AZKEN GURASOAK
Aitor Arana
Desastrea Lur planetan: Eguzkia ere betirako
ezkutatua dela ematen du, gosea eta etsipena nonahi. Gerora protagonistak
izango direnen familiak bizileku seguru baten bila ihesi doaz hiritik eta
kobazulo batean babestuko dira, aspaldian gizalegez jokatzeari utzi zioten
gizakiengandik ahalik eta urrutien. Aspaldian gurasoek Asisko eta Mirariri kontatu
izan dietenaren arabera ba omen zegoen hiriko jauregi batean ekuatoreko
lurraldera hegan egiteko presto zegoen ontzia. Mirari haurdun dago eta jaioko
denari etorkizuna ematearren joango dira hirira. Kohete salbatzailea martxan
jarriko zukeen ordenadorea topatu behar bakarrik.
Puska
luze bat irakurri arte ez dugu jakingo protagonistak nortzuk diren ezta zein
den bere nahia. Irudimenean oinarrituta bada ere, istorioari sinesgarritasun
minimoa eska dakioke eta ez dauka. Kolpeka dago kontatuta, asko landu gabeko
soluzioak emanez pasarteak norantz bideratu erabakitzeko beharrari. Protagonistek umeak ematen dute hasieran eta
bat-batean gurasogai agertzen zaizkigu. Ez dakigu Asisko eta Mirarik elkar
maite ote duten, ezta nor den umearen aita.
Laburbilduz,
dena da oso nahasi eta ilun, saltoka eta gutxieneko antolamendurik gabekoa.
Lehenagotik ere gertatu izan zitzaigun Aitor Aranaren libururen batekin, baina “Vampiria”
irakurri ondoren denak barkatu genizkion idazle Legazpiarrari… eta hau? Badirudi
hau aspaldiko lana dela.
Nahiz eta gure
eskura iritsi den liburua 2011 urtekoa izan (Ibaizabal), sarean bilaketa eginda
beste argitaletxean baina titulu eta egile beraz 2003 urtekoa (SM-baporea) bezala
azaltzen da. Zer dela eta?
Niri asko kostatu
zait liburua bukatzea. Nire gomendioa: utzi alde batera liburu hau eta, nahi
baduzue, irakurri “Vampiria”.
Baina bada gustukoa izan duenik:
1 comment:
Nik Aitor Aranaren "Vampiria" liburua irakurri dut. Liburu polita iruditu zait eta oso interesgarria. Banpiroei buruzko liburua da eta hauek pertsonak banpiroak bihurtzen dituzte. Azkenean ordea, Mikel eta X jaunak arazoari konponbidea ematen diote. Liburu honek intriga sortzen du. Gehienbat bukaera gustatu zait, oso polita baita. Edozeini gomendatuko nioke liburu hau.
Julen O. 3.B (2013-2014)
Post a Comment