2016-02-17

ESTOLDA JOLASAK






ESTOLDA JOLASAK
Jon Arretxe
(Erein, 2015)


                Aurreko nobelan bere alaba eta biloba hain ankerki akabatu zituzten nigeriarretako bat “garbitu” izanak arazo latzak ekarriko dizkio Toureri oraingoan. Bilbotik iheska, Madrileko CEIn ikusiko dugu atxilotuta eta, “zorigaitzeko loteria” tokatutakoan, hegazkin batean sartu ondoren, Maliko Bamakora botako dute detektibe burkinafasoarra.
                Eskerrak Osman pisukidearen lagunek –Alouk eta Aishak– hartuko duten Toure etxean eta babesa emango. Baina lasaitasunak ez du luze iraungo: nigeriarrek nondik edo handik izan dute Toureren berri eta jazarpen odoltsua hasiko da. Tourek herioari itzuri egitea lortuko badu, bere ingurukoek jasan behar izango dute sarraskia eta atsekabea.

                Pertsonaia nagusia ezaguna dugu: Toure, zoritxarraren mehatxu etengabean bizi den afrikar ausarta. Bilboko San Frantziskoko lagunak –lehendik ere ezagunak- eta Bamakon ezagutu dituenak, bitxiak, bi zertzeladetan deskribatzen direnak.
                Trama ez dago oso garatuta, motorra hartuta batera eta bestera ikusiko dugu burkinarra etengabeko mugimenduan, bisitan beti. Oso eszena biolentoen lekuko izatea tokatuko zaio oraingoan ere Toureri. Baina zoriona ere etsipenaren tartean dagoela ematen du batzuetan.

                Erritmo bizikoa. Irakurterraza. Aurrekoen ildo berean. Besteak gustatu bazitzaizkizun, hau ere gustukoa izango duzu. Irakurri. Toureren hurrengoaren zain geratzen gara.

Rafa L.



Liburuaren gaztelerazko bertsioa ere eskura duzue.



Maliko Bamako izango da eskenategia oraingoan.

Erein aurkezpena: https://vimeo.com/148341594



No comments: