2016-09-07

XAKE MATE



XAKE MATE
Alberto Ladron
(Elkar, 2002)


Alberto Ladronen hainbat nobela proposatu izan ditugu dagoeneko, baina Xake Mate hau, egileak idatzitako lehenengoa, ezkutuan pasa zaigu orain artean eta ahaztura txiki hori konpontzera gatoz orain.

Bigarren mundu gerra osteko Alemanian kokatzen da istorioa. Mutila –ez da protagonistaren izenik aipatzen– elbarri geratu da: berna batean izandako zauria era egokian tratatu ez eta zangoa anputatu diote. Aulki gurpildunean dago. Ama alarguna kezatuta dago eta mutila kalera behartu du, bera lanera joan behar duen bitartean gaztetxoa etxe zokoan gera ez dadin egun osoan. Gainontzeko umeek ez dute beren jolasetan onartzen. Bakarrik Angela arduratuko da berarekin, hurbildu eta lagun minak bihurtuko dira neska-mutilak.

Herriko jubilatuak beste zer eginik ez eta Bavaria tabernako mahaietan elkartzen dira garagardoa edatera eta xakean jolastuz denbora-pasan.
Direla urte batzuk, aita zuenak erakutsi zizkion mutikoari xakearen hastapenak eta liburu bat utzi, bere kasa, aurrera egin zezan jokoaren sekretuak ikasten.
Bavariako bezeroengana hurbildu da mutila. Baita Hilde jabearengana ere, haren abaroan izango da mutiko elbarria. Hilde negozio ilunetan dabil. Marlene Dietrichen sekulako antza du.

Angelaren ama alargunak irtenbide bakarra du aurrera egiteko eta Torrelli jaunarekin ezkondu da. Italiarrak latz tratatzen du alabaordea eta mutilak ez du hori onartuko eta "soluzioa" topatu nahi izango dio arazoari.

Pertsonaiak eta giroa oso ondo marraztuta daude. Alberto Ladronek oso ondo lotzen ditu gertakariak, horiek oso sinestekoak ez badira ere. Kapituluak laburrak dira. Egilea ez da deskripzio handietan murgiltzen, akzioa da nagusi –arraroa xakearen inguruko liburu batean, ezta?
Irakurketa arina eta emozioz betetakoa egingo zaigu. Ladron ezagutzeko liburu aproposa izan daiteke Xake Mate hau. Irakur ezazu, gustukoa izango duzu!


Rafa L.







Marlene D.

No comments: