2011-08-31

SACAMANTECAS NUEN AITA



SACAMANTECAS NUEN AITA
Aitor Arana
(Txalaparta, 2012)
 

 

            Juan Diaz de Garaio, aparteko historiarik gabeko nekazari txiroa, zoriontsu bizi izan da Dulantzin bere lehenego emaztearekin eta bere hiru seme-alabekin. Baina hura hiltzean, dena gainbehera dator haienean eta Juan bere sexu irrika asetzeko etxetik kanpora joko du, emazteak –hirutan alargunduko baita Juan- ez baititu aldeko izango. Hasieran salaketaren beldurrez, geroago agian plazerrez ere, emakumezkoak hilko ditu: lehenengoetan itota, beranduago labanaz zaurituz eta azkenerako tripa hustuz. Hortik herriak eman zion goitizena: Sacamantecas.           

Liburuan Euskal Herrian izan dugun serial killer famatuenaren historia erakusten digu. Hiltzailearen alabak komentu bateko giro patxadatsuan saiatuko da bere aita izandakoaren oraipenak eta datuak biltzen. Haren irakurketengatik ezagutuko ditugu orduko gizartearen erreakzioa eta Adelak –alabak- zirriborratzean hasten den aitaren biografiatxoan Garaio etxetiar eta zoriontsua ere egon zela iradokiko zaigu. Gainontzekoa –gehiena, bestalde- narratzaile batek botako ditu plasta-plasta, gupidarik gabe.

Kontakizunak apur bat badauka nobelatik, baina gehienbat Garaioren krimenei buruzko datu metaketa gehiegizkoa suertatzen da. Adelaren kontakizuna ez du funtzionatzen historia osoa “literaturatzeko” orduan, eta Garaio barnetik ezagutzeko gogoaz geratuko gara. Zerbait landuago merezi zuen historiak: emakume bortxatuen sentimenduak, Garaioren balizko zergatiak, paisaien deskribapenak, …

Gertakizunek sekulako indarra izanda, irakurketak harrapatu egiten zaitu. Agian, txosten morbosoek harrapa zaitzaketen moduan. Baina polizia agirietan literatura gutxi jeneralean.
 
Rafa L.



ZEKALE ARTEAN HARRAPAKA


 
 

ZEKALE ARTEAN HARRAPAKA
The Catcher in the Rye (1951)
J.D. Salinger
(Elkar, 1991)




            Holden Caulfield gaztea bota egin dute Percey eskolatik, aurreko beste hainbat eskolatan gertatu izan zitzaion gauza bera. Alde batetik pozik dago gorroto zuen eskola hartako inor ez duelako jasan behar izango gehiago. Bestetik, aitaren beldurrez, honek zer esango ote dion. Eguberritako oporrak familiarekin normal pasatzeko datorrenaren itxurak emateko, hiru egun pasa behar ditu New York-en, etxeratu ahal izatearen zain.
            Taberna-zuloetan alkohola edaten, irakasle ohi eta taxistekin erdi filosofeatzen eta neskekin baketu nahirik emango ditu New Yorkeko egun horiek, batera eta bestera. Galduta etsipenetik gertu beti.

             Holden nerabezarotik irten berria ematen duen arren, helduen modu eta itxura harro eta desafiozkoak izango ditu. “Tipo gogorra” gisa azaldu nahi izango du beti eta edonon. Ingurua ere horrelakoa du pertsonaiak; nahiz eta aberaskumeak izan kontakizuneko gazteak. Ozta-ozta eutsitako bortizkeria arnasten da etengabean eta giroa ia bazterrekoa dela ematen du.

            Arrotz eta urruna egiten zaigu nobelaren giroa, zorionez. Egun ez zaigu oso sinesgarria egiten eta zaharkitu itxura hartzen diogu.
 
Rafa L.

2011-08-30

IZU-IZUA

 
IZU-IZUA
Jokin de Pedro
(Elkar, 2012)
 
Hiru kontazkizunek osatzen dute liburua, beraien artean lotura edo zerikusi handirik gabekoak. Lehenegoan istorioan kontatzen zaigun ipuinean, bi iheslarik elkarrengandik libratzeko moztu behar izandako besoaren gorabeherak datoz. Luzeena izanda liburuari izena ematen dion bigarrena Hitchcocken Psycoren errekreazio bat da. Hirugarrena bere sabela ondo artatuko duen sukaldaria zaintzeagatik hiltzaile bat etxean edukiko prest dagoen sibaritarena.
Konteketak era linealean egiten dira, arin eta atseginak egiten zaizkigularik. Izu-izua narrazioan lotuegi dago Alfred Hitchcocken pelikularekin. Filma berrikusi behar dudala gogorarazi dit; eta zuei ere, agian, komeni lekizueke filma gogoratzea liburuari ekin baino lehen.
Misterio eta suspentse handiko ipuin gisa publizitatu direnak, ordea, ez dira zirrara minimo bat eragitera iristen. Hizkuntza zoragarria erabiltzen du Jokin de Pedrok bere kontakizunetan; baina zorionez gure literaturarentzat joan zen euskara joriak istorio pattaltxo bat zuritzen zuen garaia.
 
Rafa L.
 
 


2011-08-28

ZUREAK EGIN DU




ZUREAK EGIN DU
Iñaki Friera
(Susa, 2009)
 
            Liburu honetan indarkeria sexistaren gaiari helduko dio Iñaki Frierak, espezifikoki gazteei zuzendutako beste lanak ezagutzen dizkiogun egileak. Badirudi istorio honekin irakurlego zabalago baten bila abiatu dela idazlea. 
            Lan egiten duen aldizkarian gaiari buruzko erreportaia prestatzeko eskatu diote kazetari-protagonistari. Emakumeari laguntza eskaintzen dion ekintzaile talde batek aprobetxatuko du kazetariaren lana Sofia erasotutako andrearen kasua salatu eta erasotzailea suntsitzeko. Kazetaria eta ekintzaileen arteko harremanak zail eta arriskutsuak dira, erasotzaileak bere burua babesteko  prest baitago edonori edozer egiteko. 
            Istorioaren protagonistek ez dute izenik, ez da ez hiri ez tokirik izendatzen, eta horrelakoak edonon gerta daitezkeela adierazteko helburuaz erabilitako baliabidea dena urrun eta nahasi samar senti dezagun suertatu da –niri hala gertatu zait, behintzat.
            Berez nahiko ahul eta sinesgaitza den kontakizuna eten eta nahastera datoz hainbati hartutako adierazpenak. Sofiaren ingurukoek bere zorigaitzari buruzko dituzten aburuak agertzen dira oso behartuta txertatu diren (judizial, psikologoaren, polizia-…?) adierazpen horietan. Sofia entzun nahiko genuke gehiago liburuan zehar, bere bizipenarekin zuzenean bat egin, bitartekorik gabe; bere historia hurbilago gerta dakigun. 
            Hala ere irakurtzeak merezi du, gaiak merezi baititu gure arreta eta inplikazioa.
 
Rafa L.
 
 




2011-08-23

HERIOTZARAKO JANTZITA
Donna Leon
(Erein, 2009)


Oporretara joan behar zuen familiarekin Guido Brunetti komisarioak, baina trabesti bat hilik azalduko da orube batean eta poliziak argitu beharko du kasua. Hildako identifikatu eta aztarnak topatu ahala, Venezian etxebizitza lortzeko mafiek martxan dituzten negozio zikinak eta karitatezko erakunde ustelen atzean daudenak ere azaltzen joango dira. Bidean hildako gehiago izango dira. Azkenean kasua argitu argituko da, baina zigorra jende xehe eta arruntarentzat izango da bakarrik. Izan ere, boteretsuak beti atera ohi dira onik legea eta epaileak tarteko badira. 
            Brunetti pertsonaia oso gizon arrunta egiten zaigu, oso hurbilekoa. Ez da Iparraldeko beste polizia horiek bezalakoa, ez dago dibortziatuta, ez du gehiegi edaten, ez dauka depresio larririk. Oso bitxia egingo zaiguna –niri, behintzat, gertatu zait- zera izango da Venezia hiria (kanalak, vaporettoak, palazioak…) eta polizia istorio arrunt baten (jazarpenak, tiroak, forentseak…) arteko nahasketa. Ez naiz irakurritako liburuei buruzko filmen ikusi zalea, baina kasu honetan gustura joango nintzateke zinemara.
            Istorioak oso erritmo handia dauka, ordu erdiko irakurketako kapituluetan emanda dago, baina patata frijitu iragarki hark esaten zuen bezala “ezin izango duzu bakarrarekin konformatu”, kontakizunak harrapatu egin zaitu eta gutxienez bi kapitulu irentsiko dituzu irakurraldiko.
            Kontsumorako literaturaz ari gara. Aparteko balorerik gabekoa, baina denbora-pasa atsegina eskain diezagukeena: bidaia bat, oporretako planik gabeko egunak, itxarongelak…
             Gustatu bazaizue ez larritu, Brunetti komisarioak gutxienez beste dozena bat kasu badauzka eta izango duzue non aukeratu. Espero dezagun aurki besteren bat euskaraz argitaratzea.
Rafa L.



2011-08-21

BARKU MADARIKATUA
La novelle marinaresche di Maestro Catrame
Emilio Salgari
(Alberdania, 2011)


          Kanpo istorio txiki batean txertatuko dira Galipot kontramaisuak zigor gisa kontatu behar izango dituen pasadizoak. Galipot beti azalduko zaigu fantasia eta misterioaren aldeko bere kontakizunetan. Entzule fidel eta zorrotza den barkuko kapitainak, ordea, arrazoia eta logika erabiliko ditu kontramaisu zaharraren istorioen indarra ahultzeko, eskifaia osoak ihes egingo ez badio Galipoten istorioen gehiegikeriek izututa. 
            Oso molde klasikoan emandako istorioak dira. Idazkera bera nahikoa urruti dago egun abenturak kontatzeko idazleek erabiltzen ohi duten hizkuntz labur eta zorrotzarengandik. Itsasoko mito eta kondaira ugari pasako dira Galipoten ahotik: holandar herraria, itsaslaminak…
            Hasieran, agian, gogortxo egingo zaizkigu perpausa luze eta korapilatsuak; baina berehala ohitu eta izugarri gozatuko dugu abentura xalo hauekin.
            Salgariren zure lehenengo liburua? Kontuz, engantxatuta gera zaitezke egile italiarrarekin!

Rafa L.







2011-08-17

ARGIAREN ERREINUA




ARGIAREN ERREINUA
Joseba Lozano
(Alberdania, 2011)


Ustez serial killer bat suelto dabil Praga eta inguruan. Andrazkoak azalduko dira hilik eta torturatuta, antza. Jan Voget polizia arduratuko da hilketa hauek argitzeaz. Annak, liburu-dendako neskak, gai polizialekin arduratzen den bloga kudeatzen du. Neskak laguntza
eskainiko dio Jani kasua argitze lanetan eta bien arteko zerbait sortuko dela ematen du.
Baina istorioak norabide aldaketa handia izango du. Jan heroinaren atzaparretan
eroriko da eta Annak, Fran bere lagun berriak lagunduta, hartuko du hilketak argitzeko ardura eta erlijio-sineskeriak hartuko du kontakizunaren erdigunea.

Lehenengo zatia Europako nobela beltza berriaren oso antzekoa da; erakargarria eta arina.
Bigarrenean erlijio sasi-azalpenetan murgiltzen da eta abentura sinesgaitza, errepikakorra eta aspergarrian.

Nola moldatzen ziren idazleak Spectrum bat zeukana herriko frikiena zenean eta
irakurleok internet zegoenik ere ez genekienean? Nazkatu samar gaude dagoeneko ordenagailu bat tekleatuz liburu guztietako misterio guztiak argitzen dituzten pertsonaia guztiekin. Txikitako “orduan majia egin zuen” denetarako balio zuen hura bihurtu da informatika egungo idazle askoren eskuetan.

Hala ere, liburuaren hasierakoa gustura irakurri dut eta agian istorioak nobela
beltzaren bidetik jarraitu izan balu…


Rafa L.



2011-08-12

HERIOTZA HARRIGARRIA


HERIOTZA HARRIGARRIA
Toti Mtz. De Lezea
(Alfaguara-Zubia, 2008)


Toti Martinez de Lezeak idatzitako liburuan, Ikerren udako abentura kontatuko zaigu. Eskolan dena gainditu ez eta Errioxara joan behar izan du bere gurasoekin uda pasa. Han, Priore-etxea deituriko nekazal turismo batean hartuko dute ostatu.

Priore-etxeko familiako gazteenekin –Sararekin eta Aleixekin- kide egingo da Iker. Gauetan etxeko sotoaren aldetik datozen zarata arraroek piztu dute gazteen jakin-mina eta ikertzeari ekingo diote. Hau gutxi balitz, udetan bertara joaten den edadeko lagun taldeko emakume bat, Rosalia andrea, hilik azalduko da. Hau ere ikergai bihurtuko da gaztetxoentzat.

Hasieran misteriozko istorio “klasikoa” zirudiena, "egoiliarren" presentziak desbideratu egin du eta kontakizuna nahastu eta aldrebestu egin du.

Pertsonaiek esandakoetan eta aspaldian egindakoetan bermatzen da istorioa, esan eta esan ez zutenetan oinarritzen da gehiegi kontakizuna. Irakurlea ez da lekukoa eta dena “murtxikatuta” ematen zaio. Bestalde, pertsonaia gehiegi dira, presaz deskribatuak, patxadarik gabe dabil istorioa saltoka batetik bestera.

Gehiegi azaldu beharrak hondatzen du “krimenaren” istorioa eta bestea,  benetan interesgarria… zarata misteriotsuena…, landu gabe geratzen da.


Rafa L.


2011-08-10

JACK DESTRIPATZAILEAREN ARRASTOAN



JACK DESTRIPATZAILEAREN ARRASTOAN
Joxemari Iturralde
(Ibaizabal, 2009)


Patrizio Dagerrezahar gazteak Ameriketarako bideari ekin dio, bertan bizi den bere osabarekin elkartzeko. Bizimodua ateratzeko eta bere legegizon izateko ikasketak bukatzera nahi du hara joatea. Bidaia ia hasi orduko, lehenengo eskalan, Pat-i fardelak lapurtu dizkiote eta dirurik gabe utzi. Londresen geratu beharko du gazte lapurtarrak, dirua irabazi, aurreztu eta bidaia jarraitu ahal izateko. Ostatu batean hasiko da lanean eta gogorra egingo zaio. Lagunak egingo ditu eta jende bitxi asko ezagutuko du Inglaterrako hiriburuan.

Istorioaren kontakizuna era arruntean dago eginda, hasieratik bukaerarantz. Kapituluak laburrak eta arinak dira Paten istorioa kontatzen ari zaigun bitartean, baina Jack destripatzailearen krimenak hasten direnean, liburua erabat aldatu egiten da eta zaila bihurtzen. Poliziari buruzko datu eta izen pilo batez nahastu egiten da irakurlea, susmagarriak ere dozenaka. Idazlea, kontakizuna utzita, txosten bat egiten ari dela ematen du eta istorioak bere erakargarritasuna galdu egiten du.

Niri kosta egin zait liburua bukatzea. Ez zait iruditzen merezi duenik. Sexu eszena gordintxoak ditu eta, gomendatuz gero, zaindu beharko genuke nori gomendatu liburu hau.

Rafa L.

2011-08-09

MISTERIOA ARGITU ARTE



MISTERIOA ARGITU ARTE
J.K. Igerabide
(Elkar, 2010)


Oraingo honetan J.K. Igerabidek Estherren istorioa kontatuko digu. Esther neska itsua da; bere lagunen laguntzaz eta Pipo bere txakurrarenaz bizimodua ia normala aurrera eramateko gai da. Bat-batean dena okertzen da: aita atxilo eramaten dute lan egiten duen banketxetik dirua harrapatu duelakoan. Eskolan ohi baino begirune handiagoz aritu izan zaio jendea eta Esther zerbaiten susmoan hasi da eta konturatu orduko maltzurren kontrako borrokan dago buru-belarri sartuta.

Matematikako irakasle ankerraren gizona eta mafia errusiarrekoak (ez da oso argi geratzen zein den hauen papera istorioan) egongo dira gaizkileen artean.
Zintzoak (Esther, Argiñe, Neli, Paulotxo…), koadrilako guztiak, saiatuko dira misterioa argitzen eta, beti ere helduei jaramon eginda, lortuko dute gaiztoak giltzapetu ditzaten.

Istorioa oro har ez da oso sinesgarria, gainera ez du bide argirik jarraitzen. Pertsonaiak etengabeko kalejiran daude: etxera, txaletera, etxera, txaletera, kalera…, baina ezinezkoa da nora iritsi nahi diren antzematea.

Esther pertsonaia gure samurtasuna eta solidaritatea ernarazteko diseinatuta dago, baina ez zaigu sinesgarria egiten. Gazteak beti oso esaneko eta helduen menpeko agertzen dira kontakizun osoan.

Rafa L.

2011-08-08

TANGERKO AMETSAK




TANGERKO AMETSAK
Jon Arretxe
(Erein, 2011)


Jon Arretxek azken liburuetan erabili izan duen formularen ildotik egin du Tangerko ametsak nobelan ere: trama beltza + bidaia. Hobe nahian Europara egin beharreko ibilbidean Maliko eta, oro har, Afrika beltzeko gazteak nahiko errazki iritsiko dira Maroco itsasertzera, baina Europarako saltoa lan nekezagoa izango da. Hau da Moussa gure protagonistaren kasua, Bamakotik iritsitako gaztea beste hainbatekin bilduko da Tangerren bere aukeraren zain. Norbaitek ez du hau begi onez ikusi eta zuzenean “garbiketa sakona” egitea erabaki du.
Nobela honetan, ordea, hildakoek ez dute inoren jakin-mina piztuko eta inor ez da hilketekin arduratuko.
Bukaeran istorioak salto egiten du patua, aztikeria eta misterioaren aldera. Eta zoritxarra saihestu ezinezkoa denaren zapore garratza utziko digu kontakizunak.

Arretxeren aurreko liburuetan zeukana baino pisu gutxiago du “gidarenak” azken liburu honetan. Apika bidaiarientzako aholkutzat har daitezkeenek garrantzia handiagoa dute Tangerko leku aurkezpenak baino. Aurreko beste liburuetan erabili izan duen umoretik ez dugu ikusi kontakizunean; izan ere, egoerak ere ez dira oso jai girokoak.

Agian gai gehiegi ikutu nahi izanak intentsitatea kendu die guztiei eta, itxura, axaletik landuta geratu dira. Emakumeen sexu-esplotazioa, ume gaixoen egoera tamalgarria, pateren mafiak, poliziaren ustelkeria, turista “zintzoak” eta “gaiztoak”… ez dugu oso argi ikusten zein den idazleak gehien azpimarratu nahiko lukeen gaia.

Linealki kontatuta dagoen istorio batean, txertatu egiten dira hilabete batzuk geroago gertatuko denaren flash modukoak, oso azkenean bi azpistorioren arteko zerikusia argituz.
Pertsonaiak ondo taxututakoak dira eta sinesgarriak egiten zaizkigu. Beharbada, supituki Fatimari protagonista papera kentzen dion Laurari buruzko zerbait gehiago jakin nahiko genuke.

Erraz eta gustura irrakurtzen den nobela da. Oso aldatuta ikusi dut idazlea: serioago, tristeago. Irakurri, merezi du-eta.


Rafa L.



2011-08-06

AMAIA LAPITZ ETA ERREGINA GORRIAREN HILOBIA



AMAIA LAPITZ ETA ERREGINA GORRIAREN HILOBIA
Katixa Agirre
(Elkar, 2010)



Kontakizunean oso ondo txertatuta ez dagoen XIX. Mendeko espedizio batek agerian utzitako tenplu maia bateko altxor eta sekretuen ikerketa jarraitzera doa Susana Lapitz anderea, arkeologoa eta Amaia Lapitzen ama. Amaia, hasieran gogoz kontra badoa ere, bere amari lagunduko dio Yucataneko lurralderako bidaian.

Konturatu orduko neska Hilketa baten lekuko bakarra bihurtuko da. Gai arkeologikoekin negozio ilunetan dabilen mafiarekin topo egingo du neskak. Mario mexikar gaztea egingo du lagun Amaiak eta mutila askatzearren istilu handitan sartuko da. Azkenean onik aterako dira.

Abentura originala eta kitzikagarria hasieran, moteldu egiten da apur bat liburua aurreratu ahala. Bukaerako nahiko standart bihurtuta: tiroak eta kolpeak.Tamalez istorioak frekotasuna galtzen du. Zeharka beste gaiei ere ematen zaie lekua: herri indigenen zapalketa, zapatisten errebindikazioak, zenbait apunte historiko…

Amaia bere amari oso lotuta dagoen neska bada ere, hasi da askatzen eta bakarrik hegan egiten. Honek zalantzak eta beldurrak eragingo badizkio ere, bere autoestimuan bultzada handia emango honelako abentura bizi izanak.


Rafa L.

2011-08-01

IRURAC BAT



IRURAC BAT
Jokin de Pedro
(Elkar, 2008)


Gari ez da ondo konpontzen emaztearekin; maitale bat dauka, gainera. Eta hau da bere egitasmoa: andrea akabatu, haren ondasunak jaso eta gero ondo bizi bere neska berriarekin batera. Lan zikina egiteko profesional baten zerbitzuak kontratatuko ditu eta, gizajo bat –Aitor- engainatuko dute gero hari hilketaren txalma bota ahal izateko. Aitor bete-betean eroriko da Maitek/Sarak jarri dion lakioan. Eskerrak ertzain bizkaitar hori ez dela erraz engainatzekoa.

Korapiloaren plantemendua guztiz klasikoa da, baina hasieran akzioak bultzatuta oso dinamikoa egiten da istorioa. Gero azalpenetan hasita txispa apur bat galtzen du. Hala eta guztiz ere, gustura irakurtzen da nahiz eta bukaerarako egiantz zantzu txikiena ere galdu istorioak.

Arin irakurri daitekeen liburua da. Hiruzpalau ordu ondo entretenituta pasatzeko.