2013-03-01


HILABETE BAT MONTALBANOREKIN
Andrea Camilleri
(Igela, 2012)


Andrea Camillerik hogeita hamar istorio labur proposatzen dizkigu. Siziliako jende xeheari eta protagonista berari gertatutakoak. Egunean bat irakurriz gero hilabetea iraun beharko liguke liburuak –hortik izenburua. Vigatako komisaldegira iritsiko diren kasu bitxiak: gazte eta agure enamoratuak, mafia familien arteko liskarrak, pertsona edadetuen maniak… denak argituko ditu Salvo Montalbano onberak, beti herrikideak kinkatik ateratzeaz gehiago arduratuta justizia “partitzeaz” baino.
Nobela beltzak mota guztietako poliziak erakutsi izan dizkigu orain artekoan hasi detektibe klasikoak –tipo azkar, gogor eta bortitz samarrak- eta azken boladako psikologikoki porru egindako  Ipar Europako poliziak. Ezin genezake Montalbano klase horietako batean sailkatu: ez ditu arazoak alkoholarekin, emaztea –Livia- maite du. Baikor, lagunkoia, tipo lasaia eta bakezalea da Salvo, gozatu egiten du jaki on bat eta literaturarekin.
            Egiantz handiko pasarteak, eguneroko bizitzatik ateratakoak, jende arruntari gertatutakoak, oso gertukoak. Pasarte bakoitzak (10-12 orrialde) luzera perfektua du irukurtsaioa osatzeko. Istorioak ez daude lotuta. Oherako edo oporralditarako liburu egokia izan daiteke.
Gizon erakargarria egingo zaigu polizia siziliarra. Eta, seguraski, berari buruz gehiago jakiteko gutizia piztuko digu liburu honek. Gazteleraz erraz topa genezake Salvoren istoriorik, bestelakoa da euskaraz. Espero dezagun honen atzetik beste asko etortzea euskal mundura.
(Lana txukun egindakoan inork ez du itzultzaileari buruzko ezer esaten, esker txarreko ofizioa!)

Rafa L.
 beste iritzia:

8 comments:

Anonymous said...

Liburu izugarri polita iruditu zait. Liburu honen informazio asko aurkitu ez dudan arren beldur nintzen irakurtzerako garaian aurkituko, nuenaz baina ez da batere zaila izan irakurtzeko eta irakurketaz gozatu dudala esan dezaket.
Liburuan, Montalbano komisarioari bere lanean gertatu zaizkion krimen eta desagerpenak kontatzen ditu. Elkarren artean zerikusirik gabeak dira baina ederrak aldi berean, pertsonaia interesgarri eta ezberdin askorekin. Txundituta uzteko moduko jendea azaltzen da eta beraien ekintzak zinez dira arraroak( pozoia, hilketak, bahiketak...).
Liburua aholkatzerako garaian, ez nioke ordea edozeini gomendatuko. Nobela beltzak gustoko badituzu eta misterio zalea bazara, hau da zure liburua! Ea Montalbano bezain argia zaren krimenak argitzen!;)

Alex Goikoetxea P. 4.A 2012-13 ikasturtea

Anonymous said...

Liburu irakur erraza da. Bertan 30 kontakizun kontatzen dizkigu; hilketa prestatuak, pasiozkoak... batzuk ulert errazak egin zaizkit, baina beste batzuk nahastuagoak edo ulertzen zailagoak egin zaizkit. Vigata herriarekin zuzenki edo zeharka lotutako kontakizunak dira eta Montalbano komisariak berauek nolabait argitzen saiatzen da; hainbat lagun, lankide eta ezagunen laguntzez. Nire ustez liburu luze xamarra izan arren, pazientziarekin hartuz gero edonori gomendatuko nioke irakur dezan.

ANDER Z. 4.A

Anonymous said...

Oraingo honetan Andrea Camillero-k idatzitako “Hilabete bat Montalbanorekin” liburua irakurri dut. Liburua 30 istorio laburrez osaturik dago baina ez dute loturarik batak bestearekin. Protagonista Salvo Montalbano komisarioa dugu eta batez ere Vigàta herri siziliarreko kasuak argituko ditu. Liburu poliziakoa denez, istorio bakoitzaren hasieran lapurreta, hilketa… baten planteamendua agertzen da eta bukaeran gaizkilea nor den jakiten dugu. Horrexegatik nahiko entretenigarria suertatu zait, istorio bat desatsegina irudituz gero lasai egon zaitezkeelako hurrengoak ez baitu zerikusirik aurrekoarekin.
Liburu luzea da baina denborarekin irakurriz gero atsegina eta erraz irakurtzekoa egiten da.
Nobela beltza eta poliziakoa gustuko dutenei gomendatzen diet liburu hau.

Maider A. 4A 2012-2013

Anonymous said...

Niri liburu hau interesgarria iruditu zait, abentura eta misterioa beti tartean daudelako. Liburu honek 30 istorio desberdin kontatzen ditu, baina guztietan Salvo Montalbano izeneko komisario bat izango da protagonista. Salvok hainbat laguntzaile edukiko ditu 30 kasu horiek argitzen laguntzeko, adibidez: Mimi Augello, Fazio... Irakurtzeko eta ulertzeko erreza den liburu horietako bat da, baina noski, horretarako denbora tarte bat eskaini behar zaio. Liburu hau, gazteei gomendatuko nieke orohar. Anima zaitezte!

Ander G. 2012-2013 4B

Anonymous said...

"Hilabete bat Montalbanorekin" izan da irakurri dudan liburua. Nobela hau poliziakoa da eta 30 istorio motzez dago osatua. Istorio guztietan, protagonista bera da: Salvo Montalbano komisarioa. Istorio bakoitzean hilketa,lapurreta edo desagerketaren bat gertatzen da eta komisarioaren lana izango da misterio hauek argitzea.
Liburua asko gustatu zait. Luzea den arren, denborarekin eta patxadaz hartu ezkero oso erraz irakur daiteke gainera. Beraz, misterioz betetako nobelak eta nobela beltzak gustuko badituzu anima zaitez irakurtzera!

Nerea M. 4B (2012-2013 ikasturtea

Anonymous said...

Andrea Camilleroren "Hilabete bat Montalbanorekin" irakurtzen jardun dut oraingoan. Liburu honek 30 kapitulo labur ditu, hamar bat orrietakoa bakoitza, eta horietan protagonista Salvo Montalvano da, baina istorio guztiak desberdinak dira. Istorioak hilketei, lapurretei eta abarrei buruz hitz egiten dute,horrexegatik Nobela Beltzean sailkatuko genuke liburu hau.
Istorio guztiak nahiko sinpleak dira, hasiera batean gertatu dena adierazi, eta bukaeran zein izan den gaizkilea esan. Hala ere, nire ustez, ez da liburu oso erraz irakurtzekoa, zeren eta bere zailtasunak ditu, bai hiztegian eta bai istorioetan. Arreta handiz irakurri behar duzu, bestela hurrengo istorioaren ondorioz, ahaztuko zaizu erabat, desberdina denez.
Hala ere gomendatzen dizuet, entretenigarria baita, eta poliziarekin zerikusiko nobelak gustatzen bazaizkizu, hau da, nobela beltzak, errex asko irakurriko dezu.

Irati Z. 4B 2013ko apirilaren 17a.

Anonymous said...

Nik “Hilabete bat Montalbanorekin” liburua irakurri dut. Onartu behar dut ematen duena baina errazago irakurtzen dela nahiz eta luzea izan, eta nahiz eta momentu batzuetan ez izan oso interesgarria liburua entretenigarria da. Bertan Montalbano komisarioak bere bizitzan izan zituenen artean dauden 30 kasu kontatzen dira. Nobela beltza da, dudarik gabe, bertan lapurretak, hilketak, engainuak... kontatzen dira, nobela poliziakoa da begi bistan dagoen bezala. Montalbano komisarioa, Vigàtan, Italiako herri batean bizi da bere emaztearekin, Livia. Polizia etxean egiten du lan eta aski ezaguna da herritarren artean, oso polizi ona dela esan behar da eta irakurle sutsua. Nobela beltzak gustuko dituen edozein pertsonari gomendatzen diot liburu hau irakurtzea, entretenituko baita segituen. Animatu eta irakur itzazue polizi honen abenturak!


Haizea A. 2B. 2012-2013 ikasturtea

Anonymous said...

Liburu nahiko erraza da irakurtzeko, askotan nahastuta edo ulertu ezinik ibili naiz hainbat kontakizunetan kale izenak, pertsonak... zerbait laburra esateko izugarrizko elkarrizketak kontatzen dituelako. Liburu honetan Montalbano komisario gisa Vigatara iristen denetik 30 istorio argitzen saiatzen da bere inguruko lagunen eta ezagunen laguntzaz. Istorio bakoitzak ez dauka zer ikusirik aurrekoarekin. Beraz nire ustez, nobela poliziakoak gustatzen zaion edonori gomendatuko nioke irakur dezan.

Aimar Z. 4.B