2012-09-29

PIRTZINA ZILBORREAN


PIRTZINA ZILBORREAN
Antton Kazabon
(Elkar, 2004)

Telefonoz arituko da Aitor bere neska-lagunarekin, Joanarekin. Baita Iratirekin ere. Aitorrek biziki maite du Joana, baina Iratik eskaintzen dion erlazio mota berriak kitzikatu egiten du: hain da ederra Irati! Hain sexy dago bere zilborreko pirtzinaz!
Eta belarria telefonoan berotzen duen bitartean, ezin erabakirik ibiliko da Aitor koitadua: dena probatu nahi, denari eutsi nahi... eta ezin?

Telefono berbaldiak dira kontakizunaren oinarria, inolako narratzailerik gabe, elkarrizketen lekuko zuzenak gara irakurleok; honela, historia gertu-gertutik bizi ahal izango dugu. Oso erritmo bizikoa, atsegina, eta -nahiz eta jira eta bira ugari egin betiereko galderari: benetan maite nauzu?- aspertzen ez gaituena. Egungo gazteak ondo islatuta dauden-edo zuek erabaki behar, adinean pasatxo gaudenok ezin galderatxo honi buruzko taxuzko ezer esan.

Liburu erraza eta gustagarria. Tesi handirik gabekoa izan arren, irakurleak mugiarazi eta, garbiki, pertsonaien alde edo aurka jarriko gaituena. Aitor zerri hutsa edo maitasun-zalantzak jipoitutako gu bezalako tipo jatorra al da?

Animatu irakurtzen! Baietz tirada bakarrean irentsi!

Rafa L.

2012-09-28

BOY




BOY
Roald Dahl
(Alfaguara)





     Egileak bere haurtzaroa kontatuko digu era alai eta entretenigarrian. Pasarte guztiak ez dira zoriontsuak; baina umetan izandako atsekabeak ere, baikortasunaren bahetik pasata ematen zaizkigu historian.
     Agian, azaletik begiratuta, duela hiru mende laurdeneko umeen bizierak ez dauka zerikusi handiegirik gaurko gaztetxoen bizimoduarekin; baina, zergatik ondo ez dakigularik, Roald gaztetxoaren pena, zorion eta minek oso harrapatuko gaituzte.

     Inor, liburua bukatutakoan, gehiagorako gogoz geratu bada, jakin autore beraren “Flying Solo” liburuan honen jarraipena daukala irakurgai.


Liburu-dendetan agorturik dago. Liburutegietara jo behar izango duzue derrigorrean.
Rafa L.

2012-09-27

DEBORAH HONDARTZA BAKARTI BATEAN


Deborah hondartza bakarti batean
Pako Aristi
(Erein, 2002)


Ereinen webgunean emandako iruzkina:

Nire bizitza inkesten aurkako borroka bat izan da beti, gazteen zaletasunak, izaera eta bizioak portzentaietan ipintzen dituztenen aurka: telebista hiru orduz ikusten omen dugu egunero, amodioa egiten 15 urterekin hasi, larunbatetan seko mozkortu, ordenagailuekin liluraturik gaude, ez dugu etxetik alde egiten 32 urte arte, insolidarioak gara, kontsumistak… Ba ez. Nik ez. Ni ez. Ni ez naiz hori. Haurdun egon eta umea izatea erabaki duen Deborah-ren errebeldia da.
-----------
Deborah 18 urteko neska gazte bat da. Bere gurasoak dibortziatuta daude. Ikasketak utzi ditu eta gainera haurdun dago. 18 urterekin ama izateko prest al dago? Umea edukitzea erabaiko al du?(...)
Liburua gustatu zait, askotan horrelako egoeretan neska bat nola sentitzen den ez dakigu eta interesgarria iruditu zait. Liburua ez dizuet gomendatzen oso sentiberak bazarete, edota bakarrik akzio handiko istorioak gustatzen bazaizkizue.

Nerea Ar. 4B 2005-06

2012-09-26

MARGOLANA






Margolana
Igor Elortza
(Alfaguar-Zubia 1999)


Nestor eta Jokin hamasei urteko bi nerabe dira. Egun batean, Bittorrek, bere irakasleetako batek ikastolan dagoen margolana erakusten die ikasleei eta esaten die egun batzuetara Louvre museora eramango dutela. Orduan, bi mutiko gaizto hauek margolanaren bozetoa lapurtzea erabakitzen dute. Zer gertatuko ote da margolanarekin? eta bi mutiko hauekin?

Kontatzen den istorioa nahiko polita da eta pertsonaiak atseginak. Kontakizunak sorpresa asko ematen ditu eta, gainera, pentsaezinak zirenak. Istorioak, nolabait "engantxatu" egiten zaitu eta gehiago nahi izatera bultzatzen dizu.

Istorio aspergarriekin nazkatu samar bazaude, liburu bat gustura irakurri nahi baduzu, abenturazale bat bazara... irakurri liburu hau, gustatuko zaizu-eta.

Adur I. 3B 2005-06


---------

Nestor eta Jokin 16 urteko gazte batzuk batzuk dira eta komikiak irakurtzea gustatzen zaie. Egun batean beren irakasle batek bere bulegoan dagoen, baina laster museo batera eramango duten margolan bat erakusten die. Zer gertatuko da margolanarekin?

Historia polita eta atsegina da eta pertsonaiak ere sinesgarriak dira. Denboraren tratamendua ez zait asko gustatu nahastu egin naizelako.

Liburua normala iruditu zait: ez oso polita, ezta itsusia ere. Astuna egin zait, denborarekin eta pertsonaiekin nahastu egin bainaiz. Misterio-abenturazko liburuak gustatzen bazaizkizu, hauxe irakurtzea gomendatzen dizut, zu bila zabiltzan horietakoa baita. Anima zaitez "Margolanarekin"!

Maddalen D. 3A 2005-06

2012-09-10

IQBALEN HISTORIA


IQBALEN HISTORIA
Francesco D’Adamo
(Aizkorri, 2003)



Esplotazioa eta tristezia nagusi diren lantegi batera iritsiko da Iqbal eta itxaropena eta irribarrea ekarriko die ume esklabuei. Gogorra egingo zaie askatasunerako bidea bere familiengandik erauzitako gaztetxo hauei, baina Iqbal ausarta izango dute gidari eta eredu borroka horretan. Gerra guztiek bezala, historia honek ere zapore gozo-mingotsa utziko digu: ume zailenetako laguntasun benetakoa leungarri hoberena dela erakutsiz, eta zerbait irabazteko, askotan, bidean bihotz puskak utzi behar direla azalduz.

Fatima izango da historiaren narratzailea eta bere oroitzapenetan arakatuz narrazioa osatuko du. Pertsonaiak lauak dira. Esplotatzaileak anker eta bihotz gabe agertuko zaizkigu beti. Umeak beti bere zorigaitzean murgilduta. Fikziozkoa izango balitz, narrazioa ez litzateke puntakoa izango. Baina ez dago fikziorik: hauek guztiak gertatutakoak dira! Hotzikarak eragiten dizkigu honelako egoerak gu bizi garen mundu honetan gerta daitezkeela pentsatze soilak; eta hau da liburu honen indarra, barrenean zerbait mugiaraziko diguna.

Liburu triste eta ederra da hau. Agian ez hoberena apur bat baxu samar gabiltzan une horietan hartzeko, baina –gogorra izanda ere- ezin diogu beti ezjakinean eta hor kanpoan dagoen munduari bizkarra emanda bizi. Merezi du.

Rafa L.

2012-09-09

DORRETXE ZAHARREKO MISTERIOA





DORRETXE ZAHARREKO MISTERIOA
Fernando Morillo
(Ibaizabal, 2002)


Gaztetxo koadrilak abentura tolesgabe eta hunkigarria bizi izango du abandonatutako etxe zahar batean sartzean. Eta hango misterioak argitu nahirik dabiltzala, era isil eta misteriotsuan ere harrapatuko ditu amodioak Andoni eta Ane; jakina baita maitsunak beti irabazten duela, nahiz eta batzutan horretarako etxe zahar baten hormen artean urtetan egon behar izaten duen lozorroan.

Jende “serioak” asko preziatzen ez duen aitona mozkortia izango da misterioak eta ezkutukoak dakartzaten zirraren lehen pausuak erakutsiko dizkiena gaztetxoei.
Laburtzeko: emozioa, maitasuna, erritmo bizia.

Gustukua al zenuen txikitan etxe abandonatuetan sartzea? Ez zinela ausartzen? Hona zurre aukera: irakur ezazu. Gustatuko zaizu! Dudarik ez!






Rafa L.

2012-09-08

THULE



THULE
Joanes Urkixo
(Elkar, 2002)


Iñigo eta Juan, gazte abenturazale euskaldunak, Veneziara iritsi dira, piratek euren barkua suntsitu ondoren. Iñigo jaun printzipal baten alabarekin, Vaninarekin, enamoratuko da; eta neskaren aitak antolatutako espedizioan abiatuko da bere lagun bermeotarrarekin.

Itsasoan Iparraldera egingo dute, etengabean, eta bidean zenbait abentura eta gorabeherak izango dituzte Sibilian, Bilbon eta Ipar Itsasoko hainbat tokitan; beti Thule lurralde mitikoaren bidean.

Istorioa sinplea da, sorpresa handirik gabekoa. Batera eta bestera joan beharreko presaz, pertsonaiek bizi dituzten abentura eta pasadizoak oso azaletik kontatzen zaizkigula ematen du batzuetan.

Agian, gaztetxoagoentzat da egina eta, ezagutzen ditugun Urkixoren beste kontakizunen mailara iritsi ez izanagatik ere, gustura irakurtzen den istorioa da.

Rafa L

2012-09-07

EULIEN BAZKA





EULIEN BAZKA
Hasier Etxeberria
(Susa, 2003)


Oso zaletasun bitxia duen gizona da Damian: euliak maite ditu! Ertzaintzarekin egin ohi du lan. Oraingoan lazgarria egingo zaion hilketa argitzen lagundu behar izango du. Sexu harreman sofistikatuak edukitzeko Gipuzkoako zenbait handikik eratutako elkarte erdi sekretuak zerikusi handia izango du aferan. Aurrera egin ahala, dena okertzen joango zaio Damiani eta emaztea, itxaropena, lagunak, azken amorantea edukitzeko aukera eta ,agian bizia ere galduko ditu.

Akzioak bere xarma eta irrika baditu ere, Damianek jasaten duen gain-beherak hunkituko gaitu gehien, bere “ezin gozatze” horrek. Arin mugitzen den istorioak, aldian behin, erritmoa geldotu eta protagonistari atseden har dezan utziko dio bere sentipen ilunetan murgil dadin. Oso arraro eta bitxi egiten bazaigu Damian hau, bere bizipenak oso hurbil eta oso “gureak” egiten zaizkigu.

Nobela “serioa” izanagatik ez da nobela zaila. Gustura eta irrikaz irakurtzen dena izanda, ez da errazkerian erortzen. Pentsaraziko digu. Gomendagarria ezbairik gabe.



Rafa L.

2012-09-06

FATUM



FATUM
Jon Arretxe
(Elkar, 2008)




Mario Barbosa polizia ohia fado kantaria da orain jatetxe batean. Ezagunak ditu, eta hainbat kasutan lagun ere, Lisboako auzo ez gomendagarrietako etxebako, jonki, gamelu, prostituta eta gainontzekoak. Hauetako bat, Mariza –kaleko emakumea-, basatiki erahilda agertuko da kale-obretako zulo batean. Barbosak ahaleginak eta bi egingo ditu Marizaren hiltzailea topatzeko, baita lortu ere.

Joan Arretxek Lisboako Alde Zaharrean kokatu ditu bere istorioko pertsonaiak. Eta gora eta behera jarri ditu hauek, oinez edo tranbiaz, guri hiriko auzo marginal hauek erakustearren. Eta pertsonaiei bizia eman die bere egunerokotasun gordina aurrera eraman ahal izan dezaten. Nekez eta etsipen eta tristezia puntu batez eraman ere.

Kapituluak motzak dira, irakurterrazak, arinak. Martxa handiz eta gartsuki irakurtzen den nobela da. Arretxek landutako nobela-beltza-bidaia-gida genero honetako fruitu berri honi aurreko “Morto vivace” baino biziago eta borobilagoa deritzogu. Oso gomendagarria.
Rafa L.

2012-09-05

AZKEN URTEA LIZEOAN






AZKEN URTEA LIZEOAN
Joxemari Iturralde
(Ibaizabal, 2002)



Institutuan bere azkeneko ikasturtea egiten ari den RAF neskak Lizeoan gertatzen diren bitxikerien berri emango digu.
Nobelan, ikaskideak zanpatzen eta menperatzen saiatzen den alproja koadrilarenak, irakasleen arteko bikoteen korapiloak -batzutan ikasleak berak tartean harrapatuko dituzten korapiloak- eta eskoletan ohizko diren (?) honelako zenbait kontu izango dira.
Honi guztiari sexu apur bat eta hilketa bat gehitu, eta... (batzutan gertakizunak exageratu samar eta sinesgaitzak egingo bazaizkizu ere) harrapatuko zaituen nobelaren formula edukiko duzu.

Rafa L.

2012-09-01

ROBINSON CRUSOE




ROBINSON CRUSOE
Daniel Defoe
(1719)
 
            Bere jatorriko Ingalaterratik abiatuta, oso gaztetatik hasiko da Robinson itsas- bidaietan. Esklabuen negozioan sartuta, gauzak primeran doazkiola ematen duenean, Afrikako kostaldean pirata batzuen eskuetan erori eta urte batzuk egongo da ihes egitea lortzen duen arte. Brasilera doa eta beltzen trafikoan berrastekotan dagoelarik bere ontziak istripua eduki eta han geratuko da irla hartan, isolatuta urtetako. Han, barkutik berreskuratutako hainbat tresna erabilita, lortuko du bizirik irautea. Inguruko basatiak kanibaleak dira. Jan behar zuten bati bizia salbatu eta hura izango da aurrerantzean bere zerbitzari: Ostiral.
            Narratzaile orojakile batek emango digu uneoro marinelaren berri. Istorioa atzera eta urrera handiekin dago kontatuta, errepikapen ugari, askotan seko aspergarri egin arte ere. Jainkoari buruzko erreferentzia etengabekoak dira eta moteldu egiten dute kontakizuna.
            Oso liburu nekeza. Ez du merezi hainbeste sufritzeak, hain etekin txikia lortzeko; izan ere, narrazioak ez digu ekarpen handirik egingo. Oso urruti geratzen zaigun klasikoa da Robinson.
 
Rafa L.
 
 
 
 
 





ZAINDARI IKUSIEZINA



ZAINDARI IKUSIEZINA
Dolores Redondo
(Erein, 2013)

 
                Oso neska gazteak hasi dira hilda agertzen Elizondoko lurretan. Bertako alaba den Amaia Salazar bidaliko dute Iruineko komisaldegitik kasua argitzeko. Lekuko batzuek Basajauna ikusi omen dute gaztetxoak soka batez itota azaldu izan diren lekuen ingurumarietan. Hilketak gelditu egin dira eta ikerketa trabatuta dago, ez aurrera, ez atzera. Foruzain gazteak norbaitek kasuari buruzko informazioa ateratzen ari dela susmatzen du. Amaia herrian bueltan azaldu izanak berpiztu egin ditu familia barruko herra zaharrak, eta bere barnean ustez ahaztutako antzinako beldurrak.

                Izugarrizko erritmoaz hasitako istorioa interesa galdu egiten du hildakoak ez daudenean (Odolik ez badago, interesik ez? – nolakoak garen irakurle batzuk!). Familiako rollo txarrak (txarrak eta txarki azaldutakoak) kontakizunaren nagusi egiten direnean hau pikutara egozten dute, eta irakurketa astun eta nekoso egiten zaigu.

                Pertsonaiak oso gainetik daude margotuta, ez zaigu beraien portaera bitxien zio sinesgarririk ematen. Sorgin kontuen ukitua ematearren nahastura bitxia egin da tarota, Lancre eta gaixotasun psikiatrikoaz. Basajauna, laminak, Barandiaran, gastronomia (nola ez! Hemen ere ditxosozko gastronomia!) euskal punttua eman nahi izan diote lapikoari.

                Hori bai! Baztan berriz bisitatzeko gogoa piztu dit liburuak!

Rafa L.