2013-11-24

IRTEERA MARRAN - BOST IZARRAK-1


 
 
BOST IZARRAK – 1 / IRTEERA MARRAN
Andreas Schlüter & Irene Margil
(ibaizabal, 2012)
                James Connoly institutuan ikasten dute Bost Izarrek. Prestatzen ari diren Olinpiada txikietan Grünheim ikastetetxekoak izango dituzte lehiakide gogorrenak. Lehiakide izatetik aurkari eta etsai izatera pasatzeko punturaino ia-ia. Konpetizioa hasi denean, sabotaiak hasiko dira jasaten Michaelek-eta. Bati edari isotonikoa pozoitu, besteari pista zikindu edo materiala hondatu. Badirudi Grünheimeko Tom dabilela gaiztakeria horien guztien atzetik eta horrelakorik ez diote onartuko inola ere.
                Lennart, Ilka, Linh Yabali eta Michael dira protagonista: neska-mutil zintzo eta onberak, pre-nerabe zintzoegiak, egia esan behar bada, sinesgarriak izateko. Istorioa txintxo eta gaiztoen kontakizuna da, ezer berezirik gabe eta sorpresa txiki batekin bukaeran.
                Nahikoa mokoraino geunden kirolarekin egunkari-irrati-telebistetan eta orain ere trumilka sartzen ari zaizkigu eskoletako irakurketan ere. Futbolariak, atleta lehiakorrak eta mota guztietako gaztetxo konpetitibo bihurtu nahi dituzte gure liburuetako heroi berriak. Ez gaude konforme, hori ez da bidea, ez zaigu oso gizalegezkoa iruditzen. Hala ere, gustura eta erraz irakurtzen den liburua dela aitortu behar. Serieko lehenengoa ekarri dugu gure blogera eta nahikoa. Hurrengoak zuen kontu.
 
Rafa L.
 

No comments: