2016-10-21

FREEPORT





FREEPORT
Ander Odriozola
(Elkar, 2016)

               Duela urte batzuk, Bizkaiko boteretsuen ustelkeria salatzeagatik bere lana galdu zuen Joanesek. Gaur egun, beste ezean, detektibe lanak egiten ditu: aseguruei iruzurrak, amoranteen ezkutuko zainketa eta horrelakoak. Baina, orain, hain justu diru behar gorrian dagoelarik iritsi zaio aukera ezin hobea. Izan ere, hilda azaldu den Leo Badiolaren aginduz espiatu berri duen armadorearen emazteak –Aidak– bere senarraren negozio zikinen berri azaltzen duen koadernoa du gordeta. Eta alargun berriak eta detektibeak informazio honi zukua atera nahi izango diote: diru freskue!

                Hogeita hamar kapitulu motzetan ematen da kontakizuna, egia esan, sinesgarritasun handirik gabe; baina era atsegin eta dinamikoan. Protagonistak bidean ematen du historiaren erdia, Bilbo eta Ondarroa arteko joan-etorrietan (nazkatuko zen Joanes koitadua!). Elkarrizketa biziak. Istorioak badu hezurdura, baina jantziago beharko luke: pertsona eta lekuen deskribapenak, pertsonaien sentimenduetan sakontzea…

                Baina bere lehenengo lana dela kontuan edukita, liburua kontalari iaio baten lana dela uste dugu. Gozatzeko moduko istorioa da hau. Irakurri. Ander Odriozolaren hurrengo liburuaren zain geratzen gara, polizia-nobelari ekingo dio berriz ere? 

Rafa L.





Egilea liburuaren aurkezpenean:

Armiarmako kritiken hemerotekan Javier Rojo (DV):

2016-10-02

PIZTIAK HIL BEHAR DU



PIZTIAK HIL BEHAR DU   (1938)
Nicholas Blake

(Igela, 2013)

              Norbaitek autoz harrapatu eta hil egin du Felix Lane-ren seme gaztetxoa –Martin–. Hilabetetara idazleak bide bazterrean izan duen istripu txiki batek bere semearen hiltzailearen arrastoan jarriko du Lane. Zantzu horiei  eta bere senari segika, hiltzaileraino iritsiko da; baina Felix Lanek ez ditu barrenak George Rattery hotzean akabatzeko, honek bere errua aitortu baino lehen. Idazleak dena planifikatu eta zeazki idatziko du bere egunerokoan, istorioaren pieza garrantzitsua bihurtuko dena.
                Felix Lanek hiltzailearen amorante ohia den Lena Lawson zine-izarra ezagutu eta berarekin maiteminduko da. Amodioak bide bihurrietatik eramango du istorioa.
                Narrazioaren bukaeran bi ikertzaile azalduko dira: Blount polizia detektibea, argiegia ez den funtzionarioa; eta Strangeways detektibe pribatua (hortaz, efizientea eta azkarra), kasuaren zirrikitu guztiak agerian utziko dituena.

                Hasieran Felixen egunerokoa irakurriko dugu zuzenean eta geroago historiaz kanpoko narratzaile batek emango digu gertatutakoen berri. Elkarrizketan oinarritutako pasarte asko, erraza da irakurtzeko. Baina luzea egiten da, luzeegia.

                Molde klasikoegia duen nobela poliziakoa, zaharkitu usaina duena. Eskainiko duen istorioaren truke irakurketa-lan handiegia eskatzen duena. 

Rafa L.


Goodreads lekuan azaltzen den  CINDYren aldeko iritziaren hasiera jarri dugu hemen. Jarraitu nahi baduzu edota beste iritziak ikusi:



        This book opens with a twist - the narrator confesses to be planning a murder. The reader soon learns that the narrator is Frank Cairnes, also known as writer Felix Lane, and the man he is planning to murder is the hit and run killer of his only son, Martie. Cairnes doesn't know who the man is yet, but he makes some pretty accurate deductions and soon has his victim in his sights. (...)




2016-09-21

ETA GALTZEN BAGARA, ZER?



ETA GALTZEN BAGARA, ZER?
Egoitz Zelaia
(Elkar-Iparluma, 2016)

Diotenez egilearen lehenbiziko lan luzea da hau. Hasieran nobela baten itxura sendoa badu ere; bukaera aldera, zati soltez –are elkarrekin lotura ahulak duten ipuin banakakoak– iruditu dakiguke kontakizuna.

Xune hazpandarra da protagonistetako bat, aita –errugabea izanda ere- espetxeratu zuten iheslari bati laguntza eman izanaren aukusazio faltsupean eta kartzelan hil zen. Robert poliziak drogaren trapitxeoan dabilen Xuneren anaia babestu nahi du, garaian egindako bidegabekeria konpentsatu nahirik-edo (honaino istorioa ondo jarraitzen da).  Iheslariaren ibilbideak Mexikoraino eramango du eta han berriki alargundu den neska lapurtarra ezagutuko du. Eta idazle bat badago tarteko Dana emakume misteriotsuaren laguna. Dana honek semea izango du, kantari famatua egingo dena eta mendekua hartu nahi izango duena. Eta idazlearen paper zaharrak azalduko dira…

Hasieran historia bakarra zirudienak eztanda egin eta mila pusketatan barreiatu da. Gure lana izango da puska horiek guztiak aztertu eta zer zerekin datorren bat erabakitzea edo, agian hobeto, irudikatzea. Desafio konplexua, baina erakargarri eta entretenigarria Egoitz Zelaia bertsolariak planteatu diguna, berak emandako pertsonaia-oinak baliatuta bertso-trama osatu beharko dugu.

Idazleak lapurterako hitz solte batzuk erabiltzen ditu, baina ez duzu arazorik izango testua ulertzeko. Saiatu eta komentatuko diguzu.

Rafa L.


2016-09-17

RAVEL





RAVEL
Jean Echenoz
(Mettok, 2007)

Jean Echenoz idazleak Euskal Herrian sortutako pertsonaia ezagunenetako baten zenbait bizitza-zertzelada margotuko dizkigu nobela labur honetan. Lapurdiko Ziburun jaio eta amarengandik euskara ikasitakoa zen konposatzailea. Baina liburuak ez digu Mauriceren biografia osoa egingo: musikagilearen azkeneko hamar urteak ditu kontagai.

1928an, Amerikarako lau hilabeteko bidaia arrakastatsua burutuko du Ravelek Estatu Batuetan eta Kanadan, ospearen gailurrean.  Bere musika sortzen jarraituko du Frantziara itzulitakoan, entzulegoaren onespenaz beti. Tamalez, hogeita hamargarren hasieran gaixotasun neurologiko batek joko du Ravel. Idazteko eta irakurtzeko ezinaz jota dago Maurice eta, bere etsipenerako, zer gertzen ari zaionaz jakitun da hasieran. Eta sufritu egiten du. Bere lagun musikariaren sendabidea lortzeko Ida Rubinstein-en ahalegin itzelak alferrikakoak izango dira. Gainbehera lau urtez luzatuko da eta 1937an hil egingo da Ravel, 62 urte zituelarik.

Liburua zailtxoa egingo zaigu, musika-gaiak menperatu ezean. Baina musikarekin interesatutakoak bagara, zenbait gauza interesgarri topatuko dugu kontakizunean. Hala ere, narrazioa ez da oso dinamikoa eta, nobela laburra bada ere, astuntxoa suertatzeko arriskua ere hor dago.

Rafa L. 


Maurice Ravel



Paul Wittgenstein piano-jole besamotzak
harreman zailak izan zituen Ravelekin


2016-09-12

NEMESIS






NEMESIS
Philip Roth
(Mettok, 2011)


Gerra garaia da. New Jerseyko Newark hirian polio izurritea gogor jotzen ari da. Bucky Cantor ez dute armadan onartu (ikusmen urritasuna) eta monitore gisa arituko da hirian udako garaian antolatu ohi diren jolaslekuetako batean. Gero Indian Hill mendi-kanpamentura joango da eritasunak herrian eragindako sufrikarioari iheska eta Marcia bere gustuko neskaren atzetik.
            Mutil juduak erru-sentimenduaren zama gainetik kendu ezinik ibiliko da. Europako gudan hil diren bere lagunen hutsune latza eta begien aurrean hil zaizkion gaztetxoen zama. Ez du kontsolamendurik nahi; beti bezain indartsua izaten jarraitu nahi du. Jainkoa da zorigaitz horien guztien erruduna; ondo daki berak.

            Zorigaitzaren aurrean gure buruari maiz egin ohi dizkiogun galderak erabiliko ditu Buckyk. Gaia sakona izanda ere, kontakizuna ez da astuna edo etsigarria. Hirugarrengo zatian, bizitza bati atzera-begirada den horretan, ordea, apur bat sendoago eta larriago egingo zaigu testua.

            Merezi duen liburua.  Umetxoei azukre-koxkorraren txertoa ematen ez zitzaien garaiko kontuak, baina gaurkoak ere badirenak.

Rafa L.



The novel's chief protagonist, 23-year-old Bucky Cantor, an athletic young man declared unfit for military service due to his poor eyesight, agonises about the appalling fates that await the victims: he's a playground director, God-like in the eyes of his young charges, a source of unimpeachable rectitude and kindness. But he can do nothing to prevent the spread of the disease. And as someone supremely active and fit, he can think of no worse existence than that of being trapped inside an iron lung.

(beheko estekan ikus dezakezun The Guardian-eko iruzkinetik hartuta)


https://www.theguardian.com/books/2011/sep/27/nemesis-philip-roth-review






2016-09-07

XAKE MATE



XAKE MATE
Alberto Ladron
(Elkar, 2002)


Alberto Ladronen hainbat nobela proposatu izan ditugu dagoeneko, baina Xake Mate hau, egileak idatzitako lehenengoa, ezkutuan pasa zaigu orain artean eta ahaztura txiki hori konpontzera gatoz orain.

Bigarren mundu gerra osteko Alemanian kokatzen da istorioa. Mutila –ez da protagonistaren izenik aipatzen– elbarri geratu da: berna batean izandako zauria era egokian tratatu ez eta zangoa anputatu diote. Aulki gurpildunean dago. Ama alarguna kezatuta dago eta mutila kalera behartu du, bera lanera joan behar duen bitartean gaztetxoa etxe zokoan gera ez dadin egun osoan. Gainontzeko umeek ez dute beren jolasetan onartzen. Bakarrik Angela arduratuko da berarekin, hurbildu eta lagun minak bihurtuko dira neska-mutilak.

Herriko jubilatuak beste zer eginik ez eta Bavaria tabernako mahaietan elkartzen dira garagardoa edatera eta xakean jolastuz denbora-pasan.
Direla urte batzuk, aita zuenak erakutsi zizkion mutikoari xakearen hastapenak eta liburu bat utzi, bere kasa, aurrera egin zezan jokoaren sekretuak ikasten.
Bavariako bezeroengana hurbildu da mutila. Baita Hilde jabearengana ere, haren abaroan izango da mutiko elbarria. Hilde negozio ilunetan dabil. Marlene Dietrichen sekulako antza du.

Angelaren ama alargunak irtenbide bakarra du aurrera egiteko eta Torrelli jaunarekin ezkondu da. Italiarrak latz tratatzen du alabaordea eta mutilak ez du hori onartuko eta "soluzioa" topatu nahi izango dio arazoari.

Pertsonaiak eta giroa oso ondo marraztuta daude. Alberto Ladronek oso ondo lotzen ditu gertakariak, horiek oso sinestekoak ez badira ere. Kapituluak laburrak dira. Egilea ez da deskripzio handietan murgiltzen, akzioa da nagusi –arraroa xakearen inguruko liburu batean, ezta?
Irakurketa arina eta emozioz betetakoa egingo zaigu. Ladron ezagutzeko liburu aproposa izan daiteke Xake Mate hau. Irakur ezazu, gustukoa izango duzu!


Rafa L.







Marlene D.

2016-06-21

FOTOGRAMAK



FOTOGRAMAK
Goiatz Labandibar
(Elkar, 2016)


Hamaika ipuin proposatzen dizkigu Goiatzek bere bigarrengo ipuin-bilduma honetan. Berarentzat abiapuntu izan diren argazkiak erakusten dizkigu, ezer ezkutatu gabe. Irudikatu zuk zeure istorioa ipuin bakoitza irakurri baino lehen, ea idazlearekin bat zatozen.

Goiatzek oso bide bitxiak topatu ditu bere pertsonaientzat.


Maitasun istorioa topatu duzu hemen?


Negozioaren porrota?

            Idazlearen kontakizunetan emakumeak dira protagonista, emakume ausart, indartsu, irmo, arazoei aurre egiten dietena adorez. Guregandik urrun burutzen diren istorioak, baina gure inguruko andrazkoen eguneko kezka eta buruhausterekin zerikusi handia dutenak. Neska gazteak, nerabeak, gazteak, emakume helduak. Guztiak ataka larrietatik ateratzen ahaleginduko direnak, gehienetan tamalari gailenduko zaizkionak.

            Irakurketa ez da erraza. Ipuinak laburrak dira, ez jostagarriak. Apurka apurka dastatzen joateko liburua. Norberak bere ganbaratik ere zerbait jaisten eta nahasten. Gozatu ederra.

Rafa L.








http://www.eitb.tv/eu/bideoa/sautrela-2014-2016-sautrela-2015-2016/5313/114902/goiatz-labandibar-idazlea/

2016-06-13

GAUZAK EZ ZIREN SEKULA BERDINAK IZANGO


GAUZAK EZ ZIREN SEKULA BERDINAK IZANGO
Iñaki Irasizabal

(Elkar, 2016)


                Bengoa futbol taldearen entrenatzailea pederastia akusaziopean epaitzen ari dira. Oier Muñoa izan da erasoa jasan duten mutikoetako bat. Muñoa jaunak –bortxatutako mutilaren aitak–mendekua nahi du. Tofu, Malick eta Donut-en aita Bengoaren laguna da eta batzuen ustean Bengoak egindako gaiztakerien jakitun zen, eta ez zuen pedofiloa salatu.
                Muñoa jaunak Atxa anaiak lagun dituelarik mendekua hartuko du Donut zaurituz. Malick eta Tofuk beraien anaiak izandako istripuaren errudunak zigortu nahi izango dituzte, baita lortu ere. Indarkeria gero eta abaila handiagoa hartzen ari da. Gelditu behar da.

                Nolabaiteko egiantza duen kontakizuna, gure ingurukoa. Bere apalean, istorioak egoera gogorrean jartzen du Malick protagonista gaztea. Bere familia, bere aita, bere arreba ez direla artean uste izan dituen bezain on, atsegin eta gizakoiak ikasteak min emango dio mutilari. Haurtzaroa utzita heldu egitearen “abantailak”.


                Laburra eta mamitsua. Bukatu arte ezin utzirik ibiliko zara. Entretenigarria oso.

Rafa L.





Aurkezpena: https://www.youtube.com/watch?v=M1ua5I7Ptvw





2016-05-22

VREDAMAN













VREDAMAN
Unai Elorriaga
(Elkar, 2005)


          Idazlearen umezaroko oroitzapenak abilezia handiz konbinatu eta harilkatuz, familiako lau istorio osatu ditu egileak: Osaba Simonek herriko jauntxoen golf zelaian errugbi partida antolatu zuenekoa. Aitita Julianek, fama handiko zurgin finak, Europa mailako lehiaketa jokatu zuenekoa Galeseko arotz hoberenarekin. Piedaden –Rosa eta Martina izekoen laguna– urtetan argitu gabeko amodio istorioa. Eta Tomasek, Iñes lehengusinaren laguntzaz, jakintzaren jabe egingo zituen burruntzi urdina harrapatu zuenekoa. Lau kontakizunen elkartzeak galdu berri den haurtzaroari agur nostalgikoa egingo dio.

            Oso erraz irakurtzen den istorioa. Tarteka ume hizkerak blaitzen du dena. Esapide oso berezi eta bitxi asko topatuko dugu testuan zehar barreiatuta, altxor txikiak kontakizunaren bidean. Oso gustura irakurtzen den liburua, bukaera tristekoa baina. Umezaroaren joatea beti baita biziaren saminei atea irekitzea.

Rafa L.


 Unai Elorriaga


orthethum coeruleus

2016-04-27

KRISTALEZKO GILTZA





KRISTALEZKO GILTZA –1931–
Dashiell Hammet
(Igela, 2014)

            Henry senatariak hauteskaundeak berriro irabaz ditzan ahaleginduko da Peter Madvig epailea. Besteak beste, Janet Henry andereñoarekin ezkondu nahi duelako. Ned Beaumontek –Peterren laguntzaileak– hartu behar izango ditu askotan laguntza-emate horren alderik ilun eta korapilotsuenak.
            Taylor Henry, senatariaren semea, hilik agertu da China Streeteko bazter batean. Senatariaren arerio politikoek Peter Madvig errudun gisa azal dadin gaztearen hilketan, erabiliko dituzte bide guztiak. Eta, bide batez, Henryk hauteskundeak gal ditzan lortu nahi izango dute.
            Ned Beaumont, Madvigen alabarekin, Opalekin gustatuta dago. Jipoi latzak hartuko ditu Nedek; partitu ere, banatuko ditu kolpeak. Bizia arriskuan izango du behin baino gehiagotan, baina azkenean… (beno, hobe zuk irakurtzea nik kontatzea baino)

            Nobela beltzaren klasikoa da. Haren elementu asko dituelarik: hilketa, jipoiak, agintari ustelak, alkohola… Agintaritza daudenen inguru lohitsuetan barrena bidaiatxoa. Kapituluak azkar pasatzen dira, kontaketa lineala da atzera saltorik gabe. Jarraiterraza.

            Hori bai, luzetxoa egin dakizueke bere 350 orrialdeekin. Patxadaz hartu beharrekoa. Nire ustean, ez da Hammetten hoberena, baina merezi du.

Rafa L.




The Glass Key pellikularen trailerrak dituzu esteka hauetan:

https://www.youtube.com/watch?v=wWSpLwDdArg

https://www.youtube.com/watch?v=Aywg8MVnc1s