2013-10-05

ZERUA GAINBEHERA DATOR


ZERUA GAINBEHERA DATOR
Lorenza Mazzetti
(Igela, 2012)

 

 

                Baby eta Penny neska koskorrek gurasoak galdu dituzte istripu batean. Aurrerantzean osaba Wilhelmen landetxean biziko dira haren familiarekin. Hasierako une gogortxuak pasa ondoren ahizpa biak ohitu egingo dira osabaren zorroztasunarekin, Marie eta Annie lehengusuen bitxikeriekin eta izeba Katchenekin. Landa bizitzako alde zoriontsua gozatuko dute bete-betean.
                Italia gudan dago eta herrialdearen zati hura oraindik Mussolini eta nazien menpe. Umeak Ducearen eskolan diktadorea maitatzera ere iritsiko dira. Eta apaizaren irakaspen erlijioso itogarriaren eraginez ia agerpen mistikoak direnak hasi dira irudikatzen. Baina neskak, ia jakitun izan gabe,  guztia gaindituz libre eta zoriontsu biziko dira lehengusuekin eta herriko nekazarien seme-alabekin. Baina bada zerbait mehatxugarria airean.
                Izan ere, gerrak bere bidea egingo du eta piano hots atseginak kanoien burrunbak bihurtuko dira. Eta umeen alaitasunak samin mingotsari utzi beharko dio bidea. Isuriko den odola ez da soilik borreroek etxeko atarian akabatutako animaliena izango. Bukaera hain da bat-batekoa eta bortxazkoa non eta, nahiz eta aurretik zerbait susmatu, bihotza txingurrituko baitigu.

                Kontakizuna oso kapitulu motzetan banatuta dago. Penny bera da narratzailea eta horrek gertuagotik biziaraziko digu historia. Pertsonaiak oso ondo taxututa daude, ez dira izango bada!, Lorenza Mazzettik bere haurtzaroan bizi izandako une latzak kontatzen ditu nobela autobiografiko honetan.

                 Liburu zoragarria, alai eta tristea, ederra. Derrigorrean irakurri beharrekoa.  Itzulpena zoragarria da. (Zergatik funtzionatzen dute horren ondo umeak eta gerra batzen dituzten liburuak: Zerua gainbehera dator, Kolosala izango da, Koaderno handia…?)

 Rafa L.



                Liburu hau Xabier Olarrak itzultzaileak gomendatu zigun Tolosako Galtzaundi Irakurketa Taldean eta hari esker ezagutu dugu eta maitatzen hasi. Mila esker bihotz-bihotzez, Xabier.

 
 
 
 
 
Inork gazteleraz gusturago irakurriko badu:



2013-09-23

EZEREZAREN GUDAROSTEA (CODE LYOKO - 4)

 
EZEREZAREN GUDAROSTEA – CODE LYOKO 4
Jeremy Belpois
(Mezulari, 2011)


             Aurreko abenturaren hondarrean, Green Phoenixeko gizonek dena dute bere menpean: superordenagailua, eskolako egoitza. Gurasoak-eta Hermitagen babestea lortu dute eta handik Lyokora egingo dute ihes gaztetxoek. Hannibal Mago gaizkilearen eskuetan dago Jeremy, baina bere parte-hartzea ezinbestekoa izango da lagunen eginahalak bideratzeko; Lyokotik, hango superbotereak galdu gabe, bueltatuko diren Aelita, Odd, Yumi eta Ulrich borrokan gidatzeko. Taldeko neska berria, Eva, eta zintzotutako XANA ere onik aterako dira bukaeran.

                 Serie bereko aurreko liburuekin erkatuta ez dauka nobedade handirik; hori bai, honetan ere erritmo bizikoa da kontakizuna eta, bereziki, bukaera aldean dauden akzio handiko eskenetan hartuko du abailarik handiena istorioak. Bukaera irekia utzi diote liburuari, baina pertsonaiak agortuta daudela ematen du.

                Friki samar baldin bazara, agian serieko laugarren liburu honetara iritsiko zara eta irentsi egingo duzu aurrekoak bezala; izan ere, horrelako istorioak triskiak baino adiktiboagoak dira. Irakurtzeko bizioa? Okerragoak ez baleude!
 
Rafa L.

2013-09-04

PIZTIAREN BEGIAK

PIZTIAREN BEGIAK
Alberto Ladron
(Elkar, 2012)



           Jon Iriartek aspaldian Belaten gertatutako istripu batean galdu zituen Sandra emaztea eta Irati alaba jaio berria. Orain, hamaika urte geroago, alarguna Mirenen laguntzaz bere bizitza birrantolatzen ari denean, orduko hura ezbeharra baino hilketa gordina izan zela gaztigatzen dion gutun asaldagarria iritsiko zaio Iriarteri.
            Dasilva polizia ohiaren kontrako kartzelatik atera berria den Xabier Beteluren mendeku nahiak tartean harrapatuko du Jon Iriarte eta Sandrarekin eta alabaren benetan gertatutakoa ikertzera bultzatuko du lehendik ere langabezian nahiko etsita zebilen gizona. Dasilva tipo gogorra eta menderaezina dela ematen du, eta bere burua arriskuan ikusitakoan gogor babestuko du azpijoko urte luzeetan lortutakoa.

            Nafarroako hiriburuan kokatzen da istorioa. Lege mugetan dabiltzan giza taldeak: polizia ustelak, kartzelaldia betetako jendea. Gero eta landuago eta sinesgarriagoak dira egileak aurkezten dizkigun pertsonaia eta egoerak. Kontakizuna oso erritmo bizikoa  da. Maisuki ehundutako ekintzen sarea eskaini digu idazle nafarrak. Tamalez, idazlea liburua bukatzeko presaz ibili dela begitandu zaigu. Armentia inspektorearen liburuaren bukaeran emandako azalpenetan badago istorioa era naturalean askoz ere luzeago emateko kontagaia.

            Genero beltzaren zalea bazara, harrapatuko zaituen liburua da. Urtetan ikusten ari gara Alberto Ladron gero eta emaitza landuago eta borobilagoak lortzen. Eskertzekoa eta gozatzekoa.
 
Rafa L.
 

 

2013-08-16

ZUBI HAUTSIA

 











ZUBI HAUTSIA
Philip Pullman
(Erein, 2005)

               Ginny Galeseko herrixka batean aitarekin, Tonyrekin, bizi den 16 urteko neska da. Bat-batean ezagutzen ez zuen anaia, Robert, zeukala jakin du gazteak eta Tony mamam ez zen Janetekin ezkonduta egon dela oraintsu arte. Janet hil berria da eta  Llangynogera etorriko zaie Robert beraiekin bizi izatera.  Etorkizuna eraikitzen hasteko ereduen bila dabil Ginny. Aitari, gizarte-laguntzaileari, aitona-amonari galdezka, bere erroen bila hasiko da Ginny eta itaunak eta zalantzak pilatzen zaizkio. Bera jaio eta berehala hildako ama artista –Anielle- izan zitekeen, agian,  bide zuzenaren erakusle-aintzindaria. Rhianon lagunak esanda badaki aukeratu behar izango duela besteekiko atsegina ala sexya (indartsua) izan nahi duen, baina hautatu ezinik dabil neska. Bere bizitzan garrantzi apartekoa izan behar al du azal ilunekoa izateak?

                Pertsonaia gehiago azalduko zaizkigu, bakoitzak bere neura apurtxoa gehituz nahastean: aitona jipoitzen duen amona, Ginnyk ligatu nahi izan duen Andy lagun homosexuala, Joe Chicago oso ondo ez dakigun zertan dabilen “txupaz” jantzitako mutil konfliktiboa… eta beste batzuk gehiago.

                Pertsonaia gehiegi, elkarrekin loturatik gabeko soberako gauza gehiegi kontatu nahi: maltratoa, vudua, zubi batean behinola gertatu izandako istripua, margolaritzari buruzko komentario trinkoegiak gehi ulergaitzak egiten zaizkigun galeserako hitz dexente… irensteko nahiko lehor egiten den ore pisua osatuko da. Baina iritzi honekin larregi fidatu gabe, irakasleok ez baikara gehiegi enteratzen nerabeen gauzekin, ondo legoke liburuarekin saiotxoren bat egitea.

 Rafa L.


 

Beste hizkuntzetako irakurleen iritziak jakin nahi izanez gero:






2013-08-06

URAREN FORMA

 
URAREN FORMA
Andrea Camilleri
(Igela, 2012)
                 Luparello ingeniaria hilik azalduko da beste tokirik ez daukatenek kotxean zirriak egitera joan ohi diren orube batean. Salvo Montalbano polizia siziliarra arduratuko da kasuaz. Hasieratik heriotzaren zergatiak begi-bistakoa ematen badu ere, badira hildakoaren ohitura eta mailarekin  bat ez datozen hainbat datu. Norbaitek erabili nahi izango du ingeniariaren bukaera itsusi hark, frogak aldatuz, Luparellok zuzentzen zuen alderdi politikoaren gidaritza eskuratzeko. Salvo argi ibiliko da berriz ere eta dena argituko.
                Montalbano ez da polizia ohikoa. Gizatasuna eta onberatsuna agertuko ditu beste ezer baino lehen, eta umorea, eta ironia. Solaskide aparta da eta beti dauka egoerari zuzen doakion pasadizo, oroitzapen edota kontakizunik. Istorio nagusiari, mutur asko dituen mataza horri, Salvok etengabe gehitzen dizkion mikroistorioak emendatzen zaizkio.
                Gozamen hutsa da liburua, baina irakurle ernai eta adi egoteko gai dena eskatuko du. Aurretik ere Hilabetea Montalbanorekin proposatu izan dugu blogean. Hura gustatu bazitzaizuen, oraingo honekin montalbanomaniako porrokatuta bihurtuko zarete. Espero dezagun Salvoren nobela gehiago azkar euskaratzea, bestela… euskarari traizio txikia eginda…
                Nire buruan sortutako Montalbanoren irudia oso urrun dago telebistan eskaini izan diguten guaperas horretatik (askoz ere egilea beraren antzera irudikatu izan dut). Hortaz, ez dut Salvo telebistan gehiago ikusiko eta nerearekin geratuko naiz.
 
Rafa L.



2013-07-21

SUKKWAN IRLA

 
 
SUKKWAN IRLA
(Legend of a Suicide, 2008)
David Vann
(Denonartean, 2012)
 
                Roy ez zuen nahi, baina azkenean aitarekin joango da Alaskako irla bakarti batera urtepasa. Aita zaintzea du helburu, bere buruaz beste egin zezan beldurrez baitzegoen familia osoa. Natura biluzian, zaila da aita-semearen arteko elkarbizitza eta negu gogorrerako prestaketa lanetan murgildurik dauden bitartean eramangarria bada ere, elurte betierekoaren eraginpean ezinezkoa da. Pertsonaia biak bere baitara bilduko dira. Zoritxarrak bietako bat eramango du eta bestea ihesean abiatuko da, kulpa-sentimenduetatik eta ezinatiko ezinezko ihesean.
                Jim, aita, harreman egonkorretan ez da seguru sentitzen eta zehazki zer den ez dakien zerbaiten bila dabil. Gizon bakartia da, baina bakarrik egoteari beldur dio. Royk, hamahiru urteko semeak, aita maite du, baina bere aitaren umezain izatea langintza astuna suertatuko zaio: bere bizitzari uko behar izan dio aitarena gordetzearren.
                Ez abenturarik, nahiz eta mugimendu handiko hainbat pasarte izan. Ez natura-libururik paisaia deskribapen topekoak baditu ere. Kontakizuna latza, itogarria, depresiboa. Hasieran geldoa, oroitzapen eta hausnarketen gainean eraikita; bukaeran, isolamendua apurtutakoan, ihesa ero baten kronika bihurtuko dena.  
                Oso indartsu eta ondo sentitzen garenean irakurtzeko istorioa. Baxu samar bagaude, hobe paso egitea.
 
Rafa L.



2013-07-13

612 EURO

 
 
612 EURO
Jon Arretxe
(Erein, 2013)


          Toure lapurreta bitxi baten argiketari egingo dio aurre oraingoan, Bizkaiko azken meatzariaz ezkonduta dagoen Marisari bere jostailutxoa eta hortzordeak ohostu baitizkiote. Ustegabean familiakoak izango ditu lapurra –Cisse– eta haren semea. Ustezko anaia hau droga asunto itsusietan nahastuko da eta erahilda azalduko da. Hilketaren ondorioz, Garan haren semearen zaintza  gehituko da Touran dauzkan arduren zerrendara. Eta gure azti-ikertzailearen fereken zain dauden emakumeen zerrenda luzearen amaieran (zer dauka Toure honek emakumeek horren biziki maite dezaten?) ume errugabearen izena azalduko da Toureren behar gorriaz.
             Bideozaintzak Sanfrantziskoko bertsio ofiziala ematen digun artean, auzoko pertsonaiek bizi ahal izateko ahaleginetan diharduen  jendearen eguneroko errealitatea erakutsiko dute gordin, baina umoretsu. Pobrezian; baina, agian, alai bizi den jendea irudikatuz. Bilbo Zuriaren oso azaleko kritikatxo leuna eginez. Ironiaz hitz egiten zaigu bilbotar peto-petoak diren opera, Ledesmako poteoa, Begoñako ezkontzak edota Athletic berari buruz.
             Istorioa ahul samarra begitandu zaigu. Toure atzera eta aurrera dabil istorioan zehar, baina ez da ezertan zentratzen. Gai asko ukituta, ezin batean sakondu. Orohar, aurreko 19 kamera baino eutsiago izanda ere, gordinegia eskola-irakurketa gisa gomendatzeko.
 
Rafa L.


 

2013-07-05

FENIXAREN ITZULERA (CODE LYOKO - 3)

 
FENIXAREN ITZULERA (CODE LYOKO – 3)
Davide Morosinotto
(Mezulari, 2011)
 
            Bere garaian Waldo Schaefferrek antolatutako inguru birtualeko diseinuan sandbox batzuk eratu zituen Lyokon: Mirror, Lehenengo Hiria. XANAk eta Green Phoenixekoek interes handia dute Lehenengo Hiriko gaztelua ganatzeko, hura arma gisa erabilita lor litekeen boterea mugagabea litzatekeelako.
            Gure gazte koadrillakoek, bestalde, Aelitaren gurasoak topatzeko ahaleginetan jarraitzen dute eta Mirroren Hopperren eguneroko birtuala ikusi eta aurreko historiaren hainbat pasarte ilun argituko zaizkie. Saio hauetan gazteetako batzuk geratuko dira mundu birtualetik atzera atera ezinik. Gainera, fabrika zaharreko ordenagailua Hannibal Magoren eskutan, Hermitageko scannerra geratuko zaie bakarrik gazteei mundu birtualerako ate.
            XANAk eta Magok ituna eginda eta ia tresneria guztiaren jabe; bide bakarra geratzen zaie Jeremy eta lagunei: Waldoren lankide ohiak –kasualitatez, gaztetxoen gurasoak- bildu eta galdutako oroitzapenak berreskuratu arazi ondoren, scanenerra atondu, isolatutako lagunak etxeratu eta arerio boteretsuak garaitzeko ahaleginetan dihardu.
 
            Seriearen aurreko liburuen freaky bidetik jarraitzen du istorioak. Narrazioa korapilo batera iritstakoan beti dago cyberbide bat aurrera egiteko eta, egia esan, irudimen handiko soluzioak izaten dira. Horregatik liburuak ez zuen merezi eman zaion bukaera: oso borroka standard eta txaf eta txof motako eszena ez oso imaginatiboarekin.
 
            Jeremy Belpoisen aurreko bi liburuak gustatu bazaizkizu, gustura irakurriko duzu hau ere. Hori bai, hobe saga hurrenkeran, hasieratik hasita, irakurtzea. Oraingo honek aurrekoen erreferentzia asko dauzka eta zaila izango zaizu hau bada Code Lyokoren zure lehenengo liburua.
 
Rafa L.

2013-06-30

ZENBAT LUR BEHAR DU GIZON BATEK?



ZENBAT LUR BEHAR DU GIZON BATEK?
Lev Tolstoi
(Denonartean, 2011)


Pahom gizon lagilea eta maratza da. Geroan zer gerta ere, lur zati eder baten jabe izan nahi du. Izan ere, lur dexente izanda ez zukeen inoren beldurrik izango, ezta deabruarena berarena ere. Aholku emango diote mujik batek, merkatari batek eta haien esanei segika baxkiriarren naziora iritsiko da, han lurrak lortzea oso erraz egin daitekeen zerbait da. Han eremuak ez dira desiatinaka saltzen ohi bezala, eguneka baizik. Mila errublo pagatu ondoren, eguzkia zeruan egon bitartean korritutako lurrak bereak izango dira baldin eta irteera puntura iristen den ilunabarra baino lehen.
Gehiago nahiari buruzko parabola hunkigarria ematen zaigu Tolstoi maisuaren ipuin zoragarri honetan. Zertarako hainbat ondasun, hainbeste lurra nahi izan, gizon baten hilobia egiteko hiru arshin basta-sobrakoak badira?
 
Ordubete ederra pasatzeko aukera. Guztiz gomendagarria.

Rafa L.





2013-06-29

TOM SAWYERREN ABENTURAK

 
 
TOM SAWYER-EN ABENTURAK (1876)
Mark Twain
(Klis-klasikoak, 2012)

 

                Umezurtza da Tom Sawyer eta etxean hartu zuen izeba Pollyrekin bizi da. Ume bihurri samarra da eta herrian oso fama ona ez duen Huckleberry Finnekin ibiltzen da askotan abenturen bila. Halako batean hilketa baten lekukoak izango dira gaztetxo biak, izua eta gizon errugabea salbatzeko ahaleginen arteko borrokan arituko dira, askotan gaizkileen atzaparretan erortzeko puntuan. 
                Duela mende eta erdiko AEBetako gizartea aurkezten zaigu bere gordinean: aberats eta pobreen arteko muga gaindiezinaz, boteretsuen aginte orotarikoaz, hezkuntzaren zurruntasuna, gutxiengo etnikoak bizi diren bazterkeria agerian eta erlijioaren edononeko presentzia itogarriaz. Baina paisaia hain bortitzeta kontrako horretan mutikoak, Tom eta Huck, moldatuko dira ezer gutxiz zoriontsu izateko eta askatasunaren egarria asetzeko.
                Hasieran hizkera zaila egingo bazaigu ere (perpaus luze eta korapilotsuak , XIX mendeko emaitza)  berehala ohitu eta irakurketa erraza eta gustagarria egingo zaigu. Kapitulu laburrak dira eta edizioa marrazki erakargarriez osatuta dago.
 
Rafa L.



What's the story?

Mark Twain's classic novel THE ADVENTURES OF TOM SAWYER takes place in fictional St. Petersburg (a town on the Mississippi that is patterned after Twain's hometown of Hannibal, MO), where Tom lives with his Aunt Polly and cousins Sid and Mary. A mischievous, imaginative boy of about 11, Tom is often on the wrong side of the rules at school and at home. Late one night, Tom sneaks out with his friend Huckleberry Finn, and the two witness a violent crime. Afraid for their own safety, Tom and Huck promise each other to keep the night a secret, and Tom carries on his usual activities: playing pirates with his friends, flirting with the pretty Becky Thatcher, and worrying his Aunt Polly. But Tom and Huck soon find themselves in serious trouble, because they can't ignore their consciences, or the fact that the criminal has some treasure they can't resist.