HERIOTZARAKO
JANTZITA
Donna Leon
(Erein,
2009)
Oporretara joan behar zuen familiarekin Guido
Brunetti komisarioak, baina trabesti bat hilik azalduko da orube batean eta
poliziak argitu beharko du kasua. Hildako identifikatu eta aztarnak topatu
ahala, Venezian etxebizitza lortzeko mafiek martxan dituzten negozio zikinak eta
karitatezko erakunde ustelen atzean daudenak ere azaltzen joango dira. Bidean hildako
gehiago izango dira. Azkenean kasua argitu argituko da, baina zigorra jende
xehe eta arruntarentzat izango da bakarrik. Izan ere, boteretsuak beti atera
ohi dira onik legea eta epaileak tarteko badira.
Brunetti
pertsonaia oso gizon arrunta egiten zaigu, oso hurbilekoa. Ez da Iparraldeko
beste polizia horiek bezalakoa, ez dago dibortziatuta, ez du gehiegi edaten, ez
dauka depresio larririk. Oso bitxia egingo zaiguna –niri, behintzat, gertatu
zait- zera izango da Venezia hiria (kanalak, vaporettoak, palazioak…) eta
polizia istorio arrunt baten (jazarpenak, tiroak, forentseak…) arteko nahasketa.
Ez naiz irakurritako liburuei buruzko filmen ikusi zalea, baina kasu honetan
gustura joango nintzateke zinemara.
Istorioak
oso erritmo handia dauka, ordu erdiko irakurketako kapituluetan emanda dago,
baina patata frijitu iragarki hark esaten zuen bezala “ezin izango duzu bakarrarekin
konformatu”, kontakizunak harrapatu egin zaitu eta gutxienez bi kapitulu
irentsiko dituzu irakurraldiko.
Kontsumorako
literaturaz ari gara. Aparteko balorerik gabekoa, baina denbora-pasa atsegina
eskain diezagukeena: bidaia bat, oporretako planik gabeko egunak, itxarongelak…
No comments:
Post a Comment