2016-03-26

ZOMORROEN KLUBA




ZOMORROEN KLUBA
Laida Martinez

(Erein, 2016)

         Teresari altuago izatea gustatuko litzaioke, bere ahizpa Noraren adinakoa edo. Ikastolan gelako neska-mutil harroputzek ez diete pakerik ematen Teresa eta bere lagunei. Zomorroen Kluba deitzen diote Teresak –Labezomorroa–, Aliciak –Inurrierdi– eta Paulak –Armiarma– osatzen dute taldeari. Ikastola diruz urri dabil eta moda-desfilea antolatuko dute sosak biltzeko. Jaialdi horren prestaketa izango da kontakizunaren ardatz.
            Gogorra egiten zaio Teresari jazarpenari aurre egitea, baina etxekoen eta lagunen laguntzaz lortuko duela ematen du.

            Bullinga da kontakizunaren gaia. Itxura fisikoarengatik baztertuta sentiarazi nahi dituzten nesken kasua kontatzen zaigu. Horretara mugatu da istorioa, natural onartuz nesken (ez mutillena) modarekiko irrikia eta kritikagarri izan zitezkeen beste hainbat kontsumo eredu.

            Motz geratu da salaketan, baina hau ere egin beharrekoa zen. Irakurri, gure artean zer ez dugun inoiz onartu behar argi gera dakigun behingoz; eta, elkarrekin, aurka egin diezaiogun.

Rafa L.



Liburua gazteleraz ere badaukazue:


Erein argitaletxean daukazue aurkezpenaren VIMEOa:

2016-03-22

EMAN AMORE



EMAN AMORE
Xabier Etxeberria
(Elkar, 2016)


          Jon Zeta ikaskidearekin dago gustatuta eta berarentzat prestatu dituen abesti-letrak erakutsiko dizkio Haizeari gaueko kontzertuan. Yonathan lagunduko dio No Future taldeak jotzen duen diskotekara, Undergroundera. Baina hara iritsita Kore topatuko du Jon Zetak (Korek Zeta topatu du, egia esan), ordura arte ezagutu izandako neska guztien hain bestelakoa dena: ederra, amoltsua, maitagarria.
          Zeta, esperientziarik gabeko mutikoa, neska begi berdearen eskuetan eroriko da braust batean, erremediorik gabe; eta lurrazpiko izaki arriskutsuenei ere aurre egiten ausartuko da bere bizitzan trabatutako neska agertu berriari eustearren.

            Fantasiazko istorio honek oso erritmo bizian dago kontatuta. Protagonistaren ahotsean ematen zaigu. Kapitulu motzak, akzio bizikoak, zirraragarriak. Sines daitezkeen pertsonaiak oso era sinesgarrian daude marraztuta, eta besteak… bestelakoak dira.

            Liburuak berehala harrapatuko zaitu eta ezin izango duzu utzi bukaera arte. Fantasioso samar zara? Maitabera? Orduan, dudarik gabe, irakurtzeko gomendatuko nizuke. Bizpahiru ordu zoragarri emango dituzu. Gozatu!

Rafa L.






2016-03-20

ZONBIA SAN MAMESEN





ZONBIA SAN MAMESEN
Fernando Morillo

Gaumin, 2013


          Bilbotarra da Zoro, Unamuno institutuko ikaslea. Unamunora mutil berria iritsi da: Markos, berehala Zororen lagun egingo dena. Bestalde, beti adarra jotzen ari zaion Itziarrek hitzordua egin dio Zorori Getxoko jauregi abandonatuan. Bertarako sotora jaitsi direnean, uste izan gabe, askatu egin dute Bilbo osoan izua zabaltzen hasiko den zonbia. Zonbi belarrijalea Itziarren arbaso bat omen da eta gazteek salbatu nahi izango dute poliziak harrapa dezan baino lehen. Non ezkutatu, baina? Jendez lepo dauden lekuetan suertatzen da zailen inor topatzea. Eta, non elkartzen da jende gehien Bilbon? San Mamesen, noski! Hara jan dira ihesean gazteak, zonbia eta Tristras, Zororen aita. Pertsonaia bitxiak izanda ere, zaleek ez dute ezer berezirik nabari.

            Batere beldurrik eragiten ez duen beldurrezko istorioa. Itxura, kontakizuna farrea eragiteko helburu soilaz dago eginda. Liburuak dakartzan argazkiak ikusita, egileak berak primeran pasa du hau prestatzen. Sinesgarritasuna zero. Literatura zero. Baina istorioak, xinplea izanda ere, harrapatu egiten du eta tirada batean irakurtzera behartzen zaitu.


            Irakurtzea oso gustuko ez baduzu ere, erraz leituko duzu hau eta, seguruenik, atsegin egingo zaizu. Serie bati hasiera eman dio lan honek. Beraz, Zororen laguna egin bazara, baduzu haren kontu gehiago jakiteko modua.

Rafa L.



Oraingoz ez dut liburu honi buruzko saio edo artikulurik topatu. Ezin esteka jarri.

2016-03-06

KRESALA





KRESALA
Domingo Agirre
(1906)


                 Kontakizunetan agertzen diren harien artean, Anjel eta Mañasiren arteko amodio historia gorabeheratsuak hartuko du leku nagusia. Izan ere, Mañasi –neska txiroa– ontzi jabearen semearekin maitemindu da. Baina Anjelen familiak  bere mailako norbaitekin elkartu nahi du etxeko mutila. Mañasi kanpora joango da neskame, mutil galanta ahaztu nahirik. Eta aberastasuna maitasunaren gainetik dagoela erakutsi nahi duten hainbat herrikide gogor arituko dira gazte biak elkar ez daitezen.
                Duela mende pasatxoko gizartea marrazten zaigun nobelan. Beste gai batzuk ere azalduko zaizkigu: arrantzaleen bizimodu latz eta nekosoa; emakumeen status penagarria; euskal jendeen kristau-fede errotuegia; herri txikiko jaun txikien jauntxokeria galantak; abadeen pentsamendu nagusikeria; jai, festak eta dolu egunak; itsasoaren haserre betierekoa.
               
                XX. mendearen hasieran prentsan atalka argitara emandako eszena solteak osatzen dute kontakizuna, 1906. urtean liburu batean bildu zirenak, eta kontakizunaren lotura ahulak argi erakusten du jatorri hau. Pertsonaiak alde bakarrekoak dira, xinpleak. Kontakizuna kronologikoki emanda dago. Ez dago atzera-saltorik. Narratzailea orojakilea da, batzuetan irakurleei ere zuzentzen zaiguna. Bizkaieraz dago idatzita. Itsasoari buruzko hitz berri piloa ikasteko aukera.

                Gure ohitura-nobeletako bat. Klasikoa. Hizkera, lexikoa… horiek dira gaur eguneko irakurlearentzat eduki litzakeen interesguneak; bestela, egia esan, istorioa bera ez da oso erakargarria.

Rafa L.

 egilea

Arranondo, hau da, Ondarroa.

Beñat Sarasola Sautrelan:
 www.eitb.eus/eu/telebista/programak/sautrela/bideoak/osoa/1507006/bideoa-kresala-liburuaren-kritika-benat-sarasolaren-eskutik/