2016-04-27

KRISTALEZKO GILTZA





KRISTALEZKO GILTZA –1931–
Dashiell Hammet
(Igela, 2014)

            Henry senatariak hauteskaundeak berriro irabaz ditzan ahaleginduko da Peter Madvig epailea. Besteak beste, Janet Henry andereƱoarekin ezkondu nahi duelako. Ned Beaumontek –Peterren laguntzaileak– hartu behar izango ditu askotan laguntza-emate horren alderik ilun eta korapilotsuenak.
            Taylor Henry, senatariaren semea, hilik agertu da China Streeteko bazter batean. Senatariaren arerio politikoek Peter Madvig errudun gisa azal dadin gaztearen hilketan, erabiliko dituzte bide guztiak. Eta, bide batez, Henryk hauteskundeak gal ditzan lortu nahi izango dute.
            Ned Beaumont, Madvigen alabarekin, Opalekin gustatuta dago. Jipoi latzak hartuko ditu Nedek; partitu ere, banatuko ditu kolpeak. Bizia arriskuan izango du behin baino gehiagotan, baina azkenean… (beno, hobe zuk irakurtzea nik kontatzea baino)

            Nobela beltzaren klasikoa da. Haren elementu asko dituelarik: hilketa, jipoiak, agintari ustelak, alkohola… Agintaritza daudenen inguru lohitsuetan barrena bidaiatxoa. Kapituluak azkar pasatzen dira, kontaketa lineala da atzera saltorik gabe. Jarraiterraza.

            Hori bai, luzetxoa egin dakizueke bere 350 orrialdeekin. Patxadaz hartu beharrekoa. Nire ustean, ez da Hammetten hoberena, baina merezi du.

Rafa L.




The Glass Key pellikularen trailerrak dituzu esteka hauetan:

https://www.youtube.com/watch?v=wWSpLwDdArg

https://www.youtube.com/watch?v=Aywg8MVnc1s

2016-04-03

BARTLEBY ESKRIBATZAILEA


BARTLEBY ESKRIBATZAILEA –1856–
Herman Melville
(Erein, 2016)

            Legegizonak bere hiru laguntzaileekin moldatu izan da orain artean hala-nola, baina iragarkia jarri du eskribatzaile berria hartzeko. Bartleby iritsi da. Hasieran langile fin eta maratza, isil samarra aukeran. Egunak pasa ahala Bartleby bere kasa hasiko da, egin nahi ez dituen lanei paso egiten, baina beti otzan, beti umil. Nagusiak ez du adorerik biltzen eskribatzailea kaleratzeko eta arazoa handiago bihurtzen ari da. Bartlebyren egoera okertzen doa, itsu geratzen ari dela ematen du. Bulegoa hartu du bizitoki eta egoskor mantentzen da horretan. Besterik ezin burutu eta nagusiak bulegoa utzi eta alde egingo du beste norabait, baina beti eskribatzailearen ardura barnean daramalarik.

                Bartleby itzalez betetako pertsonaia egingo zaigu guri ere. Ez dugu lortuko bere joera ulertzea. Legegizonak sentitzen duen samin bera sentituko dugu eskribatzaile etsitu eta misteriotsuaren gorabeherak ikusitakoan.

                Maisulana. Maila jasoko hizkera erabiltzen da kontakizunean. Baina erraz menderatuko duzue. Ez dago trama handirik, baina etengabe protagonistaren ezkutukoak argitzen saiatuko zarete zuek ere kontakizuna irakurtzean. Ez dut Bartleby ulertzea lortu. Ez dakit erruki nakiokeen, eskubiderik ote dudan horretarako. 

Rafa L.



EREIN argitaletxearen aurkezpenean, Kafkaren Metamorfosia eta Bartleby honetaz hitz egin zuten. Hona bideoahttps://vimeo.com/158900023