2012-03-22

MAITASUNA BESTERIK EZ


MAITASUNA BESTERIK EZ
Marliese Arold
(Elkar, 2007)



Neska “arrunta” da Sandra. Baina nondik eta nola ez dakielarik, orain artean bere lagun minekiko -mutila- sentitutakoarekin zerikusirik ez daukan zerbait hasiko da sentitzen Meikerekin. Meike, neska konprometitua etxean, gazte mugimenduan, antzerkigintzan... erakargarria egin zaio Sandra neska pija-ri. Hasieran, honek, beste neskarekin maitemintzeak, izugarri aztoratuko du Sandra; baina gerora, onartu, lasaitu eta amodioaz gozatzen hasiko da.

Akzioa Alemanian-edo burutzen da. Atentzioa ematen du nobelan gazteek daukaten dibertitzeko era: dena kontsumitzean datza, erosi, erosi eta erosi. Eta istorioan agertzen zaizkigun gaztetxoak, gure artekoekin konparatuta, luxuzko baldintzetan bizi direla ematen du.

Hainbat kritikatan homosexualitatea era ausarta agertzen duen liburua dela irakurri ahal izango duzue; baina protagonista bere sentimenduekin konturatutakoan, bere buruaren etengabeko justifikazioan arituko da.

Idazleak tesia –homosexualitatea ez dela ezer txarra- mantendu eta azpimarratu behar izanak kontakizuna zapaldu eta asperduraren gurpilean sartzen du gehiegitan.

Rafa L.

2012-03-21

BIHOTZ AUSARTA


BIHOTZ AUSARTA
Joanes Urkixo
(Alfaguara-Zubia, 1996)



Urtzi maiteminduta dago, baina nola esan Oihanari? Neskari bere amodioa aitortzeko puntuan dagoenetan, ausartu ez eta mutilaren frustrazioa handitzen doa. Ikasketetan gauzak ere ez doazkio ondotxo eta hau guztia gutxi balitz, badirudi Txispas aurrea hartzen ari zaiola eta Oihanaren “lagun kuttun ofiziala” postua lortzeko puntuan dagoela. Noizbait koldarkeria alde batera utzi bere buruarekin konfidantza hartu eta benetako Bihotz Ausarta bihurtu behar izango du Urtzik. Ausartuko al da?

Kontatzen den istorioa inozo samarra da, pertsonaiak oso sinple eta alde bakarrekoak dira, baina maitagarri egiten zaizkigu. Bestalde kontakizunak ez dauka sorpresa handirik eta badakigu ia hasieratik gauzak ondo aterako zaizkiola protagonistari. Hala ere, gustagarri egiten zaizkigu pasadizoak, eta gu hunkitzera ere iritsiko dira batzuetan.

Gaizki bukatzen diren istorioekin nazkatu samar baldin bazaude; liburua bukatutakoan ezpainetan irribarre inozoa eduki nahi baduzu; zuk ere Urtzik bizi duen amodio-zorionaren partaide izan nahi baduzu; oso neska edo mutil erromantikoa bazara... liburu hau zuretzat da egina. Ausartu zaitez “Bihotz Ausarta”rekin!
Rafa L.

2012-03-20

BIDELAPURRAK, MATXINOAK ETA KUTUN ESTIMATUA


BIDELAPURRAK, MATXINOAK ETA KUTUN ESTIMATUA
M.A. Mintegi
(Ibaizabal, 2007)

Mintegiren libururik irakurri izan dugu orain baino lehen !. Idazleak bisita ere egin zigun maiemminduen egunean. Oraingoan proposatu nahi dizuegun liburu honetan, poliziakotik eta historiatik duen istorio bat ekarriko digu. Igartza kapitaina herrira dakarren diligentziari lapurreta egin eta bertan bidaiari zihoan neskatoa bahitu egingo dute ezezagun batzuek.
Igartza desagerarazitako neska askatzen eta gaizkileek ekintza hartan bertan berari kendutako kutuna berreskuratzen saiatuko da.

Kontakizuna erritmo handiz, zuzen eta indartsu, hasten bada ere; erdialdera bizitasuna galdu eta nahastu egiten da. Izan ere, irakurleari matxinada garaian bizi izandako kale giroa irakurleari erakusteko-edo, idazleak batera eta bestera erabiliko du protagonista helburu argirik gabe eta istorioa –inolako beharrik gabe- larregi korapilatuz.
Beste aldetik, pertsonaiak nahikoa muturrekoak dira, oso sinpleak, ez oso sinesgarriak. Bereziki pelikulako gaiztoak inozo eta tontoak dira oso.

Esanak esanda ere, istorioa gustagarria da eta martxa handikoa; erraz irakurtzen dena – Migel Angel Mintegik erabiltzen duen hizkera natural eta erakargarriak ere asko laguntzen du honetan.
Agian historiaren txatalak derrigorrez txertatu izanak gehigitxo behartu egin du istorioaren haria. Matxinadaren kontakizuna eta Igartza kapitainaren abentura ez dira hain ondo itsatsi… eta kutunarena?

Rafa L.

2012-02-28

ISMAELEN HISTORIA



ISMAELEN HISTORIA
Francesco D’Adamo
(Aizkorri, 2010)

Aitarekin ikasi du arrantzan txikitandik Ismaelek, eta horretan dihardu egunero. Ismalek, itsasora gabe, etxean geratu behar izan duen egun batean; aita eta Youssouf desagertu egingo dira betiko. Honetan hasiko da Ismaelek itsasoarekin izango duen maitasun eta gorrotozko harremana.
Europara nahi izango du Ismaelek. Itsasoak bidaide guztiak irentsiko ditu Ismael
bakarrik utzita bizirik.

Tonu sentsiblero eta aitatxokeriaz idatzitako istorioa. Egileak munta apaleko hausnarketak egiteko behar dituen eszenategiak marraztu ditu, eta historia bat behar lukeena, powerpoint melodramatikoan geratu.
D’Adamok ez du aztertzen ukitzen duen gaia, ez du jarrera argirik azaltzen dramaren
aurrean. Liburua astuntxoa egiten da irakurtzeko, eta geldoa. Igande arratseko
katekesiko filmen kutsua hartzen zaio kontakizunari: gozopastelegia.
Rafa L.



2012-01-12

HERIOTZA ZURIZ JANTZITA


HERIOTZA ZURIZ JANTZITA
M.A. Mintegi
(Ibaizabal,2011)


Oraingo honetan gazteentzako liburuetan estreinakoz ikusi izan dugun inguru batean burutzen den abentura ekarriko digu M.A. Mintegik. Izan ere, istorioko pasadizoak goimendi giroan burutzen dira, Pirinioetan hain zuzen ere.
Lau lagun doaz asteburu pasa koadrillako biren Pirinioetako jaioterrira. Bidean, gasolindegian, neska brasildarra etorri zaie laguntza eske. Gazteak konturatu orduko, piura susmagarriko gizonkote batzuek eraman dute neska.

Herrixkara iritsitakoan, bertako “azken berriaz” jabetu dira gure neska-mutilak: "kluba" zabaldu behar omen dute mendialdeko herri lasaian. Sustatzaileak -gasolindegiko tipo arraroak- eta bere babesleak -herriko poliziak- gogor saiatuko dira bere negozioan muturra sartu nahi edota behar izango duten gazteak uxatzen.
Ez dugu gehiago kontatuko istoioa ez destripatzeko.

Mintegik ohi duen kontaketa arina eta dinamikoa erabili du oraingoan ere. Erraz-erraz irakurriko dugu, Inguruko idazlea izanda, bere hizkera ez zaigu batere arrotz egingo, Tirada batean irakurri nahi izango dugu: nabari da idazle iaio eta istorioak kontatzen eskarmentu handia duen baten aurrean gaudela. Liburuak merezi du, dudarik gabe.

Oso dibertigarria izatez aparte, sexuaren inguruko negozioetan askotan dagoen mixeria eta zorigaitza salatu nahi izan ditu idazleak? Zein izan da bere asmoa liburu honekin? Galdetuko diogu.

Eskerrak gugandik urrutiko kontuak direla hauek guztiak edo… hurbiltxoago ere topa al genezake hemen kontatutakoa gerta litekeen tokirik?


Rafa L.

2011-12-20

COCA-COLA ERDI AROAN


COCA-COLA ERDI AROAN
M.A. Mintegi
(Ibaizabal, 1999)



Espeleologia zaleak dira Aitor eta Mikel. Behinola bere afizioan zihardutela, “istripu” berezia izanda, amildu egin dira denboraren zurubian eta Erdi-Aroraino lerratu egin dira, elkarrengandik galdu eta abenturan hasi.

Ahaide Nagusien arteko liskarren garaia da, Ataun inguruak oso daude diferente. Jendea estuasun handietan bizi da: beldurrak eta pobrezian.
Aitor bere lagunaren bila hasiko da berehala eta Diegorekin elkartuko da. Bahitu egin dioten maiteƱoaren bila dabilen mutila da Diego. Gazte biek elkarri lagunduko diote bere adiskideekin atzera elkartzeko.

Asko argitzen ez den historia-saltoaren amarrua erabilita, antzinako euskaldunen bizimodua erakusten digu idazleak eta, bide batez, egungo gure bizimoduarekin konparaketa egiten.
Leku izenen hesiak mugatu egiten du apur bat kontakizunaren eremua, baina istorioa erakargarria suertatzen da goierritarrak ez garenontzat ere.
Pertsonaiak oso gainetik daude marraztuta. Etengabe daude mugimenduan eta, noski, ezin haien argazki txukunik egin. Akzioa da nagusi; azkar doa istorioa.

Inoiz irakurri ez baduzu Mintegiren libururik, hau izan liteke abiapuntu aproposa. Aldiz, ni bezala, liburu honetara iristen bazara Mintegiren ondorengo beste lan batzuk ezagutu ostean, “Coca-Cola Erdi-Aroan” honi berde kutsua aterako diozu; idazle ataundarraren ondorengo lanak askoz ere borobil eta landuagoak baitira. Baina, hala ere, sasoi hasierako fruituen grazia berezia hartuko diozu istorioari.

Rafa L.

Idazleari buruz gehiago jakiteko:
http://www.idazleak.org/euskara/idazleak/migel-anjel-mintegi-larraza?q1=

2011-12-18

MATTIN MOTTELA


MATTIN MOTTELA
Jose Mari Satrustegi
Ibaizabal
Herri kondairetan oinarria hartuta, Mattin Mottela pertsonaia sortu du Satrustegik. Munduan bakarrik geratu den gaztetxoa, herri heroia bihurtuta, gaizkiaren aurka eta ahulen mesedean borrokan arituko da. Beti ausart, beti burutsu eta argi; aurrera egingo du Mattinek.
Eskena soltetan ematen zaigu istorioa. Pasarte guztiak kitzikagarri eta sorpresaz beteta. Benetako literatura herrikoia.
Satrustegiri buruzko gehiago jakiteko:

2011-11-12

A ZER GAUPASA!


A ZER GAUPASA!
M.A. Mintegi
(Elkar, 2000)





Uda hasierako gau epel batean, gazte koadrila batekoak, aspaldian itxaron izan duten rock kontzertuaz gozatu beharrean, koadrilako neska txolinaren –Leireren­- jokabide burugabea dela eta, abentura arriskutsu eta kitzikagarrian sartuta ibiliko dira egunsentira arte. Igor eta Miren ibiliko dira droga-saltzaile arriskutsu batzuen beldur eta, hala ere, haiei jarraiki Leire salbatzearren. Amodioak ere izango du bere partetxoa gau hartakoan.

Istorioa linealki dago kontatuta, inongo denbora-salto edo horrelakorik gabe. Ingurua eta giroa, hasieran behintzat, oso ezagun egiten zaizkigu. Kontakizuna aurrera doan neurrian gero eta fantasiosoago bihurtzen da eta sinesgarritasun apur bat galdu –eta emozioa eta kilika irabazi. Hori bai, pelikulako gaiztoak tontotxoak ere badira.

Oro har, era atseginean eta erraz irakurtzen den liburua da eta dibertigarria suertatuko zaigu; nahiz eta zenbait pasartetan, drogaren aurkako mezua hainbeste azpimarratzeak kutsu didaktiko gehiegitxo eransten dion liburuari.


Rafa L.

2011-11-10

ZAZPI BIDER ZAZPI







ZAZPI BIDER ZAZPI
F. Juaristi
(Erein, 2005)

Hiri handiko auzunea utzita, herri txiki batera aldatuko da Sebastianen familia. Mutila beste gazte batzuk ezagutuko ditu eta haien koadrilan sartu ahal izateko zazpi froga gainditu behar izango ditu.Sebastinek froga hauetan dauzkan zailtasunak gainditzeko askotan eskatuko die laguntza bere hiriko lagunei eta hauek zintzo-zintzo etorri eta estualditik aterako dute. Egia esan, frogak ez dira batere originalak, eta azkenekoak, bereziki, oso modan egondako pelikula bat ere ekartzen digu gogora.

Pertsonaiak bitxiak dira, ez oso sinesgarriak, beste garai batekoak: mutilak mendiko txaboletan biltzen zirenetakoak, neskek festako erregina izan nahi zutenekoak edo gaztetxoak auzoko agure xarmangarriekin liluratuta egoten zirenekoak.
Istorioa aurrera doa, ez berez; nekez, arrastaka, inongo sorpresarik gabe eta eskema zurrun bati jarraiki; kapitulu guztiek garapen bera dutelarik. Eta kapitulua nondik bideratu argi ez dagoenean irtenbide bera: behartuta sartutako flash-backa.
Gazte literatura egiteko ez da nahikoa pertsonaia gazteen irudia eta perpaus motzak erabiltzea. Badirudi egileak egungo gazteekin harreman handirik ez duela, beren kezka eta mobidetatik urruntxo dabilela: Euskal Herri osoan ez dago Sinatra maite duen gazterik!

Zaila egiten zait hau esatea, ez nuen inoiz pentsatuko Felipe Juaristiren lan bati buruz horrelakoak esan behar izango nituenik; baina, egia esatera, oso kalitate txikiko liburua da. Durangorako bolumena egiteko ekartzen diren horietako beste bat. Literatura negozioa ere badela gogorarazten diguten horietako bat.


Rafa L.

2011-08-31

SACAMANTECAS NUEN AITA



SACAMANTECAS NUEN AITA
Aitor Arana
(Txalaparta, 2012)
 

 

            Juan Diaz de Garaio, aparteko historiarik gabeko nekazari txiroa, zoriontsu bizi izan da Dulantzin bere lehenego emaztearekin eta bere hiru seme-alabekin. Baina hura hiltzean, dena gainbehera dator haienean eta Juan bere sexu irrika asetzeko etxetik kanpora joko du, emazteak –hirutan alargunduko baita Juan- ez baititu aldeko izango. Hasieran salaketaren beldurrez, geroago agian plazerrez ere, emakumezkoak hilko ditu: lehenengoetan itota, beranduago labanaz zaurituz eta azkenerako tripa hustuz. Hortik herriak eman zion goitizena: Sacamantecas.           

Liburuan Euskal Herrian izan dugun serial killer famatuenaren historia erakusten digu. Hiltzailearen alabak komentu bateko giro patxadatsuan saiatuko da bere aita izandakoaren oraipenak eta datuak biltzen. Haren irakurketengatik ezagutuko ditugu orduko gizartearen erreakzioa eta Adelak –alabak- zirriborratzean hasten den aitaren biografiatxoan Garaio etxetiar eta zoriontsua ere egon zela iradokiko zaigu. Gainontzekoa –gehiena, bestalde- narratzaile batek botako ditu plasta-plasta, gupidarik gabe.

Kontakizunak apur bat badauka nobelatik, baina gehienbat Garaioren krimenei buruzko datu metaketa gehiegizkoa suertatzen da. Adelaren kontakizuna ez du funtzionatzen historia osoa “literaturatzeko” orduan, eta Garaio barnetik ezagutzeko gogoaz geratuko gara. Zerbait landuago merezi zuen historiak: emakume bortxatuen sentimenduak, Garaioren balizko zergatiak, paisaien deskribapenak, …

Gertakizunek sekulako indarra izanda, irakurketak harrapatu egiten zaitu. Agian, txosten morbosoek harrapa zaitzaketen moduan. Baina polizia agirietan literatura gutxi jeneralean.
 
Rafa L.