KEAREN FIORDOA
Iñaki Petxaroman
(Elkar, 2015)
Baleazale
euskaldun batzuk Islandian pairatutako sarraskiaren laugarren mendeurrena
ospatu zen 2015. urtean. Haien omenez, osatuko zuen egileak nobela historiko hau.
XVI. mendea hasi berria da. Balea-olioa ezinbestekoa da eguneroko bizitzan,
eta diru-iturri handia da euskal arrantzaleentzat. Martin Villafranca eta gure
kostaldeko hainbat arrantzale Iparraldeko itsaso hotzetara joango dira balearen
bila. Badira hiru urte euskaldunek tratua egin zutela Ari Magnusson Islandia
iparraldeko magistratuarekin, hark balea-harrapaketa baimendu eta ontzietakoek
balea bat eta mila dukat emango dizkiote urtero ordainetan.
Baina Danimarkako erregeak
legedia aldatu du eta aurrerantzean atzerritarrei ez zaie zilegi izango
Islandiako uretan arrantzan aritzea. Magnussonek ez dio tratutik jasotzen dituen mozkinei uko
egin nahi eta erregearen aginduari jaramonik egin gabe ezikusiarena egiteko
asmoa du, sasoia bukatu artean, behintzat.
Iraila da eta arrantzaldia bukatzeko tenorea arrimatzen ari da, baina ustekabean eguraldia gaiztotu
eta ohi baino goizago izoztu du itsasoa. Ontzi donostiarrak izotzetan geratu
dira harrapatuta eta euskaldunek negua Islandian geratu behar izango dute. Egoerak
Ari Magnussonek hutsa egina izana agerian utz lezake. Erregearen eta
gobernadorearen balizko erreakzioaren beldurrez, magistratuak baleazaleak gupidarik
gabe jazartzen hasiko da.
Gauzak gehiago korapilatzeko, "Trinitatea" ontziko kapitaina den Martin Villafranca, lurralde hartako neska gazte batekin,
Hura-rekin hasiko da. Kasualitatea, Ari Magnussonen alaba da Hura.
Duela laurehun urte gertatutako
gertaera latzetan oinarritu da kontakizuna. Amodio istorio bat gehitu zaio
tramari, baina ezer gehiago ez. Liburuan zehar pertsonaiak batera eta bestera
dabiltza, etengabeko prozesioan, irakurlea zorabiatzeko punturaino
eramanez (lagungarria da edizioak gehitu duen planoa; izenak korapilatsuak dira
eta horrek ez du asko laguntzen). Akzio handiko eszenak ez dira baliatzen
bizitasuna ekartzeko istorioari eta oso era lauan kontatzen dira arrantzaleek
jasandako erasoak, balea-harrapaketa eta mugimendu handikoak izan zitezkeen
beste pasadizoak. Bestalde, pertsonaiak oso muturreko egoeran ikusiko ditugu,
baina ez dugu bere bizipenetan sartzerik lortuko.
Egia esan, errepikakorra egiten
da eta tarteka oso motela, Islandiako neguko paisaia adina. baina historiak merezi
du. Egilearen lehenengo nobela da. Irakurri, ea zer iruditzen zaizuen!
Liburua Alegiako Liburutegi Publikoan maileguan hartuta irakurri nuen.
Rafa L.
Reykjarfjordur "kearen fiordoa"
DVn artikulua: http://www.diariovasco.com/culturas/libros/201512/11/beste-liburu-islandiako-sarraskiaz-20151211204402.html
DVn Kritika- Javier Rojo - Armiarman jasotakoa: http://kritikak.armiarma.eus/?p=6864
DVn Kritika- Javier Rojo - Armiarman jasotakoa: http://kritikak.armiarma.eus/?p=6864
No comments:
Post a Comment