigarria Egoitz Zelaia bertsolariak planteatu diguna, berak emandako pertsonaia-oinak baliatuta bertso-trama osatu beharko dugu.

Idazleak lapurterako hitz solte batzuk erabiltzen ditu, baina ez duzu arazorik izango testua ulertzeko. Saiatu eta komentatuko diguzu.

Rafa L.


2016-09-17

RAVEL





RAVEL
Jean Echenoz
(Mettok, 2007)

Jean Echenoz idazleak Euskal Herrian sortutako pertsonaia ezagunenetako baten zenbait bizitza-zertzelada margotuko dizkigu nobela labur honetan. Lapurdiko Ziburun jaio eta amarengandik euskara ikasitakoa zen konposatzailea. Baina liburuak ez digu Mauriceren biografia osoa egingo: musikagilearen azkeneko hamar urteak ditu kontagai.

1928an, Amerikarako lau hilabeteko bidaia arrakastatsua burutuko du Ravelek Estatu Batuetan eta Kanadan, ospearen gailurrean.  Bere musika sortzen jarraituko du Frantziara itzulitakoan, entzulegoaren onespenaz beti. Tamalez, hogeita hamargarren hasieran gaixotasun neurologiko batek joko du Ravel. Idazteko eta irakurtzeko ezinaz jota dago Maurice eta, bere etsipenerako, zer gertzen ari zaionaz jakitun da hasieran. Eta sufritu egiten du. Bere lagun musikariaren sendabidea lortzeko Ida Rubinstein-en ahalegin itzelak alferrikakoak izango dira. Gainbehera lau urtez luzatuko da eta 1937an hil egingo da Ravel, 62 urte zituelarik.

Liburua zailtxoa egingo zaigu, musika-gaiak menperatu ezean. Baina musikarekin interesatutakoak bagara, zenbait gauza interesgarri topatuko dugu kontakizunean. Hala ere, narrazioa ez da oso dinamikoa eta, nobela laburra bada ere, astuntxoa suertatzeko arriskua ere hor dago.

Rafa L. 


Maurice Ravel



Paul Wittgenstein piano-jole besamotzak
harreman zailak izan zituen Ravelekin


2016-09-12

NEMESIS






NEMESIS
Philip Roth
(Mettok, 2011)


Gerra garaia da. New Jerseyko Newark hirian polio izurritea gogor jotzen ari da. Bucky Cantor ez dute armadan onartu (ikusmen urritasuna) eta monitore gisa arituko da hirian udako garaian antolatu ohi diren jolaslekuetako batean. Gero Indian Hill mendi-kanpamentura joango da eritasunak herrian eragindako sufrikarioari iheska eta Marcia bere gustuko neskaren atzetik.
            Mutil juduak erru-sentimenduaren zama gainetik kendu ezinik ibiliko da. Europako gudan hil diren bere lagunen hutsune latza eta begien aurrean hil zaizkion gaztetxoen zama. Ez du kontsolamendurik nahi; beti bezain indartsua izaten jarraitu nahi du. Jainkoa da zorigaitz horien guztien erruduna; ondo daki berak.

            Zorigaitzaren aurrean gure buruari maiz egin ohi dizkiogun galderak erabiliko ditu Buckyk. Gaia sakona izanda ere, kontakizuna ez da astuna edo etsigarria. Hirugarrengo zatian, bizitza bati atzera-begirada den horretan, ordea, apur bat sendoago eta larriago egingo zaigu testua.

            Merezi duen liburua.  Umetxoei azukre-koxkorraren txertoa ematen ez zitzaien garaiko kontuak, baina gaurkoak ere badirenak.

Rafa L.



The novel's chief protagonist, 23-year-old Bucky Cantor, an athletic young man declared unfit for military service due to his poor eyesight, agonises about the appalling fates that await the victims: he's a playground director, God-like in the eyes of his young charges, a source of unimpeachable rectitude and kindness. But he can do nothing to prevent the spread of the disease. And as someone supremely active and fit, he can think of no worse existence than that of being trapped inside an iron lung.

(beheko estekan ikus dezakezun The Guardian-eko iruzkinetik hartuta)


https://www.theguardian.com/books/2011/sep/27/nemesis-philip-roth-review






2016-09-07

XAKE MATE



XAKE MATE
Alberto Ladron
(Elkar, 2002)


Alberto Ladronen hainbat nobela proposatu izan ditugu dagoeneko, baina Xake Mate hau, egileak idatzitako lehenengoa, ezkutuan pasa zaigu orain artean eta ahaztura txiki hori konpontzera gatoz orain.

Bigarren mundu gerra osteko Alemanian kokatzen da istorioa. Mutila –ez da protagonistaren izenik aipatzen– elbarri geratu da: berna batean izandako zauria era egokian tratatu ez eta zangoa anputatu diote. Aulki gurpildunean dago. Ama alarguna kezatuta dago eta mutila kalera behartu du, bera lanera joan behar duen bitartean gaztetxoa etxe zokoan gera ez dadin egun osoan. Gainontzeko umeek ez dute beren jolasetan onartzen. Bakarrik Angela arduratuko da berarekin, hurbildu eta lagun minak bihurtuko dira neska-mutilak.

Herriko jubilatuak beste zer eginik ez eta Bavaria tabernako mahaietan elkartzen dira garagardoa edatera eta xakean jolastuz denbora-pasan.
Direla urte batzuk, aita zuenak erakutsi zizkion mutikoari xakearen hastapenak eta liburu bat utzi, bere kasa, aurrera egin zezan jokoaren sekretuak ikasten.
Bavariako bezeroengana hurbildu da mutila. Baita Hilde jabearengana ere, haren abaroan izango da mutiko elbarria. Hilde negozio ilunetan dabil. Marlene Dietrichen sekulako antza du.

Angelaren ama alargunak irtenbide bakarra du aurrera egiteko eta Torrelli jaunarekin ezkondu da. Italiarrak latz tratatzen du alabaordea eta mutilak ez du hori onartuko eta "soluzioa" topatu nahi izango dio arazoari.

Pertsonaiak eta giroa oso ondo marraztuta daude. Alberto Ladronek oso ondo lotzen ditu gertakariak, horiek oso sinestekoak ez badira ere. Kapituluak laburrak dira. Egilea ez da deskripzio handietan murgiltzen, akzioa da nagusi –arraroa xakearen inguruko liburu batean, ezta?
Irakurketa arina eta emozioz betetakoa egingo zaigu. Ladron ezagutzeko liburu aproposa izan daiteke Xake Mate hau. Irakur ezazu, gustukoa izango duzu!


Rafa L.







Marlene D.