TANGERKO AMETSAK
Jon Arretxe
(Erein, 2011)
Jon
Arretxek azken liburuetan erabili izan duen formularen ildotik egin du Tangerko ametsak nobelan ere: trama
beltza + bidaia. Hobe nahian Europara egin beharreko ibilbidean Maliko eta, oro
har, Afrika beltzeko gazteak nahiko errazki iritsiko dira Maroco itsasertzera,
baina Europarako saltoa lan nekezagoa izango da. Hau da Moussa gure
protagonistaren kasua, Bamakotik iritsitako gaztea beste hainbatekin bilduko da
Tangerren bere aukeraren zain. Norbaitek ez du hau begi onez ikusi eta zuzenean
“garbiketa sakona” egitea erabaki du.
Nobela
honetan, ordea, hildakoek ez dute inoren jakin-mina piztuko eta inor ez da
hilketekin arduratuko.
Bukaeran
istorioak salto egiten du patua, aztikeria eta misterioaren aldera. Eta zoritxarra
saihestu ezinezkoa denaren zapore garratza utziko digu kontakizunak.
Arretxeren
aurreko liburuetan zeukana baino pisu gutxiago du “gidarenak” azken liburu
honetan. Apika bidaiarientzako aholkutzat har daitezkeenek garrantzia handiagoa
dute Tangerko leku aurkezpenak baino. Aurreko beste liburuetan erabili izan
duen umoretik ez dugu ikusi kontakizunean; izan ere, egoerak ere ez dira oso
jai girokoak.
Agian gai gehiegi ikutu nahi izanak
intentsitatea kendu die guztiei eta, itxura, axaletik landuta geratu dira.
Emakumeen sexu-esplotazioa, ume gaixoen egoera tamalgarria, pateren mafiak,
poliziaren ustelkeria, turista “zintzoak” eta “gaiztoak”… ez dugu oso argi
ikusten zein den idazleak gehien azpimarratu nahiko lukeen gaia.
Linealki
kontatuta dagoen istorio batean, txertatu egiten dira hilabete batzuk geroago
gertatuko denaren flash modukoak, oso azkenean bi azpistorioren arteko
zerikusia argituz.
Pertsonaiak
ondo taxututakoak dira eta sinesgarriak egiten zaizkigu. Beharbada, supituki
Fatimari protagonista papera kentzen dion Laurari buruzko zerbait gehiago jakin
nahiko genuke.
Erraz
eta gustura irrakurtzen den nobela da. Oso aldatuta ikusi dut idazlea:
serioago, tristeago. Irakurri, merezi du-eta.
(Liburu hau, Toure-ren trilogia baino lehenagokoa da)
Rafa L.
No comments:
Post a Comment