2011-08-17

ARGIAREN ERREINUA




ARGIAREN ERREINUA
Joseba Lozano
(Alberdania, 2011)


Ustez serial killer bat suelto dabil Praga eta inguruan. Andrazkoak azalduko dira hilik eta torturatuta, antza. Jan Voget polizia arduratuko da hilketa hauek argitzeaz. Annak, liburu-dendako neskak, gai polizialekin arduratzen den bloga kudeatzen du. Neskak laguntza
eskainiko dio Jani kasua argitze lanetan eta bien arteko zerbait sortuko dela ematen du.
Baina istorioak norabide aldaketa handia izango du. Jan heroinaren atzaparretan
eroriko da eta Annak, Fran bere lagun berriak lagunduta, hartuko du hilketak argitzeko ardura eta erlijio-sineskeriak hartuko du kontakizunaren erdigunea.

Lehenengo zatia Europako nobela beltza berriaren oso antzekoa da; erakargarria eta arina.
Bigarrenean erlijio sasi-azalpenetan murgiltzen da eta abentura sinesgaitza, errepikakorra eta aspergarrian.

Nola moldatzen ziren idazleak Spectrum bat zeukana herriko frikiena zenean eta
irakurleok internet zegoenik ere ez genekienean? Nazkatu samar gaude dagoeneko ordenagailu bat tekleatuz liburu guztietako misterio guztiak argitzen dituzten pertsonaia guztiekin. Txikitako “orduan majia egin zuen” denetarako balio zuen hura bihurtu da informatika egungo idazle askoren eskuetan.

Hala ere, liburuaren hasierakoa gustura irakurri dut eta agian istorioak nobela
beltzaren bidetik jarraitu izan balu…


Rafa L.



No comments: