
PIRTZINA ZILBORREAN
Antton Kazabon
(Elkar, 2004)
Telefonoz arituko da Aitor bere neska-lagunarekin, Joanarekin. Baita Iratirekin ere. Aitorrek biziki maite du Joana, baina Iratik eskaintzen dion erlazio mota berriak kitzikatu egiten du: hain da ederra Irati! Hain sexy dago bere zilborreko pirtzinaz!
Eta belarria telefonoan berotzen duen bitartean, ezin erabakirik ibiliko da Aitor koitadua: dena probatu nahi, denari eutsi nahi... eta ezin?
Telefono berbaldiak dira kontakizunaren oinarria, inolako narratzailerik gabe, elkarrizketen lekuko zuzenak gara irakurleok; honela, historia gertu-gertutik bizi ahal izango dugu. Oso erritmo bizikoa, atsegina, eta -nahiz eta jira eta bira ugari egin betiereko galderari: benetan maite nauzu?- aspertzen ez gaituena. Egungo gazteak ondo islatuta dauden-edo zuek erabaki behar, adinean pasatxo gaudenok ezin galderatxo honi buruzko taxuzko ezer esan.
Liburu erraza eta gustagarria. Tesi handirik gabekoa izan arren, irakurleak mugiarazi eta, garbiki, pertsonaien alde edo aurka jarriko gaituena. Aitor zerri hutsa edo maitasun-zalantzak jipoitutako gu bezalako tipo jatorra al da?
Animatu irakurtzen! Baietz tirada bakarrean irentsi!
Rafa L.