2015-07-12

VIOLET PARK-EN BIDETIK





VIOLET PARK-EN BIDETIK
Jenny Valentine
(Alberdania, 2008)


            Bere lehenengo nobela honetan Jenny Valentinek Lucas gazte Londrestarraren berri emango digu. Lucas gazteak kasualitatez egingo du topo Violet Parken errautsekin. Zergatik oso ondo ez dakielarik, sentimendu bitxi batek lotuko ditu protagonista eta Violeta izandakoa. Gaztea pianistaren nondik norako guztiak argitzeko abenturan murgilduko da.
            Etxetik alde egin duen aitarenak ere argituko ditu. Prozesuan hasi, eta heldu egingo da Lucas. Ume sinesbera izateari utzi eta nagusien munduko etsipen eta ezintasuna egingo dira Lucasen jabe.
            “Horixe da, itxura denez, hazten garenean egiten duguna: nahiko ez genukeen gauzei aurre egin eta onartu inor ez dela izaten uste dugun modukoa, askotan ezta antzekoa ere”.
            Lucasen barne bidaia honen kontakizunean eta akzio pasarte urrien artean, egileak protagonistaren gizarteari, amodioari eta-betez ere- familiakoari buruzko ideia fresko, ezohizko eta zirikatzaileak eskainiko dizkigu. Ikuspegi umoretsua, baina aldi berean zorrotz eta mingotsa ere.

            Oso irakurketa entretenigarria. Guztiz gomendagarria heldu nahi duten gaztetxoentzat (zer jandilaje klasearekin bizi behar izango duten erakutsiko diena), eta askotan gazteak beti ume gisa tratatzeko tentazioa dugun helduontzat ere gomendagarri.

Rafa L.


2015-07-09

KAMOREN IHESALDIA









KAMOREN IHESALDIA
D. Pennac
(Elkar-Branka, 1998)


            Mutiko ameslaria da Kamo. Bere amak lagun batzuen etxean utzi du, bere erroen bila abiatu baita bidaian. Kamo eta bere lagunak, abentura sinple eta sentiberatasunez betetakoak bizi izango dituzte, Kamok istripua izan arte. Koman egongo da Kamo, eta bere arimak bidaia handia egingo du egokiera hau aprobetxatuta; bere arbasoenganako bidaia, bere birraitonarekin bat egiteraino.

            Oso liburu eta kapitulu laburretan, sentimendu handien berri emango zaigu. Adiskidetasun sakonaren berri, gorrotorik gabeko saminaren berri, guraso eta seme-alaben arteko erlazio osatu eta libreen berri emango zaigu. Hau dena, Pennac-ek ohi duen tonu intimista, goxo, apalean.


            Azaletik liburu erraza irudituko bazaizu, pentsarazi egingo dizuna da. Emozionatzekoa. Merezi duen liburua.

Rafa L.

2015-07-08

KALIFORNIAKO NESKAK


KALIFORNIAKO NESKAK
Josemari Iturralde
(Ibaizabal, 2000)


            Anuxka, Ainhoa eta Risky Amerikara doaz oraingoan. Udan ingelesa ikasteko asmoz joango dira Kaliforniara eta hango bizimoduaren eta gazte jendearen bitxikeriak ezagutzeko parada izango dute. Une alaiak, festa girokoak, biziko ditu Anuxkak: latz eta larriago beste batzuk ere. Arraro egingo zaizkio gizarte aberats hartako giroa eta neska eta mutilen arteko harreman ohiturak. Azkenean onik bueltatuko dira denak etxera.

            Istorio bat beharrean, badirudi kapituluen bilduma dela liburua. Ez dago liburuan zehar kontakizuna gidatuko duen haririk eta osotasuna falta nabaria da. Pasadizoak nahikoa sinesgaitz –edo, gutxienez, arrotzak- egiten zaizkigu eta sorpresa handirik gabeko kapituluak metatuz osatzen da liburua.


            Risky eta lagunen liburuak irakurri izan duzuenok badakizue nolakoak diren. Honelako beste bat da hau. Ezin esan irrikitan irakurtzen den horietakoa denik!

Rafa L.  








2015-07-06

HLKETA LOKARTUA



HILKETA LOKARTUA
A. Christie
(Igela, 2008)


Gwenda eta Giles gazte ezkonberriak Inglaterrara datoz bizi izatera. Gwendak aukeratutako etxeak oroitzapenak esnaraziko dizkio eta gogora  ekarriko oso umetan izandako ikuspegi lazgarria, bere amaordearen hilketarena, alegia.
Hemen iragarki bat jarriz, han eta hor galdezka ibilita, eta Marple andereƱoaren laguntza paregabeaz; bikote gazteak lortuko du urtetan ezkutuan eta ahaztuta zegoen hiltzailea agerian gera dadin.

Agatha Christieren beste liburu bat. Ez literatura puntakoena, baina bai denbora-pasa atsegina. Aurretik proposatu izan ditugun egile honen liburuak atsegin suertatu bazaizkizu, hau ere gustura irakurriko duzu.

Rafa L.


2015-07-01

HAYDN-EN LOROA



HAYDN-EN LOROA
Felipe Juaristi
(Aizkorri, 2003)



            Inork espero ez zuena gertatu da Zarautzeko hondartzan: barku bat iritsi eta bertako hareetan geratu da trabatuta. Barkuak kolorez eta istorioz beteko du kostaldeko herri horretako bizitza egun batzuetan. Ontziaren aitzakian alkatea, musika irakaslea, dendaria eta beste hainbat herritar ezagutuko dugu eta beraiek izango dira istorio xinple, naif, kuttun eta erakargarri honen protagonistak.

            Irudi freskoak eta kolorea dira nagusi eta hauei lotutako sentsazioak sortaraztea izango zen seguru aski idazlearen asmoa. Liburu estetizista honetan kontatutakoak ez du pisu handirik.
            Hau dela eta, gaztetxoentzat erakargarri izango ote denaren zalantzak. Agian gaztetxoentzako eginda izan, baina bereziki helduei gustatu ohi zaien liburuen zerrendan sartu beharko dugu hau ere, Printze txikia, Krokodiloa edo egile beraren Animalien ihauteriarekin batera? Batek daki!


            Oso liburu irakurterraza da bestalde, musikari buruzko pasarte eruditoegi batzuk dira zailtasun bakarra. Gustura irakur daitekeen liburua iruditzen zaigu, baina lehen aipatutakoen antzeko liburuekin izandako esperientzia kontuan edukita, ez gara ausartzen irakurtzen bultzatzera. Beno, erabakia zuen eskuetan dago! Probatu eta gero esan!

Rafa L.



2015-06-16

TXANPAINA, MESEDEZ


Txanpaina, mesedez
Oier Santos
(Erein, 2015)

            Ekologia defendatzeko indarkeria erabiliko duen taldea sortu da Euskal Herrian. Ekintzen maila gero eta arriskuagoa bilakatzen ari da. Markel, ertzaintzaren burua, saiatuko da radikalen atentatuak ikertzen eta ekintzaileek komunikabideetan itxuraz daukaten kontaktuak errotik mozten.
            Markel Aizpuruak lanari ematen dizkio bere hoberenak eta emaztea, Ane, abandonatu xamar dauka; ondorioz, bikotearen harremana okertzen hasiko da eta ertzaina une latzak biziko ditu lanaren eta pikutara doan erlazioaren presiopean.

            Istorioa oraingo denboretan dago kokatuta. Ez dauka egiantz handiegirik, eta –zorionez– kontatzen direnak nekez gerta litezke. Pertsonaiak ez daude oso fin tajututa eta ez dira oso sinesgarri suertatzen. Gaizto eta zintzoen kontakizun honetan, ekologistek betetzen dute maltzurren partea.
            Kapitulu bakoitzaren hasieran, amaieran istorioaren nondik norakoak argitu dituen idazki baten zati bat  ematen zaigu.  Gainontzekoa  linealki dago kontatuta.


            Astuna eta geldoa suertatu zait. Niri ez zait gehiegi gustatu. Gauza bera gertatu zitzaidan egilearen aurreko Ez zuten erantzun liburuarekin: nahiz nire iritzia aldekoa ez izan, ikasleen artean liburu arrakastatsua izan zen. Beraz, ez fidatu gehiegi besteok esaten dugunaz eta zerorrek irakurri eta iritzia eman.

Rafa L.





2015-06-10

ARRISKUPEAN

 ARRISKUPEAN
Fernando Morillo
(Ibaizabal, 2003)


            Gure inguruan dagoen edonork, pertsonaia arruntena izanda ere, gorde lezake sekreturik handiena. Ustekabean egingo du Isuskok tupust honelako kasu batekin. Institutuko pertsonarik atsegin eta amultsuenak ezkutuan gordetzen zuen iragan iluna arakatzen arituko da Isusko, Ibairen laguntzaz. Hau dela eta, abentura arriskutsuan ibiliko dira murgilduta kuadrillako gazteak.

            Aurreko kapituluetan martxa handiz hasi eta interesgarria oso egiten zaigun istorioa moteltzen joango da aurrera egin ahala eta bukaerako sinesgaitza eta nahikoa topikoa bihurtuko da. Zergatik? Agian; idazleak ez ditu pertsonaiak behar bezala lanean jartzen bere ekintza, gorabehera eta bizipenen bitartez misterioa argitu dezaten, eta ordenagailu “orojakilearen” truko errazean erortzen da behar baino gehiagotan.
            Bestela esanda, badirudi oraingo honetan idazleak oso ondo ezagutzen ez dituen nazioarteko espioitza eremutan ibili dela eta, noski, galdu samar dabilela; bestetan maisuki erabili izan duen (Izar Malkoak) sinesgarritasunetik  urrun.

            Hala ere, entretenigarria, erraza eta di-da batean irakurtzen den liburua da eta egilearen punta-puntenekoa ez bada ere, merezi du.

Rafa L.







2015-06-05

WATSONDARRAK


WATSONDARRAK
The Watsons -1817-
Jane Austen

(Denonartean, 2014)

          Watson jauna eskasian bizi da, ez ditu bere alabentzako ezkontza “on” bana adosteak eskatzen dituen diru eta posizioa. Horregatik Elizabeth, alaba zaharrena, etxean, aita zaintzen geratu den bitartean; aitak beste hiru alabak ahaideen  etxeetara bidali ditu, ea urrutiko herrietan fortuna egiterik duten eta senargai egoki bat harrapatzen.
            Emma alaba gazteena hala egon da izebaren etxean, eta etxera bueltan denean Surrey bailarako “neska berria” izanda, inguruko galai guztien jomuga bilakatuko da. Bere manera gozo eta abegitsuekin arrakasta itzela lortuko du eta denak hasiko zaizkio gorteiatzen etengabe.
            Eta ez dugu gehiago jakingo. Bukatu gabeko nobela baita hau.

            Duela berrehun urteko kontuak. Handinahiez bizi den gizarte bat marratzen du kontakizunak. Alabak “ondo ezkontzeaz” aparte beste helbururik ez duten familiak. Ez da besterik espero andrazkoengandik: dantzak, jantzi dotoreak, hutsalkeria eta senarra diruduna atzematea. Sendia pobre samarra izanda trageria are handiagoa izango da neskentzat, eta bere bertuteak nabarmentzera behartuta egongo dira uneoro.


            Hasieran irakurketa zaila egin dakiguke perpaus luze eta korapilotsuekin. Baina azkar ohituko gara eta istorioan erraz murgilduko. Oso arrotz egingo zaigu gizarte giroa, oso urrutiko eta aspaldiko kontuak begitanduko zaizkigu. Duela pare bat mende emakumeei buruz pentsatzen eta idazten zena (baita emakume idazleek ere) ezagutu ahal izango dugu. Eskerrak atzera geratu diren kontuak direla! Ala ez?

Rafa L.





2015-05-18

TRISTEZIA, ZER BERRI












Bonjour tristesse (1954)
TRISTEZIA, ZER BERRI
FranƧoise Sagan

(Erein-Igela, 2014)



     CĆ©cile. hemeretzi urteko gaztea, aitarekin joango da uda-pasa alokatutako txaletera, Kostalde Urdinera. Aita-alabak oso harreman aske eta begirunezkoa dute. Alaba ez da aita alargunaren amodiozko kontuetan sartzen eta Raymondek, bere aldetik, neska bere kautan utziko du uneoro. Hain erlazio perfektuan Anne azaldu eta desoreka sortuko. Anne aitaren aspaldiko laguna da, adinean aurrera dagoena, zentzuduna, emakume indartsua. Etorri eta familia antolatzen hasiko da andre paristarra: Elsa —Raymonden amorante gaztea— etxetik botako du, Cyril —CĆ©cileren lagun mina— etxetik uxatuko, aitarekiko ezkontza prestatzen hasi eta CĆ©cile batxilergoa osatzeko falta zaion filosofia ikastera behartuko du.

     CĆ©cilek aurre egingo die Anneren planei, azpijoko eta amarru guztiak erabiliz, gauzak lehenera buelta daitezen gogor ekingo dio; nahiz eta batzuetan aitaren lagun zaharraren familia normaltzeko ahaleginak barren-barrenetik eskertu. Uda bukatuko da, gauzak errotik aldatuko dira.


     Narratzailea CĆ©cile bera da eta bere pentsamenduaren berri zuzena ematen digu etengabe: amodioari buruzko bere burutapenak. Kapitulu motzetan emandako istorioa, era linealean aurkezten da. Aberaskumeak dira protagonistak, esne-mamitan ohituak, frustrazio txikienik jasango ez duten gazte eta gazte-nahiak.


     Duela hirurogei urte oso eskandalugarria izan omen zen liburua, egun istorio arruntatxoa irudituko zaigu. Ez du interes handirik eta irakurtzeko eskatuko digun nekea (hizkera ez da sinplea) jartzeko prest egonez gero, badaude gauza hobeak irakurketaz gozatzeko.


    (DBH goimailetako ikasleentzat bakarrik)

Rafa L.



Liburuan oinarritutako pelikula egin zen 1956. urtean. Zatia ikusgai:

https://www.youtube.com/watch?v=65jFlT1_SFM



2015-05-02

AITA GUREA









AITA GUREA
IƱaki Irasizabal

(Elkar, 2015)


                Familiak lehendik aurrera ateratako tailerra kudeatzen hasiko da Nagore bere aitak izandako istripuaren ondoren. Neskak ez dauka inolako eskarmenturik horrelako lanetan, baina tematu egingo da; izan ere, beti gauzak erdizka utzi izan dituenak negozioa txukun kudeatzeko erronkari ekingo dio buru-belarri. Bere buruari eta goinentzekoei erakutsiko die gauza dela, drogazaletasunaren mamuak aspaldian utzi zituela atzean.
                Baina dirua lortu ezean, planak pikutara joango dira. Orduan, Ibonek –garai zailetako lagunak— droga-lapurreta proposatuko dio. Azkenekoa izango dena, arazoak betiko uxatuko dituena. Gauzak, ordea, ez dira beti norberak pentsatu izan bezala ateratzen.

                Egileak ez du astirik “galtzen” pertsonaien edo ekintzen kokapenen deskripzioetan. Justu zertzelada batzuk: Mungia eta Bilboko auzo batzuen aipamena. Akzioa eta akzioa. Istorioa ez da oso sinesgarria batzuetan, baina beti entretenigarria eta gozatzeko modukoa;  azkarra, erritmo bizikoa. Garatutako hezurdura duen narrazioa, lastima gihar apur gehiago ez izatea.

                Irrakurri, primeran pasako duzue eta erraza egingo zaizue.

Rafa L.