2017-02-25

NOMADA




NOMADA
Aitziber Etxeberria
(Erein, 2016)



    Nikolay Zaitsev direla urte batzuk utzi zuen Hanoi hiriko Sobiet Batasuneko enbaxadan zuen lanpostua; 1972an antzinako enbaxadorea –Vladimir Morozov– amerikarren bonbaketa batean hil ondoren. Nikolay egun Vietnameko Ur-Txontxongiloen konpainiako partaidea da eta pasaportea berritu behar du, bere taldekideekin Europara –Tolosako jaialdira– bidaiatu ahal izateko.
     Oraingo enbaxadoreak –Ivan Kozlov– susmoak ditu Nikolayrekin, traidoretzat dauka eta artelanen lapurretan nahasturik egon daitekeela pentsatzen du. Nikolay enbaxadara deituko dute eta itaunketa larria pasa beharko du.
     Nikolay Zaitsevek bere bizitza-oroitzapenak aletuko dizkio Kozlovi. Eta guk jakingo dugu nola 1937. urtean Nikolas Manterola mutiko oriotarrak, denak utzita, Habana  ontzian sartu eta alde behar izan zuen Euzkadin eragiten ari ziren sarraskitik ihesi. Atsekabeen katea luzea izango da: Leningradoko setioa, babestu eta izena eman zion familiaren galtzea (Josef eta Valentina), bakardadea…

     Historiako pertsonaia eta gertakizunetan oinarrituta bada ere, istorioa berehala galtzen da oso sinesgarriak ez diren bidetatik. Falltan sumatzen dira erreferentzia historikoak (2. Mundu Gerra, Vietnamekoa…), pertsonaia batzuei buruzkoa (Stalin, Ho Chi Minh…) fikzionatutakoa hobeto kokatzeko.

     Nobela erritmo biziz hasten da, eta thriller itxura hartuta dabil aurreneko kapituluetan, baina Nikolayren kontakizun esklusiboak moteldu egiten du narrazioa. Agian Nikolasek plasta-plasta kontatzen diguna “ikusteko” eran eman izan balitzaigu, istorioak hobeto mantenduko zukeen interesa.

     Sorpresaz eta atseginez hasi nintzen liburua irakurtzen, baina kosta egin zait bukatzea. Ea zuei ez zaizuen gauza bera gertatzen! Ez nuen Aitziberren lanik ezagutzen, ea aurreko lanak irakurtzeko paradarik dudan.

Rafa L.

Aitziber Etxeberria


Hermitage museoa


La Danse - Henri Matisse
Josefek salbatutako koadroa

Liburuaren hasiera irakurtzeko:
http://www.erein.eus/media/primeros_capitulos/primer_capitulo1199.pdf

No comments: