HERIOTZARAKO
JANTZIA
Donna Leon
(Erein, 2009)
Oporretara
joan behar zuen familiarekin Guido Brunetti komisarioak, baina trabesti bat
hilik azalduko da orube batean eta poliziak argitu beharko du kasua. Hildako
identifikatu eta aztarnak topatu ahala, Venezian etxebizitza lortzeko mafiek
martxan dituzten negozio zikinak eta karitatezko erakunde ustelen atzean
daudenak ere azaltzen joango dira. Bidean hildako gehiago izango dira. Azkenean
kasua argitu argituko da, baina zigorra jende xehe eta arruntarentzat izango da
bakarrik. Izan ere, boteretsuak beti atera ohi dira onik legea eta epaileak
tarteko badira.
Brunetti
pertsonaia oso gizon arrunta egiten zaigu, oso hurbilekoa. Ez da Iparraldeko
beste polizia horiek bezalakoa, ez dago dibortziatuta, ez du gehiegi edaten, ez
dauka depresio larririk. Oso bitxia egingo zaiguna –niri, behintzat, gertatu
zait- zera izango da Venezia hiria (kanalak, vaporettoak, palazioak…)
eta polizia istorio arrunt baten (jazarpenak, tiroak, forentseak…) arteko nahasketa.
Ez naiz irakurritako liburuei buruzko filmen ikusi zalea, baina kasu honetan
gustura joango nintzateke zinemara.
Istorioak
oso erritmo handia dauka, ordu erdiko irakurketako kapituluetan emanda dago,
baina patata frijitu iragarki hark esaten zuen bezala “ezin izango duzu
bakarrarekin konformatu”, kontakizunak harrapatu egin zaitu eta gutxienez bi
kapitulu irentsiko dituzu irakurraldiko.
Kontsumorako
literaturaz ari gara. Aparteko balorerik gabekoa, baina denbora-pasa atsegina
eskain diezagukeena: bidaia bat, oporretako planik gabeko egunak, itxarongelak…
Gustatu
bazaizue ez larritu, Brunetti komisarioak gutxienez beste dozena bat kasu
badauzka eta izango duzue non aukeratu. Espero dezagun aurki besteren bat
euskaraz argitaratzea.
Rafa L.
No comments:
Post a Comment