2014-04-30

AVIS ETA ALBA - HILDAKOEN EREMUAN


AVIS ETA ALBA
Hildakoen eremuan
Aitor Arana
(Ibaizabal, 2013)



                 Ez daukagu oso argi zergatik ote, baina Avis, Karlos,  kale gorrian dago, memoria galduta eta bizirik irauteko ahaleginetan. Eskolan Alba hurbilduko zaio eta lagun minak bilakatuko dira. Avisek hilerriekiko zaletasun bitxia erakusten du eta, joera honi eta gazte misteriotsu baten laguntzari esker, Niko katatonikoa, bizirik hilobiratu dutena, salbatzea lortuko du. Gazte misteriotsu honek oso gertutik jarraitzen ditu Avisen urratsak, baina ez dugu berari buruz ezer asko jakitea lortuko.

                Oso datu gutxirekin montatu behar dugu gure pelikula liburu hau irakurtzean. Ez dago argibiderik, ez deskripziorik, ez logika handirik automatikoki mugitzen diren pertsonaien ekintzetan. Istorio osoa hotzak jota dago. Ilustrazioak ere bide bera darama eta ez dio gure irudimenari asko lagunduko. 

                Trilogia bateko lehenengo liburua izanda, hurrengoetan gauzak apur gehiago argituko direla espero dut. Baina berandu izango da, niretzat behintzat. Avisek eta Albak izan dute bere aukera eta lau orduko irakurketan ez dute ni harrapatzea lortu.
 
Rafa L.

 


2014-04-05

SKATERRAK - ERTZEAN





SKATERRAK – ERTZEAN
Mikel Valverde
(Giltza, 2013)


     Eba oso arduratuta dago Adrian seme gazteenak egun osoa etxe-zokoan irakurtzen ematen duelako. Bestetik, Imanolek, zaharrenak, ez dio Adriani kasu zipitzik egiten eta beti dago parkean bere lagun skaterrekin jauzi berriak entsaiatzen bowlean. Anaia biak elkarrekin ateratzera behartuko ditu amak. Koadrillaren skate pista berriak topatu nahiak katedrale ingurura eramango ditu eta han Adrianen jakin-minak topo egingo dugu argitu beharreko ezkutuko batekin: elizako bitxi batzuen desagerketa. Gazteek ikerketari ekingo diote gogotsu.

       Gasteizen oso antzeko hirian kokatu da istorioa. Oso kontaera klasikoa egiten da: hirugarren pertsonan eta denbora jauzirik gabe. Ezagunak egingo zaizkigun pertsonaiak, nahiz eta  azaletik ikusiko ditugun. Istorioaren korapiloa ahultxoa da, agian eta ez sinistekoa hainbat pasartetan. Ebaren familia “normal” bat izateko obsesioa izango da hasi eta buka.
       Irakurterraza da eta hiztegi arazorik ez duzu izango. Kapitulu motzak dira irukurketaldi laburtxoei oso ondo egokitzen zazikio.

       Ebak uste izan du Adrian gaixotasunak jota dagoela hainbeste irakurtzeagatik. Horretan oker dago skaterren ama. Liburua jauzi sinistezinak eginaraziko dizkizun skaterra da. Egizu lehenengo honekin. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L. 


e-liburutegian eskuragarri