2017-02-09

EZ LEMAIO



EZ LEMAIO
J.K. Igerabide
(edicionesbeta.com, 2016)

XV. mendearen hasieran gaude, Deba Garaia bailaran. Oinaztar eta ganboarren arteko borrokak etengabeak dira. Oinaztarrak fuerte dira Aramaion, Martina Butroe eta gero bere semea Joanikote buru dutelarik. Ganboarrek Oñatiko jauna –Eneko Gebara–  dute buru. Bando bietakoak egunero ari dira  sestran eta txikizioak elkarri eragiten.

Bi herri horien artean Arrasate dago, joera bietako biztanleak bizi dira bertan. Soluziobide bitxia hartu dute: bi alkate dituzte arrasatearrek, bat oinaztarra  –Juan Ortiz Guraiako–, bestea ganboarra –Pedro Bañez erremintaria–, nekez, baina nola-hala bi gizataldeen arteko oreka baketsua mantentzea lortzen dutenak. Gero Garxot Bañezek hartuko du bere osabaren lekua.

Garxot errementari fina da (eta borrokalari baldarra, baina eraginkorra).  Ingalaterrara ere joango da ere bere ofizioa erakustera. Han Sir Gwain –Mahai Borobileko zaldunetatik bizirik geratzen den bakarra– ezagutuko du eta betiko lagun bilakatuko dira.

Deba Garaian, bi leinuen arteko pakea oinordeko gazteen ezkontza-tratuen bidez lortu nahi izan dute, baina ahalegina hutsean geratuko da. Arrasate herrian lortutako ongizate eta aberastasunak inguruko jauntxoen inbiria eta gorrotoa piztuko dituzte eta, ondorioz, herribilduaren suntsiketa, erreketa  eta sarraskia ekarriko 1448. urtean.

Kapitulu motzetan ematen da historia. Pertsonaiak oso azaletik marraztuak daude. Istorioa gehiegi galtzen da maitasun kontuetan eta eguneko gertakizun xehetan. Kontakizun historikoa izan nahi du testuak, baina ez du leinuen arteko gatazka zertan zen argi agertzen. Aukeran, eliza-urrin handiegia dario testuari: santuak, abadeak, mojak…

Oso aldatuta ikusi dugu Helena eta arrastiria oparitu zigun idazlea.
Irakurri ea zer iruditzen zaizuen. Niri kosta egin zait bukatzea.

Rafa L.



Juan Kruz Igerabide




Oñatiko Gebaratarren dorretxea

No comments: