Bonjour
tristesse (1954)
TRISTEZIA, ZER
BERRI
Françoise Sagan
(Erein-Igela,
2014)
Cécile.
hemeretzi urteko gaztea, aitarekin joango da uda-pasa alokatutako txaletera,
Kostalde Urdinera. Aita-alabak oso harreman aske eta begirunezkoa dute. Alaba
ez da aita alargunaren amodiozko kontuetan sartzen eta Raymondek, bere aldetik,
neska bere kautan utziko du uneoro. Hain erlazio perfektuan Anne azaldu eta
desoreka sortuko. Anne aitaren aspaldiko laguna da, adinean aurrera dagoena,
zentzuduna, emakume indartsua. Etorri eta familia antolatzen hasiko da andre
paristarra: Elsa —Raymonden amorante gaztea— etxetik botako du, Cyril
—Cécileren lagun mina— etxetik uxatuko, aitarekiko ezkontza prestatzen hasi eta
Cécile batxilergoa osatzeko falta zaion filosofia ikastera behartuko du.
Cécilek
aurre egingo die Anneren planei, azpijoko eta amarru guztiak erabiliz, gauzak
lehenera buelta daitezen gogor ekingo dio; nahiz eta batzuetan aitaren lagun
zaharraren familia normaltzeko ahaleginak barren-barrenetik eskertu. Uda
bukatuko da, gauzak errotik aldatuko dira.
Narratzailea Cécile bera da eta bere pentsamenduaren berri zuzena ematen
digu etengabe: amodioari buruzko bere burutapenak. Kapitulu motzetan emandako
istorioa, era linealean aurkezten da. Aberaskumeak dira protagonistak,
esne-mamitan ohituak, frustrazio txikienik jasango ez duten gazte eta
gazte-nahiak.
Duela hirurogei urte oso eskandalugarria izan
omen zen liburua, egun istorio arruntatxoa irudituko zaigu. Ez du interes
handirik eta irakurtzeko eskatuko digun nekea (hizkera ez da sinplea) jartzeko
prest egonez gero, badaude gauza hobeak irakurketaz gozatzeko.
(DBH goimailetako
ikasleentzat bakarrik)
Rafa L.
Liburuan oinarritutako pelikula egin zen 1956. urtean. Zatia ikusgai:
https://www.youtube.com/watch?v=65jFlT1_SFM
No comments:
Post a Comment