2014-04-30

AVIS ETA ALBA - HILDAKOEN EREMUAN


AVIS ETA ALBA
Hildakoen eremuan
Aitor Arana
(Ibaizabal, 2013)



                 Ez daukagu oso argi zergatik ote, baina Avis, Karlos,  kale gorrian dago, memoria galduta eta bizirik irauteko ahaleginetan. Eskolan Alba hurbilduko zaio eta lagun minak bilakatuko dira. Avisek hilerriekiko zaletasun bitxia erakusten du eta, joera honi eta gazte misteriotsu baten laguntzari esker, Niko katatonikoa, bizirik hilobiratu dutena, salbatzea lortuko du. Gazte misteriotsu honek oso gertutik jarraitzen ditu Avisen urratsak, baina ez dugu berari buruz ezer asko jakitea lortuko.

                Oso datu gutxirekin montatu behar dugu gure pelikula liburu hau irakurtzean. Ez dago argibiderik, ez deskripziorik, ez logika handirik automatikoki mugitzen diren pertsonaien ekintzetan. Istorio osoa hotzak jota dago. Ilustrazioak ere bide bera darama eta ez dio gure irudimenari asko lagunduko. 

                Trilogia bateko lehenengo liburua izanda, hurrengoetan gauzak apur gehiago argituko direla espero dut. Baina berandu izango da, niretzat behintzat. Avisek eta Albak izan dute bere aukera eta lau orduko irakurketan ez dute ni harrapatzea lortu.
 
Rafa L.

 


No comments: