2013-08-06

URAREN FORMA

 
URAREN FORMA
Andrea Camilleri
(Igela, 2012)
                 Luparello ingeniaria hilik azalduko da beste tokirik ez daukatenek kotxean zirriak egitera joan ohi diren orube batean. Salvo Montalbano polizia siziliarra arduratuko da kasuaz. Hasieratik heriotzaren zergatiak begi-bistakoa ematen badu ere, badira hildakoaren ohitura eta mailarekin  bat ez datozen hainbat datu. Norbaitek erabili nahi izango du ingeniariaren bukaera itsusi hark, frogak aldatuz, Luparellok zuzentzen zuen alderdi politikoaren gidaritza eskuratzeko. Salvo argi ibiliko da berriz ere eta dena argituko.
                Montalbano ez da polizia ohikoa. Gizatasuna eta onberatsuna agertuko ditu beste ezer baino lehen, eta umorea, eta ironia. Solaskide aparta da eta beti dauka egoerari zuzen doakion pasadizo, oroitzapen edota kontakizunik. Istorio nagusiari, mutur asko dituen mataza horri, Salvok etengabe gehitzen dizkion mikroistorioak emendatzen zaizkio.
                Gozamen hutsa da liburua, baina irakurle ernai eta adi egoteko gai dena eskatuko du. Aurretik ere Hilabetea Montalbanorekin proposatu izan dugu blogean. Hura gustatu bazitzaizuen, oraingo honekin montalbanomaniako porrokatuta bihurtuko zarete. Espero dezagun Salvoren nobela gehiago azkar euskaratzea, bestela… euskarari traizio txikia eginda…
                Nire buruan sortutako Montalbanoren irudia oso urrun dago telebistan eskaini izan diguten guaperas horretatik (askoz ere egilea beraren antzera irudikatu izan dut). Hortaz, ez dut Salvo telebistan gehiago ikusiko eta nerearekin geratuko naiz.
 
Rafa L.



No comments: