2013-03-04

ARKADIA IRATZARRIA





ARKADIA IRATZARRIA
Kai Meyer
(Batera, 2011)


Siziliako mafiaren barruan  elkarrekin liskarretan dabiltzan bi familietako partaide dira Rosa eta Alessandro. Amerikatik bueltako bidaian ezagutuko dute elkar gazte biek. Dena aurka izan arren, itxura behintzat, maitasuna-edo sortuko da bien artekoan. Mutilak kontatuta, Alcantararrek eta Carnevaretarrek mendetan gorde izan duten sekreturik ezkutuenaz jabetuko da Rosa: familetako helduek metamorfosi harrigarriak jasaten dituzte egoera larrietan.
            Baina istorio gehiegi nahasten dira kotakizunean: sendi mafiosoen arteko borrokak, amodio zahar eta berriak, boterea lortzeko norgehiagokak, familien barneko istorio ilunak, bahiketa bat, traizioak… eta emaitza hain da korapilotsua non askotan ez baitakigu norantz bideratu gure atentzioa.
            Pertsonaia nagusiak, bestalde, batera eta bestera dabiltza atsedenik hartu gabe, bere etengabeko kalejiran eskenategi aldaketan kontakizunari falta zaion erakargarritasuna topatu nahi izango balu bezala. Egileak pertsonaiak hartu, erabili eta deslai uzten ditu nahieran; orain agertuz, orain ezkutatuz; beraienganako begirune eskasa erakutsiz. 

Oro har, liburua astuna egiten da eta kosta egiten da amaieraino iristea. Itzulpena ez da goi mailakoa. Edizioak zainduagoa beharko luke.

Rafa L.


3 comments:

Anonymous said...

Liburu hau oso interesgarria eta ederra iruditu zait. Nahiz eta liburu luzea izan, ez da zaila irakurtzea eta ulertzeko ere erraza da. Rosa izeneko neska bat da protagonista, eta Amerikatik Siziliara etortzerakoan Alessandro izeneko mutil bat ezagutzen du eta aurrerago maitasuna sortzen da elkarren artean. Baina bi gazteak familia desberdinetakoak dira, hain zuzen ere “etsaiak” dira. Rosa, Alcantaratarren familiakoa da eta Alessandro, Carnevaretarren familiakoa. Alessandrok Rosari esaten dio familietako helduenek metamorfosia jasaten dutela, hau da, animalia edo beste izaki mitologikoren batean bihurtzen direla. Metamorfosi hau dela eta, Alcantaratarrak lamia bihurtzen dira eta Carnevaretarrak pantera. Istorioan zehar hainbat gertakizun eta hilketa gertatzen dira, baina amaiera bi gazteentzat nahiko ona da, elkarrekin egotea lortzen dutelako. Liburu hau gure adinekoei gomendatzen diet.

Unai A. 4A 2012-13 ikasturtea

Anonymous said...

Niri liburu hau izugarri gustatu zait, gehien bat misterioz eta akzioz betea dagoelako.

Rosak Siziliara iritsi eta bere familiaren mafia kontuetan nahastean eta bere familiako etsai diren Carnevaretako batez maitemintzean bizitzen dituen gorabeherak kontatzen ditu. Errealitatea eta fantasia ageri dira, gaur egungo mafia eta Arkadiako mitoa nahasiz.

Edonori gomendatuko nioke, entretenigarria denez azkar irakurtzen delako eta ulertzeko zailtasun handirik ez duelako.

Jone I. 4A 2013

Anonymous said...

Liburu hau asko gustatu zait. Istorio entretenigarri eta interesgarri bat kontatzen du, eta protagonista nortasun handikoa iruditu zait.
Gustatu ez zaizkidan gauzetako bat, deskripzioa da; Oso deskripzio luzeak eta aspergarriak ditu. Bestalde, oso gaizki itzulita dago. Akats ortografiko asko ditu eta idatzita dauden hainbat gauzek ez dute zentzurik. Hala ere, irakurtzea gomendatuko nuke,
baina bertsio originalean.

Oihana.B 2013-13 4.A